
BBVA Fundazioak hamasei eta hogeita bederatzi urte arteko gazteen etorkizunari buruzko ikerketa egin berri du, eta emaitzak zer esana eman dute: adin tarte horretako pertsonak lan merkatura gero eta beranduago sartzen direnez, jardunaldi erdiko kontratu gehiago dituztenez eta batez beste ordainsari baxuagoak jasotzen dituztenez, 2065. urtean jubilatzen direnek erretiroa sei urtean atzeratu beharko dute momentu horretara arte izan duten bizi-maila mantendu nahi izanez gero.
Ikerketak eskainiko datuek arestian esandakoa berresten dute. Izan ere, gazteen okupazio tasa 2024. urtean %43,2koa izan zen, eta 2007ko tasa, aldiz, %58,7koa. Gainera, adin tarte horretako lau pertsonetatik batek (%25,3) jardunaldi erdian lan egiten du, biztanleria osoaren batez bestekoa baino hamabi puntu gehiago, baina, aldi berean, gizarte osoaren batez bestekoa baino %34 baxuagoa da haien soldata.
Egungo legediaren arabera, 2065. urterako 40 urte kotizatuta eduki beharko dira, erretiroko diru kopurua soldataren parekoa (azken urteko soldataren %90) izateko. Baina, aurreikusitako legedi berriak aurrera egitekotan, 40 urte kotizatzen dituztenek %90,6tik %80,2rako beherakada pairatuko dute erretiroan; bestalde, 35 urte kotizatzen dituenak gaur egun jasotzen denaren %87,5 beharrean %70,2 eskuratuko du, eta 30 urte kotizatzen dituen pertsonak, ordea, azken soldataren %77,1 beharrean %57,6 jasoko du. Finean, gazteek gehiago kotizatu beharko dute, eta, hala ere, egun baino erretiro xumeagoak izango dituzte.