Iazko edizioan laneko 377 elkarrizketa egin ziren, eta hainbat lagunek parte hartu zuten ekitaldian eskainitako tailerretan. Aurten ere arrakasta bera edo gehiago izatea espero du Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak, gaur antolatu baitu enplegu azokaren edizio berria, langabezian dauden 45 eta 60 urte arteko pertsonengana bideratutakoa. 09:00etan ireki dira ateak, eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo du, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Helburua argi adierazi dute antolatzaileek: “Senior talentua profil profesional berriak bilatzen dituzten Arabako enpresekin konektatzea”. Hala, hamasei enpresa izango dira topaketan: Talgo, Vidrala, PepsiCo, Leroy Merlin, Poessa, Flexipan, Eulen, Día, Del Valle Aguayo, Aldi, Aldakin, Alysat, Quality Grupo Montaner, SSI, OVB Allfinanz eta Walt. Konpainia horiek guztiak orotariko langileak bilatzen ari dira: managerrak, ikuskatzaileak, elektrikariak, administrariak, gizarte-hezitzaileak…
Bertaratutakoek tailer dinamikoetan parte hartzeko aukera ere izango dute, eta curriculumerako argazkia ateratzeko gunea ere izango da Lidia Abad argazkilariaren eskutik.