• EKONOMIA
  • 1.185 pertsonek enplegua lortu dute Gipuzkoan, Elkar EKIN programari esker

1.185 pertsonek enplegua lortu dute Gipuzkoan, Elkar EKIN programari esker

2016an martxan jarri zenez geroztik 6.511 lanpostu sortu dira

Programak 6 milioi euroko aurrekontua du guztira | Argazkia: GFA
Programak 6 milioi euroko aurrekontua du guztira | Argazkia: GFA
2025eko ekainaren 6a

Gipuzkoako Elkar EKIN Lanean gizarteratzeko eta laneratzeko programaren 2022-2024 aldiko emaitzak eman dituzte aditzera gaur, Orona Ideoko auditoriumean. Erakunde publikoetako, gizarte entitateetako, gizarteratze sareetako eta garapen ekonomikoko lurraldeko 100 eragile baino gehiago bildu dira programari buruzko nondik norakoak entzuteko.

 

Azaldu dutenez, Elkar EKINi esker enplegua lortu dute Gipuzkoan 1.185 pertsonek; orotara, 68 ibilbide profesional jarri dira abian 19 jarduera sektoretan; datu horiek programa “funtsezko tresna” dela adierazi dute, “enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzeko, baita lurralde kohesionatuagorantz aurrera egiteko ere”.

Etorkizuna Eraikiz-en esparruan sortu zen Elkar EKIN Lanean estrategia, helburu izanik, hain zuzen, enplegu inklusiboa bultzatzea pertsona guztien ongizatea sustatzeko. 6 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta 2016an martxan jarri zenetik 6.511 lanpostu sortu ditu; hau da, batez beste urtean 723 enplegu sortzen ditu.

 

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du gizarte kohesioa beharrezkoa dela garapen ekonomikorako, eta gaineratu du programak “aukera erreal eta inklusiboak” sortzen dituela, zeinak baliagarriak diren Gipuzkoaren lehiakortasuna eta justizia sozialarekiko konpromisoa indartzeko. Unai Anduezak ere programa goraipatu du, “Elkar EKIN Lanean programari eta halakoei esker, Gipuzkoak aurrera egiten jarrai dezake”, esan baitu.

Programaren emaitzak zeintzuk izan diren zehazteaz gain, mahai ingurua ere egin dute jardunaldian, elkarlaneko gobernantza hizpide izanik. Bertan zenbait ordezkarik hartu dute parte: Debagoienako Mankomunitatekoak, Debegesakoak, Tolosaldea Garatzenekoak, Bidasoa Bizirikekoak eta Oarsoaldeako agentziakoak. Haien proiektuak aurkezteko unea ere izan dute, besteak beste, Batzen (koordinazio inklusiboa), Sutargi (eremu biosanitarioko enplegagarritasuna) eta Katea Legaiaren Emaklanean (emakumeen laneratzea).