
Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren %13 dagokio eraikuntzari, eta sektoreak 122.000 pertsonari ematen die lana. Datuek argi diote nabaria dela sektorearen hazkundea. Testuinguru horretan hartu du Marta Epeldek Build Inn Eraikuntza klusterreko zuzendaritza. Ez da entitate ezezaguna berarentzat, azken bost urteetan kolaboratzaile lanetan aritu baita. Sektoreak behar duen norabidean klusterrak bultzatu beharrekoa ere argi du.
Otsailean Build Inn Eraikuntza Klusterreko zuzendari nagusi izendatu zintuzten. Nolakoak izan dira lehen hilabeteak?
Hilabete interesgarri eta intentsoak izan dira aldi berean. Ni lehendik ari nintzen Build Innen taldean, beraz, jarraipen modukoa izan da. Lankidea, bazkideak, inguruko erakundeak ezagutzeak asko lagundu dit. Eta oso pozik nago. Oso lan polita da kluster baten izatea, gure lana delako pentsatzea nola egin ditzakegun gauzak hobeto eta nola txertatu dezakegun berrikuntza gure sektorean. Erronka interesgarria ere bada, sektoreak bizi duen momentua ikusita: etxebizitza falta dago eta eskulana falta da. Eta alde horretatik lan asko egin behar da.
"Nire lan ibilbidearen hasieratik izan naiz pentsatzen nola egin daitezkeen hobeto gauzak. Hobekuntzan pentsatzeko filosofia hori, berrikuntzarekin nahastuta, izango da klusterraren estrategia noruntz eraman erakutsiko didana"
Aholkularitzan aritu zara efizientzia energetikoan, eraikuntzaren berrikuntzan, jasangarritasunean eta eraikinen osasunean. Zure orain arteko ibilbideak nola eragin dezake klusterrak hartu dezakeen norabidean?
Efizientzia energetikoan eta jasangarritasunean aritu naiz lanean, eta horretan hasi nintzenean ere oso gauza berritzailea zen. Oso jende gutxi ari zen horretan lanean, eta Europak ere ez zituen egun dituen araudiak. Hori dela eta, hasieratik izan naiz pentsatzen nola egin daitezkeen hobeto gauzak. Hobekuntzan pentsatzeko filosofia hori, berrikuntzarekin nahastuta, izango da klusterraren estrategia noruntz eraman erakutsiko didana. Sektorean izan naiz, badakit barruan dauden inertziak zeintzuk diren eta horiek hobetzen saiatzea pozgarria da. Azken batean guk egiten dugunak gizarteari eragiten dio: etxebizitzak, eraikinak, zubiak... pertsonentzat gauzak egiten ditugu. Hori oso interesgarria da.
Halako postu bat hartzerakoan inguruan dagoena ezagutzea izaten da lehen pausoa, baina zu klusterraren parte zinen. Zertan ari zara?
Nahiz eta bazkideak ezagutu, erronda egiten ari naiz gerturatzeko, elkar hobeto ezagutzeko... Lan handia izaten ari da. Aldi berean, harreman askori berrekiten ari gatzaio azken hilabeteotan: Foru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin... Helburua ez da soilik aurkezpena egitea, baizik eta gaiak berreskuratzea, erronkak mahai gainean jartzea eta nora joan nahi dugun lantzea. Mugimendua hastea, alegia.

Klusterra duela 15 bat urte sortzen da, eta zeuk ere 15 urteko ibilbidea duzu. Zer nolako bilakaera izan du urteotan eraikuntzaren sektoreak?
Bilakaera dezente handia izan da. Pentsa duela ia 20 urte izan zela eraikuntzaren krisia. Nire lan ibilbidean eraikuntzaren urte on horiek harrapatu ninduten hasieran, baina gero krisialdiaren garaian egin nuen ibibidearen parte handi bat. Eta hor aldaketa bat izan zen inertziei edo gauzak egiteko moduei dagokienez.
Batetik, ekoizpena jaitsi egin zen; zenbait tokitan ez da oraindik berreskuratu arlo batzuetan. Eta badirudi enpresek ikusi zutela —eta badakite— ezin zituztela gauzak modu berean egiten jarraitu.
Adibidez?
Nabari da jasangarritasuna oso txertatuta dutela, bai enpresa moduan, bai egiten dituzten eraikuntza eta azpiegitura motetan.
Bestetik, digitalizazioa dago. Pixkanaka txertatzen hasi ziren, horren beharra nabaritu zutealako.
Horri lotuta, pixkanaka sartzen ari dira enpresetan.
"Lehen agian egiten ziren gauzak hainbeste berrikusi gabe. Orain beharra da lanak denboran egitea, prozesuak oso ondo begiratu behar dira..."
Zeintzuk dira eraldatzeke dauden inertziak?
Inertzia gutxi daude. Gure gabezia nabariena eskulan falta da. Ikaragarria da. Lehen agian egiten ziren gauzak hainbeste berrikusi gabe. Orain beharra da lanak denboran egitea, prozesuak oso ondo begiratu behar dira, eraginkortasuna ezinbestekoa da, duzun eskulan gutxiarekin prozesuak oso ondo egitea... Jaisten ari dira berandu egiten diren obrak, dirutza handiarekin eta abarrekin.
Une ona al da erakuntzarentzat?
Erronkak daudenean beti aukerak daude. Eta orain, benetan, eraldatzeko aukera dugu. Industrializazioa, modako terminoa dirudiena, duela hamar urte baino gehiago hasi zen. Europan lehenago hasi zen, baina Espainian, bizi izan den egoeragatik, oraindik ez dago industrializaziorik apenas. Datu bat ematearren: Espainian %1 da industrializatua; Alemanian %7.
Kontua da eskulan falta hain handia dela, non enpresak hasten ari diren industrializazioa sartzen, beharra dutelako. Alegia: eraikuntza hasi da industrializazioa lantzen, besteak beste, eskulan falta tarteko. Ez ehuneko ehunean, baina bai pixkanaka. Esaterako, fatxada edota bainugela industrializatuak.

Zeri buruz ari gara industrializatu esaten dugunean?
Lantegi baten eraikitzen dena, eta dagokion tokira eramaten den pieza, zubi bat, esaterako. Egunerokoan ez ditugu topatzen, baina merkatuan geroz eta zabalduagoak dira. Duela lau urte ikusi genuen bainugela industrializatu baten lehen prototipoa; egun Espainian badira bainugela industrializatuak egiten dituzten bostpasei enpresa. Urte gutxian merkatua zabaltzen eta aktibatzen ari da. Lantegiak martxan jartzen ari badira da eskaera dagoelako.
Etxebizitzaren arazoa mahaigainean dagoen une baten, bada defendatzen duenik etxebizitzak eraiki egin behar direla. Baina zer egoera bizi du EAEko etxebizitzen eraikuntzari loturiko sektoreak?
Etxebizitza gehiago eraiki behar direla esaten da. Jaurlaritzak esan du 2036rako pasa nahi dutela 26.000 alokairuzko etxebizitza izatetik, 50.000 izatera. Hamar urtean hazkunde nabaria da.
Kontua zera da: etxebizitzaren auzian parte batek badu eraikuntzarekin zerikusia, baina arazoa handiagoa da. Zoruaren eta horren kudeaketaren arazoa dugu, baita finantzazioari loturiko kondizioak eta arauak ere. Azken horretan aintzat hartu behar da 2008ko krisian bankuek arazo ugari izan zituztela, eta eraikuntzarako ematen diren kredituek jarraibide gehiago dituzte. Hori ona da. Baina orain landu behar da nola bateratu finantzazio behar handiagoak kontrol horrekin.
Ekoizkortasunaren kontuak ere eragiten du etxebizitzen partean, eta materialen prezioa asko igo da azken urtebeteotan. Ikusten duzun bezala kontu askok eragiten dute.
"Etxebizitzaren auzian parte batek badu eraikuntzarekin zerikusia, baina arazoa handiagoa da: zorua, finantzazioa, ekoizkortasuna..."
Faktore ugari daude, alegia.
Bai. Eta etxebizitzaren prezioaren igoera orokorra da Europan. Datu bat emateko: EAEn hazkundea %26koa izan da; Europa guztian, batez beste, %47, eta Espainia pareko.
Edozein kasutan, gu hemen esparru horietako batzuk lantzen ari gara. Eusko Jaurlaritza lan ona egiten ari da horiek aurrera ateratzeko. Gu ere horretan lanean ari gara, eta aldi berean sektorearen beharrak helarazten.
Eta sektorearen beharrak zeintzuk dira?
Aipatu bezala, eskulan falta. Zer egin daiteke horri erantzuteko? Inbertsioak egin, eraikuntza industrializatu...

Elkarlan publiko-pribatuaren isla den adibide onen bat jartzekotan zein aipatu dezakezu?
Hainbat foro eta lantaldetan gaude. Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Foroa jarri du martxan, eta hor lantzen ari gara zorua, finantzazioa eta industrializazioa.
Espainia mailan, sare bat sortu dugu beste eraikuntzaren zortzu klusterrekin. Izan ere, EAEn ditugun arazoak dituzte Nafarroan, Madrilen, Gaztela eta Leonen, Bartzelonan... Eta lanketa handia
Esan ohi dugu klusterrak ez garela bakarrik eraikuntza eta promozioko enpresen erakundeak. Arkitektoak, ingeniariak, erakundeak, parke teknologikoak... Esparru oso handia hartzen dugu, sektorean lanean aritzen den edozein agente dagoelako klusterraren barruan. Era berean, lanketa handia egiten ari gara industria bultzatzeko, baina ehun industriala sortze horren ikuspegitik. Eraikuntzako enpresa oso onak ditugu, eta ikusi behar da nola bilakatu eraikuntza industrialeko enpresa.
Eraikuntzaren abangoardiaren erreferente gisa posizionatu nahi duzue EAE. Baina erreferente bilakatzeko bide horretan zein puntutan dago?
EAE beti izan da erreferente industria mailan. Hori aprobetxatu nahi dugu industriaren maila hori eraikuntzara pasatzeko, eta bi sektoreak gehiago lotzeko. Baditugu, esaterako, egurraren esparruan modu industrialean ari diren enpresak. Orain kontua da lotura hori egitea.
"Eraikuntzako enpresa oso onak ditugu, eta ikusi behar da nola bilakatu eraikuntza industrialeko enpresa"
Klusterrak zein rol jokatu behar du horretan?
Bitarteko eragile gara. Enpresen eta administrazioaren erdian gaude. Horregatik oso tresna ona gara jakiteko zer gertatzen ari den merkatuan eta zein estrategia duen administrazio publikoak.
Bestalde, berrikuntza da lantzen dugun osagai garrantzitsuena. Berrikuntza eta elkarlana lantzen ditugu lehiakorrak izateko. Horiek dira gure ardatzak, eta gure desberdintasun nagusia beste erakundeekiko.
Kontua da elkarren arteko lehiakideak direla klusterraren parte.
Baina hemen elkarlana lantzen da. Sartzen zara zure sektoreko beste enpresekin, denek elkarrekin aurrera egiteko berrikuntzaren ikuspegitik.
Bitarteko eragile zaretela aintzat hartuta, eta berrikuntza eta elkarlana daudela zuen egitekoaren oinarrian, denboran zehar klusterrak izan behar duen rolak garatzen joan behar al du?
Oinarriak horiek dira, berrikuntza eta elkarlana, eta egiteko modua ere. Baina ardatz estrategikoak aldatu egiten dira. Orain badakigu jasangarritasuna, digitalizazioa eta industrializazioa direla gure bidea, baina horiek aldatzen joan daitezke, garatzen.

Berrikuntzaz ari zarenean, teknologikoaz eta ez teknologikoaz ari zara?
Bai. Enpresen beharrak denetarikoak izaten dira. Zenbaitetan teknologia txertatzeko soluzio batez ari gara, eta beste zenbaitetan beste arloetako kontuak dira. Gure erronka da jakitea nondik lagun ditzakegun.
Eta eraikuntzan eragiten ari diren teknologiei buruz ari garenean, zeri buruz ari gara?
Eraikuntzan BIM Building Information Modeling izeneko teknologiaz aritu ohi gara. Tresna oso ona da eraikinaren informazioa —ez soilik grafikoa, osoa— 3Dko modelo baten sartu dezakegulako. Hor ez dizu planoa bakarrik ateratzen, baizik eta bestelako informazioa: kondizio termikoak, ezaugarriak... Eta horrekin gai termikoak, jasangarritasunari buruzkoak eta abar landu ditzakezu. Baina hori arlo bat besterik ez da.
Landu dezakegu errealitate birtualarekin, adibidez, eta sentsoreak, robotika lantegietan zein obretan berean... erabiltzen ari gara. Urrian ekitaldi bat egingo dugu adimen artifiziala erainkuntza munduan aplikatzeari buruz.
Eta pentsa digitalizazioa ez zaiola soilik aplikatzen ekoizpenari; askotan datuak behar izaten dira merkatuko etxebizitzen prezioari buruz. Oso zeharkakoak gara.
"Industrializazioa ezin dugu egin jasangarritasuna eta digitalizazioa sartzen ez baditugu"
Jatorriz eraikuntzan aritu ez diren arren, sektore teknologikoan eman dituzten halako enpresak ere klusterrera erakartzeko lanean ari zarete?
Bai. Elkarrizketan zehar esan dudan bezala, onena da bazkideek kolaborazioak haien artean egitea. Hori sustatzen ari gara, adibidez, big data eta robotikan ari den enpresa bat bazkidetzea, noski, eraikuntzarako prestatuta dagoena. Horrelako batzuk baditugu, nahiz eta oraindik ez diran gehienak.
Etorkizunera salto eginez: zein joera izango dira nagusi eraikuntzaren sektorean datozen hamar urteetan?
Aipatutako triangelua —jasangarritasuna, digitalizazioa, industrializazioa— lantzen ari gara dena bat izango balitz bezala. Industrializazioa ezin dugu egin jasangarritasuna eta digitalizazioa sartzen ez baditugu. Sustatzen den industrializazioa kalitatezkoa izatea eta aurrerapauso bat suposatzea bilatzen dugu, ez soilik orain arte egindakoa egitea.

Urtero joaten gara Europara ikustera zer egiten ari diren, eta bidai horretako batetik ideia oso argia ekarri genuen: digitalizazioa eta industrializazioa erabiltzen zituzten jasangarritasuna sustatzeko. Adibide bat jartzeagatik: digitalizazioari esker egituretan oso kalkulu konplexuak egiten zituzten, ekoizpen lantegi baten egiteko, baina batez ere material gutxiago erabili eta hondakinak murrizteko. Helburua azken hori zen, eta ez alderantziz. Ez zen zerbait asmatzea eta ondoren ikustea nola egiten dugun jasangarri.
Horretarako, zure lantaldeak aurreko lantaldeak egindako bideari jarraikortasuna emango diozue, ala salto bat eskatzen du?
Argi dugu zein izan daitezkeen bideak, eta hurrengo pausoa da inplantazioa. Ikerketa edo esperimentu moduan dauden gauzak lurreratzea, merkatura eramatea, eta administrazio publikoarekin lan egin enpresei tresnak emateko inplantazioak benetan egiazkoak izateko.