Erregaien pegarra apurtu da

Ormuzko krisia hasi zenean Txinak erregai finduen esportazioa galaraztea erabaki zuen, baina uztail-abuztutik aurrera esportazioei ekin die herrialdeak. Merkatuko prezioetan nabari da aldaketa, eta AEBn emergentzia-giroa sumatzen da

Saudi Arabiako petrolio findegi bat | iStock
Saudi Arabiako petrolio findegi bat | iStock
Mikel Aramendi Arteaga
Analista politikoa
2026ko irailaren 25a - 05:30

Duela zazpi hilabete, otsaileko azken astean, D. Trumpen AEBk eta B. Netanyahuren Israelek Iranen aurka hastear zuten erasoaren azken prestamenak isilpean lotzen ari zirenean, izango zuten, bazuten plan bat, nola ez. Maila desberdineko baina eskarmentu handieneko bi potentzia militarrek ezin dute halakorik egin planifikatu gabe, balizko timing, aldaera, baliabide, albo-faktore eta abarrak txukun samar zerrendatu eta hausnartu gabe. Ez lukete, behintzat, halakorik egin behar. Normalena izango litzateke plan bat ez, hainbat edukitzea, berariaz sailkatuta, Command Center (a) The War Roomaren mahai gainean.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ez dakigu zehatz nolakoa zen, zer zioen otsail hondarreko plan hark. Eta grina dezente erakutsi dute haren arduradun gorenek jakin ez dezagun: Pentagonoa inoiz ez da izan bereziki gardena, baina P. Hegsethen agintepean denetik, filtrazioen ehiza-leku basati samarra bihurtu da.

Baina geroztik ikusi ahal izan dugunetik ondoriozta dezakegu plana, funtsezko ekaiei dagokienez, bakarra zela. Eta biziro inozoa, dirudienez: erabateko garaipen azkarra, berehalakoa, beste aldaerarik aintzat hartzen ez zuena. Epic Fury operazioaren lehen ukaldi erabakigarriak guztiz burugabetuta eta erantzuteko ahalmenik gabe utzi behar zuen Irango erregimena; herritarrak aiatolen diktaduraren aurka altxatuko ziren jarraian eta, kanpoko laguntza apur batekin, berehala erauziko zuten sistema osoa.

 

Esne-saltzailearen ipuina izan zitekeen planaren txantiloi ideologikoa.

Erasoaren alderdi moralak edo zuzenbidezkoak alde batera utzita, planaren premisa eta zutoin nagusiak lehen unetik egin zuten kale haren atal funtsezko bakoitzean. Eta horrela etorri gara egungo egoerara, higadura-gerra ekonomikoa deitu beharko genukeen iraupen luzeko gatazka honetara. Non, eta hor dago koska, mundu osoa baitago inplikatuta, zeharbidez bederen, karanbola bitxiez askotan. Dieselarekin geuri gertatzen ari zaigun moduan.

Otsaileko plangintza hartan jardun zutenek esne saltzailearen ipuina behar adinako artaz hausnartu izan bazuten, zerbait iradokiko zien, beharbada, haren eduki ekonomiko hain nabariak. Demagun, gertagarria baino gertagarriagoa den estropezu, irristada zirtzil batek bidal ditzakeela pikutara planik biribilenak. Eta ez zen Nobel sariduna izan behar Iranekiko gatazka batean tupust egiteko harria non zegoen asmatzeko. Ormuzko itsasartetik zenbat petrolio merkaturatzen zen berehala jakin genuen guztiok gerra sutu zen unetik. Eta Iranek pasabidea itxiko zuenaren apustua inork ez zizun hartuko orduan bertan.

Erasoaren alderdi moralak edo zuzenbidezkoak alde batera utzita, planaren premisa eta zutoin nagusiak lehen unetik egin zuten kale haren atal funtsezko bakoitzean

Geroak argitu beharko du, benetako argibideak izaten direnean, zergatik egin zuten aurrera, halaz eta guztiz ere, Trumpek eta Netanyahuk. Horrenbesteko fedea ote zuten erasoaren ezusteko tasunean eta haren arrakastan? Argi dagoena da ez zutela fundamentuzko neurririk hartu gatazka luzatzen hasten bazen gertagarriena zenak, Ormuzko itsasartea giltzatuta aurkitzeak, erakarriko zituen egundoko ondorioak samurtzeko. Egia da aurretiaz halako neurriak, isilpekoak ezin zirenak izan, hartzen hasteak erbia harrotuko zuela, eta handik aurrera sorpresa-faktorea ezinezkoa izango zela...

Azterlan xehea eskatzen du, hala ere, zazpi hilabete hauetan Iranen aurkako erasoak sorrarazi duen abelerak. Berretsita baino gehiago, sagaratuta geratu da Ormuzko itsasartearen estrategikotasuna: orain arte intuizio funtsatua zena, egitate gordina izango da etorkizunean. Hura nork —eta zer preziotan— kontrolatuko duen dirudi orain gatazkaren muina. Eta balizko alternatibak —demagun, lehorreko olio eta gasbideak— ere kontrol horrekin uztartuta egongo direla, haien kalteberatasuna ere agerian geratu delako egungo gerragintzaren tenorean. Horri gehitzen badiogu Estatu Batuen presentzia militarra bera Persiako Golkoan ezbaian geratuko dela, panoramaren konplexutasuna kausitzen hasiko gara. Beste itsasarte batzuen balioaz ere jabetzen hasi gara, ezta?

Baina 'petrolioa' edo 'erregaiak' diogunean errealitatea noraino sinpletzen ari garen ohartarazi digu gerra horrek. Amoniakoa, eta hura ezinbestekoa duten ongarriak; helioa, eta txipak ekoizteko hark duen garrantzia..., nahi ahala luza dezakegu Golkoko buxadurak erakarri dituen kalte ekonomikoen zerrenda. Halakoetatik zintzilik dauden ekoizkinak bezainbat.

Askoren harridurarako, haatik, petrolioa bera eta haren deribatu nagusiak, mugikortasunerako erregaiak, ez dira uste adina garestitu iragan sei hilabete hauetan. Gerraren hasierako egun eta asteetan aurreikuspen ezkorrenek iragartzen zuten hondamendiraino, behintzat, ez dira heldu. Gorabehera dezenterekin, maila “jasangarrietan” mantendu dira. Orain arte. Ofizioz nahiz bokazioz inflazioa zaintzen dutenek, aho batez, haren juzgu egiten duten arren jada pairatzen hasita gauden gorakada. Eta itxaropentsua lirudikeen egitate horretan ez dago mirarizko ezer: esplikagarria da... eta iraungikorra.

'Petrolioa' edo 'erregaiak' diogunean errealitatea noraino sinpletzen ari garen ohartarazi digu gerra horrek. Amoniakoa, eta hura ezinbestekoa duten ongarriak; helioa, eta txipak ekoizteko hark duen garrantzia..., nahi ahala luza dezakegu Golkoko buxadurak erakarri dituen kalte ekonomikoen zerrenda

Ezbairik gabe, gainerako ekoizleek, Persiako Golkotik kanpokoek abagunea profitatu dute euren ekoizpena toperaino areagotu eta prezio hobean saltzeko. Baina ez da gainbaloratu behar faktore hori. Batetik, ez delako horren erabakigarria. Ormuzko itsasartetik munduko petrolioaren ehuneko 20-25 igarotzen dela (zela) esaten denean ez baita aintzat hartzen are garrantzitsuagoa dena: merkaturatzen den (hau da, ustiatzailea ez den beste herrialde batera doan) zatikia askoz handiagoa, %60 edo gehiagokoa dela. Eta hori ordeztuko duenik ez dago egun munduan.

Gaur egungo petrolio- eta gas-ustiapenak, bestalde, ez du horrenbesteko malgutasunik produkzioa nahieran gehitzeko; produkzioa biderkatu eta erreserbak xahutu ordez, askoz zuhurragoa da ustiatzen dena ahalik garestien merkaturatzea. Beraz, joandako sei hilabete hauek onak izan dira, bai, Persiako Golkotik kanpoko ekoizleentzat, baina ez dituzte langintzaren oinarrizko egitateak alderantzikatu.

Egitate horietako bat da oinezkoontzat ezezagunagoa den gordekinena. Petrolio gordin ustiatuaren zati mardul bat itsasoan egon ohi da beti, iragaitzan, petrolio-ontzietan, jomuga jakinik gabe askotan, pleitaren jabearen esanetara. Iazko azken hilabeteetan ohi baino ugariagoa zen iragaitzan zebilen petrolioa (merkatuaren moteltasunagatik, batik bat); baina esan gabe doa Ormuzko itsasartea buxatuta egonik, agortu egin dela “putzu” hori salduta hara-hona eraman eta berriro bete ezin izan denean.

Herrialde askok, legez edo hitzarmenez xedatuta, dituzten gordekinak dira txanpon berberaren beste aldea. Iraganeko erregai-estualdien ikaskizunek erakutsi dute halako koltxoiak —merkealdietan erosi eta larrialdietarako eduki— ezinbestekoak direla askotarikoak izan daitezkeen kontingentziei aurre egin ahal izateko. Baina argi baino argiago dago hori ez dela doakoa, biltegiak egin eta mantendu egin behar direlako, eta haietan gordetzen den ibilgetuak ere finantza-kostu bat duelako. Ahaltsuenen esku dagoela, alegia, lehorreko izakin handi samarrak edukitzea.

Iraganeko erregai-estualdien ikaskizunek erakutsi dute halako koltxoiak —merkealdietan erosi eta larrialdietarako eduki— ezinbestekoak direla askotarikoak izan daitezkeen kontingentziei aurre egin ahal izateko

Benetako buruhaustea, hala ere, estualdia heltzen denean hasten da, gordekinak erabiltzeko erabakia neurrian hartu behar delako. Eta neurria, jakina, estualdiaren larritasunaren eta iraunaldiaren araberakoa da. Ezustean eta kalkuluak hain oker eginda sutu den Ormuzko itsasartearen buxadurari aurre egiteko Asia hego eta ekialdeko herrialdeetan baliatu diren aukera desberdinek erakusten dute egitate horren labirintoa. Munduko petrolio-izakin handienak gorde ohi dituen Japonian hasi eta halakorik batere ez zuen Filipinetaraino.

Hori guztia, hala ere, koska bat goragoko kontua bihurtzen da munduko erregaien inportatzaile eta kontsumitzaile handiena, Txina, tartean denean. Halatsu gertatzen da beste hainbat gai eta ataletan ere. Horietako bat litzateke petrolioa fintzeko gaitasun txinatarra, gordina inportatzeko erakutsi ohi duen grinaren parekoa, eta hein handi batean, haren esplikabidea ere badena. Munduko petrolio-fintzaile handiena da Txina, 2024az geroztik, Estatu Batuen aurretik. Ekoizpenaren zati handiena etxeko merkatu erraldoirako da, jakina, baina erregai finduen esportatzaile funtsezkoa ere bada, batik bat Asia Ekialdeko herrialdeentzat.

Markak hautsi zituen 2025ean Ekialdeko erraldoiak petrolio-erosketetan. “Segurtasun energetikoa da Txinak egindako biltegiratzearen eragile nagusia tentsio geopolitiko gero eta handiagoko testuinguruan”, zioen bertako enpresaburu batek aurtengo urtarrilean, Persiako Golkoko krisia sutu baino... hilabete lehenago. “Petrolioaren prezio baxuek ere badute garrantzia, Txinak erositako petrolioaren batez besteko kostua 2024an baino 10 dolar baxuagoa izan baita upel bakoitzeko [2025ean], zigorren erdian”.

Beijingeko agintarien lehen erabakia, gerra hasi eta Ormuz buxatu zenean, erregai finduen esportazioa erabat galaraztea izan zen (barne-eskariarentzako salneurriei eusteko, bistan denez); eta dezenteko eragina izan zuen neurri horrek haietako batzuen (hegazkin-kerosenoaren, dieselaren) garestitze eta eskasian, batez ere Asia Ekialdean. Aldi berean, petrolio gordinaren bere inportazio ikaragarriak erdira murriztu zituen kolpetik Ekialdeko erraldoiak eta horrek erakarri du, hein handi batean, sei hilabete hauetan petrolioaren prezioak mundu mailan gehiago igo ez izana. Orain, pasa eta gero, adituek onartzen dute hori izan dela krisiaren benetako koltxoia: inflazioa baxu(egi) zuelarik, bere etxeko erregaien garestitzea oso apala (hutsala nekazaritzarako, hil edo bizikoa duten elikadura-segurtasunerako) izatea lortu du Beijingek, eta mesedetu du nazioarteko prezioen oreka.

Emergentzia-giroa sumatzen da oraintxe Estatu Batuetan dieselaren prezioen inguruan. Eta, hain zuzen, emergentzia-eskumenak aldarrikatuz erregai horren esportazioa debekatu egin behar dela deritzote hainbatek

Baina zorion guztiek dute akabua eta, krisia luze joango dela ebatzi dutelako edo, uztail-abuztutik aurrera, petrolio gordinaren erosketak areagotzeari eta, aldi berean, finduak —diesela, batik bat— erbestera saltzea baimentzeari ekin dio berriro Txinak. Eta merkatuko prezioetan nabaritzen ari da hori jada. Etxeko premiak eta kanpoko negozioa uztartzen jarraitzen dutela esan liteke.

Eta horretan ere munduko beste potentzia nagusia denak, AEBk, alderantziz egin duela ondoriozta dezakegu. Etxeko erregaien prezioek, pausoka baina etenik gabe, gora egin dute Estatu Batuetan otsailaz geroztik, munduko merkatuen eros-grinak hauspotuta. Eta erpin historikoetara heltzen ari da dieselaren kasuan. Herritar arrunten baina, batez ere nekazarien, ernegaziorako. Hauteskunde erabakigarri batzuen atarian. Ondorio makroekonomikoak ere halatsukoak dira: inflazioak hauspoa hartu du, eta Fed-ak jada puntu laurdena garestitu behar izan du dirua.

Emergentzia-giroa sumatzen da oraintxe Estatu Batuetan dieselaren prezioen inguruan. Eta, hain zuzen, emergentzia-eskumenak aldarrikatuz erregai horren esportazioa debekatu egin behar dela deritzote hainbatek. Trump bera ere ados legokeela ematen du. Baina beste askoren iritzia da une baterako gozagarria izango litzatekeela hori, mundu mailako merkatuak anabasan murgiltzearen truke. Ondorengo egunotan ikusiko dugu. Trumpen energia-aholkulari nagusiak, J. Agenek dio: “Gasolinaren eskuragarritasuna da presidenteak gehien zaintzen duen gai nagusia”. Eta dakit lasaigarria izango ote den estatubatuarrentzat. Ez behintzat besteontzat.

Argi dago erregaien pegarra puskatu egin dela.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain