• EKONOMIA
  • Eraikuntza industrializatua, ezinbestean egin beharreko inbertsioa

Eraikuntza industrializatua, ezinbestean egin beharreko inbertsioa

Aurreikuspenen arabera, eraikuntza industrializatuari esker %20-%60 artean murriztuko dira eraikuntza-epeak, eta, hortaz, erabilgarria izango da etxebizitzak sortzeko egungo zailtasunari aurre egiteko

Gipuzkoako Ganberan aurkeztu dute Etxebizitzaren Industrializazioaren ESEPEa | Argazkia: Build Inn
Gipuzkoako Ganberan aurkeztu dute Etxebizitzaren Industrializazioaren ESEPEa | Argazkia: Build Inn
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko irailaren 18a - 05:30

Etxebizitzaren Industrializazioaren ESEPEa (Eraldaketa eta Suspertze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoa, PERTE izenez ezaguna) aurkeztu du Build Inn eraikuntza klusterrak, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Gipuzkoako Ganberan eginiko jardunaldian. Sekulako inbertsioa ekarriko du erakunde publiko eta pribatuen artean garatuko den proiektuak: datozen hamar urteetan 1.300 milioi euro bideratuko dira eraikuntza industrializatura, hain zuzen ere. 

 

Proiektuak hiru helburu argi ditu: etxebizitza gehiago eraikitzea, azkarrago eta modu eraginkorragoan. Eskainitako datuek diote industrializazioan inbertitzeari esker %20 eta %60 artean laburtuko direla eraikuntza lanak, gaur egungo etxebizitza eskasiari eta eskari handiari erantzuna emateko baliagarria izanik. Alberto Marín Build Inn klusterreko presidenteak argi utzi du beharrezkoa dela egoerari ahalik eta lasterren aurre egitea: “Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da eraikuntza bizkortzea etxebizitzaren premiari erantzuteko, kalitatea eta jasangarritasuna oinarri izanik”. 

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak ere nabarmendu du etxebizitzen industrializazioak eraikuntza-epeen azkartasuna bultzatuko duela, eta, horri esker, babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza handituko dela. “Etxebizitza babestuak eskala handian finantzatzen lagundu nahi dugu finantzaketa publikoari eta pribatuari esker, nahi izan ala ez, datozen urteetan aurre egin beharko diogun afera delako”, azaldu du sailburuak.

 

Alberto Marín (Build Inn): "Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da eraikuntza bizkortzea etxebizitzaren premiari erantzuteko"

Eraikuntzaren industriaren balio-kateak gaur egun 27.100 enpresa biltzen ditu EAEn eta lurraldeko BPGaren %13 zein 122.000 enplegu sortzen ditu. Haatik, emakumezkoak gutxiengoa izaten jarraitzen dute sektorean, eta, Itxasoren ustetan, industrializazioak arazo horri aurre egiten ere lagunduko du. Hori bai, eraikuntzaren industrian emakumezkoak “segurtasun-baldintzetan sartzea” beharrezkotzat jo du sailburuak, “eraikuntza prozesua errotik eraldatuko baita industrializazio-ehuneko handiak txertatzen hasten garenean”.

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria ere izan da jardunaldian, eta etxebizitzen industrializazioak funtsezko hiru helburu dituela azpimarratu du: ingurumen-eraginkortasun handiagoa lortzea, epeak murriztea eta kostuak merkatzea. Azken horretan foku berezia jarri du kontseilariak: “Kostuen murrizketa oraindik ere zaila izaten ari da, eta, hori da hain zuzen ere lehenbailehen behar duguna, kontsumitzaileek ordaindu beharrekoa gero eta gutxiago izan dadin”. Hala ere, nabarmendu du Nafarroan 550 alokairuko etxebizitza babestu publiko daudela, hainbat industrializazio mailatan sortutakoak, eta gaineratu du “emaitza bikainak” lortzen ari direla ingurumenaren arloari zein eraikuntza azkartasunari dagokionez.

Etxebizitza Industrializatzeko 'Hub'a eta BAI Institutua

Ildo beretik, Itxaso sailburuak bi albiste plazaratu ditu jardunaldian: batetik, Etxebizitza Industrializatzeko Hub berria sortuko dela; bestetik, 2026an EAEko etxebizitza babestuen industrializazio-maila neurtu eta zehaztuko duen lehen ziurtagiri ofiziala eratuko dela.

Denis Itxaso: "Eraikuntza prozesua errotik eraldatuko da industrializazio-ehuneko handiak txertatzen hasten garenean"

Industrializazioaren Huba espazio fisiko bat baino gehiago izango da: “Enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta administrazioen arteko lankidetza-gunea izango da, eta eraikuntza industrializatuaren sektorearen berrikuntza, prestakuntza eta estandarizazioa bultzatuko ditu”, adierazi du. Gainera, baliagarria izango da Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 estrategia hedatzeko, zeinaren arabera 2036. urterako babestutako etxebizitzen %65ek gutxienez %50eko industrializazio-maila izan beharko duten. 

Alberto Marín, Teresa Parejo, Begoña Alfaro, Denis Itxaso, Francisco Javier Martín Ramiro y Santiago Novoa
Jardunaldiko zenbait parte-hartzaile | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Industrializazio prozesu horiek gero eta gehiago izango direla aurreikusi denez, ziurtapen ofizial bat ere sortuko dela azaldu du sailburuak, zeina Tecnaliarekin eta Jaurlaritzaren Arkitektura, Araudi eta Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Zerbitzuarekin batera garatuko den. Ziurtagiriari esker errazagoa izango da “eraikinen kalitatea, trazabilitatea eta jasangarritasuna bermatzea”. 

Nafarroan ere lanean ari dira eraikuntza industrializatuaren alorra pixkanaka garatzen joateko. Hain zuzen ere, Alfarok eraikitze prozesuan dagoen BAI Eraikuntza eta Arkitektura Institutuaren garrantzia azpimarratu du, zeinaren bitartez Nafarroak “ekarpen handia” egingo dion sektoreari. BAI “abangoardiako erakunde” gisa definitu du kontseilariak, prestakuntza, teknologiaren sorrera eta eraikuntza zein birgaitze industrializaturako enpresa-sarearen eratzea sustatuko baitu. Espainiako Gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren eta Zuricheko Institutu Politeknikoaren artean sortutako proiektuak bi eraikin izango ditu, eta datorren urtarrilean bertan hasiko da lehen ikasturte akademikoa; lurraldeko profesional, aditu eta enpresek ere parte hartu dute BAI institutuaren sorkuntza prozesuan.