• EKONOMIA
  • Enplegua sustatzeko 7 milioi euro inbertituko ditu Jaurlaritzak

Enplegua sustatzeko 7 milioi euro inbertituko ditu Jaurlaritzak

Tokiko garapenerako plan berriari esker udalerriek enplegu politikak diseinatzeko eskumena izango dute

2025ean 1,56 milioi euro inbertituko dira | Argazkia: Irekia
2025ean 1,56 milioi euro inbertituko dira | Argazkia: Irekia
2025eko irailaren 24a - 13:56

7 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak 2026ra bitartean, “EAEn enplegu eta tokiko garapeneko lehen planak abian jartzeko”. Hala jakinarazi du gaur Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldian. Planaren arabera, inbertsioa 1,56 milioi eurokoa izango da aurten, eta 5,47 milioi eurokoa 2026an. Torresen hitzetan azken helburua “kuantitatiboki eta kualitatiboki enplegu gehiago sortzea” izango da, hots, pertsonen eskubideak bermatuko dituen eta garaiko erronkei erantzungo dien enplegua sortzea.

 

Plan berriarekin Enpleguari buruzko 15/2023 Legea beteko dela ere jakinarazi du Torresek, zeinak zehazten duen udalerriek berezko eskumenak dituztela enplegu politika aktiboak diseinatzeko eta gauzatzeko. Hain zuzen ere, lehen fasean (2025. urtean) hainbat toki erakundek hartuko dute parte prozesuan: foru aldundiak, EAEko hiriburuak, hainbat udalerriak, udalez gaindiko elkarteak, Arabako Lautadako kuadrillak, Durangaldeko eta Oarsoaldeako mankomunitateak… Hala, lurralde bakoitzeko egoera sozioekonomikoaren arabera enpleguaren jarraipen eta ebaluazioa egitea izango da helburua, horretarako aurrez aipatutako 1,56 milioi euroko inbertsioa erabilita.

Bigarren fasean, 2026. urtetik aurrera, enplegu eta tokiko garapeneko planak “erakunde guztietara hedatzea” aurreikusten dute, baita 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten eta legez planik behar ez duten horietara ere, “udalerri eta eskualde bakoitzaren erronkei egokitutako kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin”.