Enpleguaren Eskualde Behatokien Europako Sarera batu da Bizkaiko Foru Aldundia, enplegu politiken eta lan merkatuaren gaineko lankidetza eta elkarrekiko ikaskuntza indartzeko. Luganon (Suitza) egin den Europako sare honen XIX. topaketara bertaratu da Teresa Laespada enplegua, gizarte kohesioa eta berdintasuna sustatzeko saileko foru diputatua.
Bertan, foru enplegu programa batzuk eta horien filosofia azaldu ditu Laespadak, zaurgarritasun egoeran dauden gazteei zuzendutako GazteOn programa nabarmendu duelarik.
Italiako Università della Svizzera Italiana eta Suitzako State Secretariat for Economic Affairs izan dira Luganoko topaketaren antolatzaileak, Alemaniako Institute for Economics, Labour and Culture Goethe unibertsitate institutuarekin eta ELGAren Local Employment and Economic Development Programme programarekin koordinatuta.
"Lan eta ekonomia mailako dinamikak asko aldatzen dira eskualde batetik bestera", azaldu du Laespadak. Hala, bere aburuz, enplegu politikak “eraginkorragoak eta egokiagoak” dira lurralde ikuspegia txertatuta. Halaber, gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundia bigarren Enplegu Plana prestatzen ari dela, "ziurgabetasuna eta etengabeko aldaketa nagusitzen diren testuinguru batean, askotariko errealitateetarako askotariko programak sortuz, malgutasunez eta aurrerapenez". Besteak beste, 45 urtetik gorako pertsona eta iraupen luzeko langabetuak laneratzeko egitasmoak lantzen ari direla jakinarazi du aldundiak.