Elena Busquets: "Ekonomia eta enpresa jorratzea gizarte baten pasioei buruz ere hitz egitea da"

Kazetaritza ekonomikoa espezialitate guztietatik "konpletoena" dela defendatu du VIA Empresako zuzendariak

Elena Busquets , VIA Empresako zuzendaria 2022ko abendutik | Argazkia: Mireia Comas Elena Busquets , VIA Empresako zuzendaria 2022ko abendutik | Argazkia: Mireia Comas

Une goxoa bizi du VIA Empresak. Hamargarren urteurreneko ospakizunak "kontsolidazio eta hedapen" unean harrapatu du bete-betean, Elena Busquets Segura zuzendariaren hitzetan. EnpresaBIDEAren sorrerarekin euren ereduak Euskal Herrian izan duen harreraz harago, irakurleei dagokienez ere errekorrak hautsi dituzte: 270.000 erabiltzaile bakar hilabete honetan, eta egunean 10.000 pertsona baino gehiago interesatzen dira ekonomia katalanagatik. "Taldea pozik dago, ilusioz beteta, eta proiektuan asko sinesten du. Eta hori nabaritu egiten da". Taldeaz harrotasunez hitz egiten duen kirol talde bateko entrenatzailea dirudi, koloreak benetan sentitzen dituen horietakoa. Plazera da Busquets ekonomiaz eta kazetaritzaz hitz egiten entzutea, ilusioz eta modu argi baten egiten baitu, ikuspegi kritikoa inoiz galdu gabe. Agian horregatik egin du halako ibilbidea: 2021ean iritsi zen hedabidera, freelance gisa, eta 2022an soldatapeko kazetari izatetik zuzendari izatea igaro da. "Emandako pauso bakoitzeko bertigoa sentitu dut, baina oso laguntza ona izan dut alboan, bai VIA Empresan bertan —langileak zein etxea bera—, bai VIA Empresatik kanpo —Kataluniako ehun enpresarialak proiektua babesten duelako— . Eta asko disfrutatu dut".

VIA Empresak hamar urte bete ditu. Zein izan da kazetaritza ekonomikoaren garapena hedabidea jaio zenetik gaurdaino?

Nik uste dut kazetaritza ekonomikoa herritarrengana gerturatu dela azkeneko urteetan. Oro har sare sozialek ahalbidetu dute kazetarien eta herritarren artean zegoen distantzia txikitzea. Eta hori ekonomiaren esparruan ere gertatu da. Horren ondorioz, ekonomiaz irakurtzen duena ez da soilik ekonomista edo enpresaburua. Interesa gizarteko beste esparruetara zabaldu da. Kazetaritza ekonomikoa norberaren profesioaren intereseko bilakatu da; berrikuntza edo giza-baliabideetan aritzen direnena, esaterako.

Dena den, ez duzu atzematen hiritarrentzat erakargarritasun gutxien izaten jarraitzen duen kazetaritza dela?

Hori ekonomia azaltzeko moduaren araberakoa da. Makro ikuspegia besterik eskainiko ez dizun kazetaritza ekonomikoa, gaiak lurreratzen ez dituena, ez da herritarren interesekoa. Baina nik esango nuke denon interesekoa dela zure hirira berrikuntza huba ekarriko duen enpresa bat dagoela jakitea, edo 200 langileko zure herriko enpresa batek lortu duela zapi batzuk egitea, munduan zehar esportatzen ari direnak. Edo nola adimen artifizialak ahalbidetu dezakeen enpresetan xahutzen ari garen errekurtsoak aprobetxatzea. Ez du Ana Obregonek bere bizitza pribatuan egitea erabaki duen horrek izango duen arrakasta izango. Baina uste dut, ondo azaltzen bada, publiko orokor baten interesekoa dela.

"Ekonomiaz irakurtzen duena ez da soilik ekonomista edo enpresaburua. [...] Norberaren profesioaren intereseko bilakatu da; berrikuntza edo giza-baliabideetan aritzen direnena, esaterako"

Elkarrizketa baten esaten zenuen, hain zuzen, ekonomia “sexia” dela. Horri buruz ari al zinen?

Bai. Niretzat ekonomia mugitzen den argazki bat da, gizarte bat nola antolatzen den erakusten duena. Horren bitartez, dena ikus dezakezu: gizartean gertatzen diren bidegabekeriak edo gizartearen izaera bera, alderdi indartsu eta ahulenekin; berrikuntzatik hasita demografia edo geografiaraino. Esaterako, Lanzaroten haize asko dago, baina kalitate handiko ardoa dute. Mahastiak hazteko, harriez inguratzen dituzte. Estetikoki ere, ederra da, halako harresi txikiak ikusten baitituzu. Hori ere azalduko zenuke ekonomiari edo enpresari loturiko hedabide baten: nola gizarte batek bere burua berrasmatzen duen, ekoizteko. Ekonomia eta enpresa jorratzea gizarte baten pasioei buruz ere hitz egitea da, jendearen motibazioei buruz aritzea, ametsei eta porrotei buruz. Hori dena, nire ustez, sexia da. Eta gainera, gauza asko hartzen ditu bere gain. Ezin dugu pentsatu ekonomia eta enpresa makroa direla, Ibex35a. Askoz gehiago da. ETEen herrialde baten bizi gara Katalunian. Zure inguruko jendearen enpresak dira.

Kazetaritza ekonomikoak oraindik ere bidea al du egiteko halako gaiak jorratzen? Esaterako, jendearen egunerokotasunean eragiten duten horiek. Edo feminismoa eta aldaketa klimatikoa diskurtso eta negozio-ereduetan egiturazko bihurtzeko.

Bai. Eta ez da soilik bidea duela egiteko; bere betebeharra ere bada. VIA Empresako manifestuan honakoa dago jasota: “ETE, start-up, patronal eta autonomoen ahotsa izateaz gain, lehenetsi egiten ditugu enpresa jasangarri, kontziente eta berdintasunezkoak”. Edozein kazetaritzaren betebeharra da, baina kazetaritza ekonomikoak asko du egiteko. Baina ez dago soilik kazetariaren eta hark albistea kontatzean hautatzen duen ikuspegiaren esku; erredakzio guztiarekin landu behar duzun estrategia korala izan behar da.

"VIA Empresako manifestuan honakoa dago jasota: “[...] lehenetsi egiten ditugu enpresa jasangarri, kontziente eta berdintasunezkoak”. Edozein kazetaritzaren betebeharra da, baina kazetaritza ekonomikoak asko du egiteko"

VIA Empresan hori islatzen duen adibiderik?

Esaterako, egunero begiratzen dugu ea argitaratu dugun azala, argazkiei dagokienez, gizonezkoena den, edo berdintasuna bermatzen den. Urte asko egin ditugu non ekonomia zen adineko gizonezko bat trajearekin. Eta agian azala prestatu eta ikusten duzu dena gizonezkoak direla. Hori aldatu behar da. Beraz, gakoa da lanketa egitea estrategia orokorretik hasita, kazetari bakoitzaren kontzientziaraino.

Eduki estrategiak ere aldatu dira. Energia —jasangarria— ere gure azaletara iritsi da. Edo enpresen iniziatiba solidarioak.

Aipatutako gai eta ikuspegi horiek VIA Empresak hasieratik izan ditu, edo bidea egin behar izan duzue?

Esango nuke horrekin jaiotzen dela VIA Empresa. Manifestua 2015ean argitaratu zen, baina hasieratik du konpromiso hori. Sortu zenean, VIA Empresak zuen helburuetako bat zen ekonomia katalana azaltzea ikuspegi eraikitzaile batetik. Horrek aditzera ematen du zuk azaltzen duzunean ekosistema baten oparoaldia, handitasuna eta ekoizteko gaitasuna, herria egiten ari zarela. Eta ekosistema horren norantzan eragiten.

Aldi berean, gizartearen aldaketetara egokitzen zoaz. Egun begien bistakoak iruditzen zaizkigun zenbait kontzeptu duela hamar urte ez ziren nabariak. Eta gu ere, seguru, horretara egokitu gara.

"Sortu zenean, VIA Empresak zuen helburuetako bat zen ekonomia katalana azaltzea ikuspegi eraikitzaile batetik. Horrek aditzera ematen du zuk azaltzen duzunean ekosistema baten oparoaldia, handitasuna eta ekoizteko gaitasuna, herria egiten ari zarela"

Zein puntura arte izan da zuentzat gako tokiko ikuspegitik ekonomiaz hitz egitea?

Kosta egiten zait ulertzea horrela ez den beste modu baten egin daitekeenik. Bertan gertatzen dena hemendik kontatu behar da. Horregatik ere existitzen dira korrespontsalak. Gure ekosistema eta ehun-enpresariala oso desberdinak dira Madrilen izan daitekeen horretatik.

Gaia aldatuta, kazetaritza fakultateetan normalean ez dira ekonomian espezializatu nahi duten profil ugari topatzen. Kazetaritza ikastea erabakitzen dugunean, ekonomia kazetaritza irtenbidea izan daitekeela pentsatzen dugu?

Egia da ikasten ari zarenean kazetaritza ekonomikoa ez dela irtenbide erakargarrienetako bat. Nik, adibidez, ikasgai gutxi izan nituen kazetaritza ekonomikoaz hitz egiten zutenak, eta bertan aurkezturikoa, gainera, oso makroa zen (BPGa, inflazioa...).

Edozein kasutan, niri irtenbide konpletoenetarikoa iruditzen zait, espezialitatea beste askorekin uztartu dezakezulako. Esaterako, zuri kultura interesatzen bazaizu, kazetaritza ekonomikoaren bitartez kulturaz aritu zaitezke. Eta gauza bera feminismoarekin, energiarekin edo mugikortasunarekin.

"Egia da ikasten ari zarenean kazetaritza ekonomikoa ez dela irtenbide erakargarrienetako bat. [...] Edozein kasutan, niri irtenbide konpletoenetarikoa iruditzen zait"

Errazagoa al da ekonomista bati kazetari izaten irakastea, kazetari bati ekonomiaz erakustea baino?

Pertsona kontua da. Badira oso ondo idazten duten ekonomistak, eta ekonomia ondo ulertzen duten kazetariak ere. Kazetaritza proiektuaren ikuspegitik, gakoa da profilak uztartzea. Ekonomistak analisiak egingo ditu, baina ezingo du modu berean ekitaldi baten berri eman; aldiz, kazetari bat historia batetik tiraka aritu daiteke, eta haren atzetik zer dagoen kontatu.

Azkenaldian, ekonomia gaurkotasunaren lehen lerroan dago —inflazioa, interes-tasak, euriborra, prekaritatea...—. Nola uztartu berehalakotasuna atzetik izan behar diren analisi sakonekin?

Su eztian eginiko artikuluak ezinbestean uztartu behar dira berehalakotasuna eskatzen dutenekin. Arriskua da azken hauek besteak jatea. Hor ezin dugu iparra galdu, argazkia ulertzen laguntzen digulako. Inoiz ez da izango gertatzen ari den horri azalpen perfektu edo borobila. Baina zifrei edo araudiari loturiko inputak jasotzen baditugu etengabe, su txikikoari denbora eskaini behar diogu, gertatzen ari den horrek nora garamatzan ikusteko.

Azkeneko hilabeteetan beste aldagai bat sartu da jokoan: adimen artifiziala. Nola egokitu garai berrietara, non zailagoa izango den egiazkoa dena asmakizun den horretatik bereiztea?

Horrek derrigortzen gaitu, batetik, teknologia aprobetxatzera, sekulako ekarpena egin dakigukeelako. Eta bestetik, kazetaritzaren esentziara itzultzera: oinarrizko galderetara, eta kontrastatzera bizpahiru iturri eskatuta. Zenbatetan egiten dugu aurrera iturri bakar batekin?

Josep Maria Ganyet etnologo digital eta VIA Empresako iritzigileak esaten zuen, ChatGPTk ikasten duenean gure ordez artikulu bat idazten, galderek garrantzia berreskuratuko dutela.

"Denbora optimizatzea ahalbidetzen digu [teknologiak], esaterako, elkarrizketak transkribatuko dituzten programen bitartez. Baina zuk ezin duzu elkarrizketa bat bere horretan transkribatu. Hor dago kazetariaren lana"

Tresna erabilgarria ere izan daiteke zalantza gabe.

Denbora optimizatzea ahalbidetzen digu, esaterako, elkarrizketak transkribatuko dituzten programen bitartez. Baina zuk ezin duzu elkarrizketa bat bere horretan transkribatu. Hor dago kazetariaren lana: erritmoa ematea, garrantzitsuena aukeratzea, galderari edo erantzunari buelta ematea, betiere elkarrizketatuak esan duen hori errespetatuta. Hori ez dizu ChatGPTk edo transkribatzeko dena delako tresnak egingo. Garrantzia handiagoa hartzen du.

Hala ere, prekaritatea areagotu daiteke kazetaritzan?

Oro har, mekanizatutako geroz eta eginbehar gehiago daudenez, are eta balio handiagoa du pertsonak egiten ari direnak. Hori dela eta, dagokion soldata ordaindu beharko litzateke.

Zein beste gako izango ditu etorkizuneko kazetaritza ekonomikoak?

Esan bezala, kazetaritzaren esentziak inoiz baino zentzu handiagoa du. Profesional asko ditugunean modu berean espresatzen direnak, edo makina bat hori egiten duena, zentzua berreskuratzen du zuk zeure ahotsa izatea, zure berezko ikuspegi eta analisia. Kazetaritza ekonomikoan barne. Uste dut, bestalde, eduki espezializatuagoetara joko dugula, eta, beraz, ordainpekoak. Era berean, areagotu egin daiteke big datak eskaini dakigukeen baliozko informazioa, tendentziena-eta, eta horrek ahalbidetzen digu argazki konplexuagoa egiten. Eta nik espero dut etorkizuneko kazetaritza ekonomikoak bide berriak aurkitzea jende gaztearengana iristeko. Hala izango dela pentsatzen dut.


 

VIA Empresa eta EnpresaBIDEA talde beraren parte dira, baina bederatzi urteko desberdintasunarekin sorturikoak. Zein ekarpen egiten dio VIA Empresak EnpresaBIDEAri?

Eredu bat, eta laguntza.

Eta zein ekarpen egiten dio EnpresaBIDEAk VIA Empresari?

Ispilu bat, non zeure isla ikusten duzun, baita zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, nahiz eta nabari duzun isla hori ez dela guztiz berdina—ingurua, ezaugarriak, probatzen ari diren gauzak....—. Ahalbidetzen dizu ikustea beste lurralde baten funtzionatzen ari den eredua dela. Eta bidelagun bat ere bada, zeinarekin estrategia partekatzen duzun eta ondo pasatzen duzun, baita asko ikasi ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK