Ekintzailetzaren arrakasta eta porrota gertutik ezagutu ditu Eneko Knörrek. Hostalia sortu eta saldu zuen, Silicon Valleyn jardun zuen eta hainbat enpresa teknologikotan inbertitu du. Orain, Staboluten bidez, nazioarteko ordainketak eraldatu nahi ditu. Bere ibilbideaz eta Euskal Herrian ekiteko dauden oztopoez mintzatu da EnpresaBIDEArekin.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Enpresa-tradizio handiko familia batetik zatoz. Txikitatik izan zenuen ekintzaile izateko grina?
Bai, txikitatik izan dut grina hori. Familiak eragin handia izan du, etxean enpresa bat sortu baitzuten. Ekintzailetza gertutik ezagutzeak lagundu egiten du norberak ere bide hori naturaltasunez ikusten. Betidanik izan dut neure enpresa sortzeko gogoa.
Hostalia Telefonica-ri saldu zenion. Arrakastaren adierazletzat hartu ohi da enpresa bat saltzea. Nola bizi izan zenuen?
Oso ondo. Urte luzez lanean aritu ondoren, enpresa saltzea arrakasta da. Baina iritsi zen une bat non ez nuen bizitza osoa gauza bera egiten pasa nahi. Beste ideia eta proiektu asko nituen buruan. Saltzeko une egokia zela iruditu zitzaidan, eta ekintzaile izaten jarraitzea erabaki nuen.
"Enpresa bat aurrera ateratzeko lan handia eta proiektuarekiko uste osoa behar dira, baina zoriak ere badu eragina. Ez dago dena gure esku"
Silicon Valleyko Ludei proiektuak ez zuen aurrera egin. Porrotetik asko ikasten dela esan ohi da. Zer izan zen gogorrena?
Porrotetik ikasten da, baina arrakastatik ere bai. Batzuetan, porrota gehiegi idealizatzen dela iruditzen zait; hala hitz egiten duenak agian ez du benetako porrotik bizi izan. Enpresa ixtea oso gogorra da, langileak kaleratu behar izaten dituzulako, besteak beste. Gainera, gure gizartean porrota gaizki ikusten da. Enpresa batek huts egiten badu, jendeak berehala pentsatzen du zerbait gaizki egin duzula, eta ez du zertan horrela izan. Horren guztiaren zama handia da.
Aldatu al zuen esperientzia hark erabakiak hartzeko zenuen modua?
Ez bereziki. Erabaki batek arrakasta ekar dezake egoera batean, eta porrota beste batean. Horregatik, ezin zaio emaitza txar baten erantzukizun osoa erabaki bakar bati egotzi. Enpresa bat aurrera ateratzeko lan handia eta proiektuarekiko uste osoa behar dira, baina zoriak ere badu eragina. Ez dago dena gure esku.
Hainbat start-upetan inbertitu duzu. Zeri erreparatzen diozu ekintzaile baten aldeko apustua egitean?
Ideiari baino gehiago, pertsonari. Batzuetan, ekintzaile bat ezagutu eta sumatzen duzu gogoa eta determinazioa dituela, aurrera egiteko gai izango dela. Hasierako ideiak huts eginez gero, beste bat bilatu edo negozioa egokitu dezake. Intuizioa da neurri batean, baina esperientzian oinarritutako intuizioa. Jakina, askotan okertzen naiz ni ere.
"Gazte batek enpresa sortu nahi duela esaten duenean, ingurukoek sarritan galdetzen diote zergatik utziko duen lana edo zergatik hartuko duen halako arriskua"
Staboluten moneta digital egonkorrekin ari zarete lanean. Zer ekarpen egin nahi diezue nazioarteko ordainketei?
Demagun Bilbotik Japoniako hornitzaile bati hamar milioi euro bidali behar dizkiozula. Ohiko transferentzia batean, diruak hainbat bankutatik igaro behar du, bizpahiru egun behar izan ditzake iristeko eta komisio handiak izan ditzake. Gure teknologiari esker, segundo gutxitan irits daiteke, bi zentimoko kostuarekin. Niretzat benetako iraultza da nazioarteko transferentzien arloan.
Zein dira teknologia hori zabaltzeko oztopo nagusiak?
Berria dela, eta jende askok oraindik ez duela ulertzen. Internetekin eta telefono mugikorrekin ere antzekoa gertatu zen hasieran. Erabiltzaileek eta enpresek zer aukera eskaintzen dituen ikusi ahala, teknologia erabiltzen hasiko direla uste dut.
Euskal Herria eta Silicon Valley ezagututa, hemen geratzeko gomendatuko zenioke proiektu handinahia duen gazte bati?
Hemen zailtasun handiak daude, bereziki mentalitateari dagokionez. Gazte batek enpresa sortu nahi duela esaten duenean, ingurukoek sarritan galdetzen diote zergatik utziko duen lana edo zergatik hartuko duen halako arriskua. Estatu Batuetan, aldiz, ohikoagoa da ekimena txalotzea eta babestea. Horrek lagundu egiten du. Dena den, Silicon Valleyn edo Txinan ekitea ere ez da erraza: leku guztiek dituzte alde onak eta txarrak.
"Enpresariek irudi txarra dute: sarritan, langileez baliatzen diren pertsona gisa ikusten dira. Ez da behar bezala aitortzen herriaren garapenean duten zeregina"
Baliabideez gain, ekintzailetzarekiko ikuspegia ere aldatu behar dugu?
Bai. Nire ustez, Euskal Herrian ez dago ekintzailetzaren aldeko benetako kulturarik. Enpresariek irudi txarra dute: sarritan, langileez baliatzen diren pertsona gisa ikusten dira. Ez da behar bezala aitortzen herriaren garapenean duten zeregina. Lanpostuak ez dira berez sortzen; norbaitek sortzen ditu. Hori ulertu ezean, zaila izango da ekintzailetza bultzatzea.
Atzera begiratuta, bada berriro hartuko ez zenukeen erabakirik?
Asko gustatzen zaidan ideia bat dago: erabakiak une hartan eskura zenuen informazioarekin hartzen dituzu. Erraza da iragana gerora jakindakoarekin epaitzea, baina inbertitzean ezin duzu etorkizuna ziurtatu. Egoera aldatu egin daiteke. Nik datuak aztertzen ditut, baina intuizioak eta bulkadak ere badute lekua. Estatistikei soilik erreparatuz gero, ia inork ez luke enpresarik sortuko.
Zer behar du Euskal Herriak ekintzaile gehiago izateko?
Ekintzaileak behar ditugu herria aurrera ateratzeko. Administrazio publikoek laguntzen dute, baina bultzada handiagoa behar da. Gizarteak ere enpresak sortzearen balioa aitortu behar du; bestela, atzean geratzeko arriskua dugu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta