
Erretiroa berehala har ez dezan, Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak erretiroen erreforma behin-behinean suspenditzea proposatuko du azaroan Asanblea Nazionalean. Emmanuel Macron presidentearen agintaldiaren ikur nagusienetakoa baztertuz, gobernu buru berriak espero du orain arte baino egonkortasun gehiago izatea alderdi sozialistaren babesari esker.
Erretiroen erreforma behin behinean kentzea konfiantza eraikitzeko eta herrialdearen egonkortasuna bermatzeko balio duela adierazi du Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak. Jean Pierre Farandou denbora luzean SNCF trenbide konpainiaren zuzendaria izan dena eta joan den igandetik lanaren ministroa denak azaldu du zuhur eta lasai egon behar dela ostegun honetan gobernu berriaren aurkako zentsura mozioak aurkeztuko baitituzte Frantzia Intsumituak eta Bilgune Nazionalak. “Guk lan egin nahi dugu laster, lehen bai lehen aurrekontuak izan daitezen herritarrentzat”, azpimarratu du Farandouk. Bere hitzetan erreforma 2028ko urtarrilaren lehena arte atzeratzeak 400 milioi euroko gastua ekarriko du 2026an eta 1,8 mila milioikoa 2027an. Gobernuak erretiroa eta lanari buruzko topaketak antolatuko ditu ondoko asteetan.
Erreforma 2028ko urtarrilaren lehena arte atzeratzeak 400 milioi euroko gastua ekarriko du 2026an eta 1,8 mila milioikoa 2027an
Aldaketa dela eta, alderdi sozialista pozik dago neurriak eragina izanen baitu 3,5 milioi herritarrengan. Elisabeth Borne lehen ministro ohiak erreforma dekretu bidez inposatu zuela eta, 25 urtetan izandako garaipen ederrenaz hitz egin dute orain PSaren ordezkariek.
Eskuineko hautetsiek eta hedabideek PSarengatik egindako “sakrifizioa” deitoratzen dute. Diotenez macronzaleak “bahituta” daude, egoera ezin da ulertua eta apustu arriskutsua ikusten dute. Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagiak errepikatu du Macronek legebiltzarra berriz desegin eta hauteskunde legegileak deitu behar dituela.
Karrikan herritar batzuek diote erretiroen erreforma kentzeak egoera desblokeatzen duela doi bat
Karrikan herritar batzuek diote erretiroen erreforma kentzeak egoera desblokeatzen duela doi bat. Batzuek behin betiko baztertua izan dadin nahiago lukete eta beste batzuek aitortzen dute ez dutela ongi ulertzen nola suspenditzen ahal den orain arte hain beharrezkoa zen erreforma. Mercedes Graciet CFDT sindikatuaren idazkari nagusia Ipar Euskal Herrian pozik dago. “Erreforma horren kontra borrokatu gara karrikan denbora luzean beraz begi onez ikusten dugu orain baztertua izatea. Orain aro berria irekitzen da negoziazioarentzat, testua hobetzeko”, azaldu du Gracietek.
Colette Capdevielle Baiona aldeko diputatu sozialistak adierazi du bere alderdikide gehienek bezala ez duela Lecornuren kontrako zentsura mozioa bozkatuko. Azkenean funtsezko galdea kontuan hartu dutela iduritzen zaio baionarrari. "Oposizioan gaude, baina herrialdeari egonkortasuna eskaintzen saiatu behar dugu aurrekontua finkatuz. Erreparazioa da nolabait erreforma hori dekretu bidez inposatu zutelako. 3 milioi eta erdi herritar pozik egon litezke. Orain gure lana da diru iturri berriak aurkitzea. 2027an eginen den hauteskunde presidentzialaren kanpainaren gai nagusienetakoa izanen da. Bi eredu aurrez aurre lehiatuko dira", argitu du Colette Capdeviellek. Peio Dufau eta Iñaki Echaniz Ipar Euskal Herriko beste bi diputatuek ez dute argitu zer bozkatuko duten.
Laurent Wauquiez diputatu errepublikanoen bozeramaileak erran duenari muzin eginez, bere aldetik Max Brisson Miarritzeko senatariak eta eskuineko senatarien eledunak adierazi du diputatu izango balitz gobernu berriaren kontra bozkatuko lukeela. "Ezin dugu hori onartu. Aurkeztua zaigun aurrekontua Lecornu eta sozialisten arteko solasaldien ondorioa besterik ez da", azaldu du miarriztarrak.
Colette Capdevielle Baiona aldeko diputatu sozialistak adierazi du bere alderdikide gehienek bezala ez duela Lecornuren kontrako zentsura mozioa bozkatuko. Peio Dufau eta Iñaki Echaniz Ipar Euskal Herriko beste bi diputatuek ez dute argitu zer bozkatuko duten
Elisabeth Borne lehen ministro ohiak erretiroen inguruko erreforma polemikatsua kentzea proposatu zuelarik, André Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren presidenteak eskatu zuen Frantzia gai ote den molde horretan jokatzeko. Bat-bateko aldaketa nola finantzatuko den ereazaltzea galdetu zuen. Frantziako lehen ministro berriak 30 mila milioi euroko murrizketak egitea proposatu du. Horretarako erragaia saltzen duten guneetan bioetanolaren prezioa nabarmen emendatuko dute, eta medikuek pazienteei ematen dizkieten gelditzeak hurbilagotik ikuskatuko dituzte berritu daitezken 15 eguneko geldialdiak inposatuz.