• EKONOMIA
  • ELAk salatu du Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontua %2,4 haziko dela soilik

ELAk salatu du Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontua %2,4 haziko dela soilik

Sindikatuaren arabera, aurrekontua 387 milioi eurotan haziko da. Osasunaren gastuan “aldaketa estrukturalik” ez dela egongo uste du

Maria Ubarretxena eta Noel d'Anjou, atzo, aurrekontuen aurkezpenean | Argazkia: Irekia
Maria Ubarretxena eta Noel d'Anjou, atzo, aurrekontuen aurkezpenean | Argazkia: Irekia
2025eko urriaren 29a - 15:34

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez dela islatzen “iritzi publikoari helarazi nahi zaion hazkundea”. Sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, aurrekontua 387 milioi eurotan haziko da soilik, irailaren amaieran eguneratutako aurrekontuarekin alderatuta %2,4 gehiago; “oso urrun”, Jaurlaritzak atzo iragarritako kopuruetatik.

 

ELAk adierazi duenez, nahiz eta etxebizitzaren arloan ere aurrekontua handitzeari buruzko "propaganda instituzionala" egin, 2026an "2025ean baino 14 milioi gutxiago bideratuko dira: 482 milioi euro, 496 milioiren ordez.

Osasunaren arloan, aurrekontua 182 milioi eurotan handituko da. Dena den, sindikatuak dio iaz ere Jaurlaritzak antzeko igoera justifikatu zuela osasun mahaiak atzemandako gabeziak estaltzeko, eta 2026an osasunaren gastuan “aldaketa estrukturalik” ez dela egongo aurreratu du.

 

Hezkuntza arloko zortzi milioiko igoerak “izozte bat” dakarrela salatu du sindikatuak. “Datu horrek erakusten du ez dagoela benetako apusturik hezkuntza publikoaren sistema indartzeko eta bertako langileen lan baldintzak hobetzeko”, diote oharrean.

Eusko Jaurlaritzako langileen soldatak eta enpleguak “Madrilen esku uztea” leporatu dio Eusko Legebiltzarrari. Halaber, sindikatuaren arabera, Euskadi Eraldatuz 2030 barruan aurkeztutako 935 milioi euroak ez dira benetan aurrekontuaren parte, baizik eta inbertsio plan bati dagozkio, eta ez lukete aurrekontu proiektuarekin batera iragarri behar.