• EKONOMIA
  • Enplegu publikoko 281 lanposturen deialdia iragarri du Gipuzkoako Aldundiak

Enplegu publikoko 281 lanposturen deialdia iragarri du Gipuzkoako Aldundiak

153 administrari plaza eskainiko dira

Irune Berasaluze foru bozeramailea | Argazkia: GFA
Irune Berasaluze foru bozeramailea | Argazkia: GFA
2026ko uztailaren 7a - 14:33
Eg. 2026ko uztailaren 7a - 14:39

Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) iragarri du enplegu publikoko 281 lanpostu betetzeko 18 hautaketa-prozesu berri jarriko direla martxan. Oro har, lehen azterketak ez dira 2027ko urtarrilaren 11 baino lehen hasiko, salbuespen bakar bat (kanpainei laguntzeko erdi mailako teknikariena) izan ezik. 

 

Aldundiak deialdi bat azpimarratu du: 153 administrari plaza eskainiko dira, horietatik 150 GFArako ta beste hiru Gipuzkoako Batzar Nagusietarako. Horrez gain, beste zenbait lanposturako deialdia ere egin da: 47 plaza administrazio orokorreko teknikarientzako, 19 plaza kaboentzako, 9 plaza zaintzaileentzako, 8 plaza sarjentuentzako, 7 plaza kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikarientzako, beste zazpi plaza arkitekto teknikoentzako, seina plaza ekonomiako goi-mailako teknikarientzako eta erizainentzako, launa plaza arkitekto eta nekazaritzako erdi-mailako teknikarientzako, hiruna plaza kalitate demokratikoko goi-mailako teknikarientzako, instalazioetako erdi-mailako teknikarientzako eta liburutegiko goi-mailako teknikarientzako, bi plaza informatikako erdi-mailako teknikarientzako, eta azkenik, plaza bana albaitari, artixboko goi-mailako teknikari eta berdintasunerako goi-mailako teknikarientzako.

Deialdi berri horiekin, Aldundiak 39 hautaketa prozesu izango ditu martxan. Irune Berasaluze foru bozeramaileak iragarri ditu lanpostu berriak, eta adierazi du helburua dela foru langileen belaunaldi erreleboari erantzuna ematea. "Datozen urteetan beharrezkoa izango da profesional berriak modu egonkorrean sartzea, ezagutzaren jarraitutasuna bermatzeko, belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko", azaldu du. Gainera, bozeramaileak jakinarazi du datorren hamarkadan langileen ia erdiak (1.000 pertsona inguruk) hartuko duela erretiroa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain