
Eraikuntzaren industriak EAEko BPGren %13 sortzen du, 122.000 enplegu eta 27.100 enpresa. Hala baieztatu zuten atzo Build Inn Euskadiko Eraikuntzaren Klusterreko Marta Epelde zuzendari nagusiak eta Alberto Marín presidenteak. Izan ere, Batzar Nagusia izan zuten atzo Bilbon, eta 2024ko balantzeaz gain, 2025eko erronkak eta aurreikuspenak azaldu zituzten. Mahai ingurua ere antolatu zuten, “Klusterraren eta Eraikuntzako Klusterren Sarearen oraina eta etorkizuna” izenekoa.
2023-2026 aldirako Plan Estrategikoa martxan du eraikuntzaren klusterrak. Marka-aldaketa egin zuen lehenik, eta helburu gisa finkatu zuen industriaren “eraldaketa bizkortzea”, baita “produktibitatea eta lehiakortasuna sendotzea” ere. 2024an 67 proiektu dinamizatu zituen klusterrak, zeinetan 203 enpresek hartu zuten parte. Gauzak horrela, 33 milioi euro baino gehiagoko balioa izan zuten proiektuek.
Epelderen hitzetan, iaz martxan jarritako proiektuek helburu zuten “merkatuarentzako eta gure enpresen errealitaterako irtenbideak aktibatzea”, eta, horretarako, hainbat tresna dituztela gaineratu du: Euskadiko Eraikuntzaren Behatokia, datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko; Build Inn Lan Enplegu Plataforma, talentua sektorearen “benetako beharrekin” lotzeko; eta Susta:Innability, jasangarritasuna sustatzeko ibilbide orri partekatua
Marínek, bestalde, eraikuntzaren industrializazioaren beharra azpimarratu zuen, bestela “galdu” egingo direlako “marjinak, epeak, pertsonak eta produktibitatea”.
Aldi berean, %10 hazi zen bazkide kopurua 2023. urtearen aldean. Hala, 2010. urtean sortu zen taldeak 160 enpresa biltzen ditu gaur egun, eta, ondorioz, Europako eraikuntzaren klusterrik handiena da.
2025eko ekitaldiari dagokionez, bizitegi krisiaren erronka mahaigaineratu du zuzendari nagusiak. Prozesuak, gaitasunak eta lan-ereduak birpentsatzea beharrezkoa dela deritzo, etxebizitzaren krisia dela-eta. Horregatik, Marinen antzera, eraikuntza industrializatuaren aldeko apustua egin du Epeldek, eta jakinarazi du datozen urteetarako “apustu estrategia handienetako bat” izango dela.