• EKONOMIA
  • Emakumezkoen okupazio-tasa bikoiztu egin da lau hamarkadatan

Emakumezkoen okupazio-tasa bikoiztu egin da lau hamarkadatan

Janaria prestatzen duten gizonezkoen tasa handitu da bereziki: 1993an %33k parte hartzen zuen zereginean, eta, egun, %76,6ak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko martxoaren 7a
Eg. 2025eko martxoaren 7a

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna denez, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak zenbait datu argitaratu ditu, baita emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko datuez osatutako panela ere.

 

Zifren arabera, emakumeen jarduera-tasa 20 puntu baino gehiago igo da azken berrogei urteetan; okupazio-tasa ere %48,1ekoa da, lehen %22,1ekoa zenean. Horren arabera, bi generoen arteko aldea murriztu da.

Janaria prestatzeari dagokionez, emakumezkoek egoera berean jarraitzen dute, %85,3k parte hartzen baitu jarduera horretan; gizonezkoen tasa, aldiz, nabarmen handitu da:1993. urtean gizonezkoen %33k parte hartzen zuen zeregin horretan, eta 2023an zifra %76,6ra igo zen.

 

Horrez gain, emakumezkoek 1,04 ordu pasatzen dituzte egunean, batez beste, kozinatzen; gizonezkoek, ordea, eguneko 0,44 ordu. Garbitzen ere denbora bikoitza igarotzen dute emakumeek, eguneko 0,41 ordu (gizonezkoek 0,20).

Paneleko datuek 2022ko zenbait datu ere azaltzen dituzte, non ikusi daitekeen emakumeen batez besteko pertsona-errenta 20.1080 eurokoa zela, gizonezkoen 30.356 euroren aldean. Desberdintasun azpimarragarriena 75-79 urte bitarteko emakumeen eta gizonezkoen batez besteko errenta pertsonalean dago, lehenengoen kasuan 15.800 eurokoa zelako, eta bigarrenen kasuan, bikoitza, 31.816 eurokoa.