ELA sindikatuak gogor kritikatu du Bizkaiko Foru Aldundiak joan den astean aurkeztutako proposamen fiskala. Sindikatuaren arabera, enpresa-transmisioari lotutako zergak arintzea, enpresa-errenta jakin batzuei hobariak ematea eta atzerritik edo beste lurralde batzuetatik etorritako profesional kualifikatuei zerga-abantailak eskaintzea enpresa handien interesen aldeko neurriak dira. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren esanetan, “EAJren zerga-politika lehentasun patronalak gidatzen du”.
Sindikatuak azpimarratu du neurriak aurkeztu eta gutxira Elixabete Etxanobe diputatu nagusia Madrilen izan dela atzerriko inbertsioak erakartzeko ekitaldi batean. Lakuntzaren arabera, Aldundiak Bizkaiko fiskalitatea inbertsioa erakartzeko eta enpresen mozkinak handitzeko tresna gisa aurkeztu du, eta CEOEko presidente Antonio Garamendik proposamena eredutzat jo du. ELAren ustez, politika horiek “abantaila gehiago enpresa handientzat eta kapitalarentzat” dakartzate.
Aitor Murgia ELAren Azterketa Bulegoko arduradunak kritikatu ditu, halaber, enpresen transmisioari eta plusbaliei lotutako zerga-hobariak. Haren arabera, neurriok 2025eko zerga-erreformaren "ildo beretik datoz", enpresentzako fiskalitate bereziki onuragarria indartuz. Murgiak ohartarazi duenez, horrek erakundeen diru-bilketa murriztea ekar dezake, eta gogorarazi du enpresen ekarpena txikiagoa dela 2018an baino, nahiz eta mozkinak handitu diren.
Era berean, ELAk kritikatu egin du aseguru mediko pribatuen gaineko kenkari fiskalak ezartzeko asmoa. Sindikatuaren arabera, neurri horrek osasun sistema publikoaren kaltetan jardungo luke, Osakidetzak eta bestelako zerbitzu publikoek baliabide gehiago behar dituzten unean. Finean, ELAren iritziz proposamenak erakusten du zerga-politika enpresen eskariak asetzeko erabiltzen dela, eta bigarren mailan uzten dituela fiskalitate progresiboagoari eta zerbitzu publikoen finantzaketari buruzko eztabaidak.