Kafe makinan euro erdiko kafea edo etxe azpiko okindegian bi euroko opila. Oraindik gai gara horiek eskuz ordaintzeko, baina badago kasu horietan ere txartela erabiltzen duen jende ausarta (edo lotsa gutxikoa). Argi dagoena, zera da: eskudiru gero eta gutxiago izaten dugu poltsikoan, eta txartelaren erabilerak (izan fisikoa, izan mugikorrean sartutakoa) hazkunde nabarmena izan du azken hamarkadan.
Zenbait txostenek berresten dute hori: Laboral Kutxaren arabera, 2024an ordainketen %20 mugikorraren bitartez egin zen, 2023an baino %30 gehiago. PwC aholkularitzak baieztatu zuen Espainian 2024an kontsumitzaileen %79k nahiago zituela txartel bidezko edo aplikazio bidezko ordainketak, baina 2018an, ordea, zenbateko hori %51koa zen. Horrek esan nahi du eskudirua lehenesten zutenak %49 izatetik (2018an) %21 izatera igaro direla (2024an).
“Eskudirua desagertuko da”, diote hainbatek. Begi bistakoa da aukera hori errealitate bilaka daitekeela etorkizun hurbilean. Jendeak horixe bera berretsi dio EnpresaBIDEAri kalean egindako inkestetan (bideoa ikusgai artikuluaren amaieran), eta gehiengoak onartu du ideia ez duela gustuko.
Desagertuko al da?
Eskudirua gero eta gutxiago erabiltzeak, ordea, ez du zertan esan nahi desagertzeko zorian dagoenik. Digitalizazioaren ondorioz, txanpon eta billeteak transakzioetarako gutxiago erabiltzen badira ere, Europako Banku Zentralak (EBZ) honakoa dio: zirkulazioan dauden billeteen balioa nabarmen hazi da azken hamarkadan, 1,59 bilioi eurora iritsita 2024aren amaieran. Era berean, eskudiruaren proportzioak euroguneko BPGaren eta diru-masa zabalaren (M3) %10 baino gehiago izaten jarraitzen du. Sinplifikatuta: euroguneko dirua-masa zabalaren hamar eurotik bat eskudirua da.
Krisi-egoerek ere lotura zuzena izaten dute diru fisikoaren erabilerarekin, eta Covid-19 pandemiak, Ukrainako gerrak edota itzalaldiak horren isla izan dira. EBZren arabera, pandemia garaian jendeak billeteak pilatzearen alde egin zuen, osasun-murrizketen ondorioz eskudirua gaitzetsi zen arren; 2022an, Ukrainako gerra puntu gorenean izan zenean, gatazkatik hurbil zeuden herrialdeek billeteen eskaera-kopuru oso handia izan zuten; 2025eko apirilean Iberiar penintsulan izan zen itzalaldiaren ostean ere, eskudiruaren eskaria hazi egin zen argirik joan ez zen eskualdeetan ere.
Eskudirua lehenesten zutenak %49 izatetik (2018an) %21 izatera igaro dira (2024an)
Gertakizun logikoak dira. Krisiek sortzen duten ziurgabetasunaren aurrean, jendeak balioa ematen dio ukigarria denari, segurtasuna ematen baitu. Elektrizitate-mozketen ondorioz, ordainketa-sistema elektronikoek funtzionatzen ez dutenean, efektiboa babesleku bihurtzen da. Arrisku pertzepzioa duenak zuhurtziaz jokatu nahi du, eta, hortaz, likidezia bilatuko du. EBZren datuek berretsi egiten dute, transakzioetan erabilera murriztu bada ere (pertsona helduek aski samar erabiltzen jarraitzen dute), pandemiaz geroztik nabarmen handitu dela etxean eskudirua izateari garrantzia ematen dion pertsonen kopurua, batik bat, 18-37 urte bitartekoen artean.
Guztia kontuan izanda, ondorioztatu daiteke eskudiruak garrantzitsua izaten jarraitzen duela (eurogunean, behintzat), hainbat arrazoirengatik: ordaintzeko aukera izaten jarraitzen du, aberastasuna gordetzeko metodo gisa erabiltzen da (gero eta gehiago), eta krisi uneetan askorentzat segurtasun babesgunea da.
“Ordainketa-politikek kontuan izan behar dute eskudiruak gizarteari ematen dion erabilgarritasuna, eta bizikidetza-fase luze bat planifikatu behar du, non billeteek zein txanponek ordainketa-metodo elektroniko, fisiko eta online batzuekin batera zirkulatzen duten”, azpimarratzen du EBZk Ekonomia Buletinean jasotako azterketa batean.
Euro digitalaren nondik norakoak
Ordainketa metodoez hitz egitean, ezin albo batera utzi azken hiruzpalau urteetan pil-pilean izan den euro digitala. EBZko buru den Christine Lagardek aste hasieran bertan azpimarratu zuen euro digitalaren tramitazioan aurrera egitearen garrantzia, bere aburuz, ekimenak indartu egingo baitu Europar Batasunaren autonomia ordainketen arloari dagokionez, eta murriztu egingo du atzerriko hornitzaileekiko mendekotasuna. Baina, zer da bada, euro digitala? Eskudirua ordezkatuko du?
Teorian behintzat, ez. Euro digitala euroguneko kideek erabili ahal izango duten txanpon digitala izango da, EBZk sortu eta kudeatutakoa, eta eskudiruaren balio berbera izango duena. Biztanleriak ordainketak egiteko parada izango du txanpon digitala erabilita, banku eta enpresa pribatuen menpe dauden baliabide teknologikoak erabili behar izanik gabe, baita Interneterako konexiorik izan gabe ere. Aurreikuspenen arabera, EBZak sortutako mugikorrerako aplikazio propioa izango du, nahiz eta banku batzuek euren aplikazioetan integratuko duten zerbitzua. 2026an martxan jartzea espero den zerbitzua definitzeko Banku Zentralak “pribatutasun” hitza erabili du, Euro digitalak “pribatutasun maila gorena bermatuko duelako”, eta EBZk “ez duelako datu pertsonaletarako sarbiderik izango”.
Biztanleriak ordainketak egiteko parada izango du txanpon digitala erabilita, banku eta enpresa pribatuen menpe dauden baliabide teknologikoak erabili behar izanik gabe
Digitalizazioaren esparruan pauso bat emanagatik, Lagarderen erakundeak berresten du tresna berria eskudiruaren osagarria izango dela, eta ez, ordea, ordezkatzailea. “Sistema inklusibo, eraginkor eta burujabeago baterantz aurrera egiteko aukera” irudikatzen du EBZk. Hala den ala ez den ikusteko oraindik itxaron egin beharko dugu.
Eskudirutik eskua diru izatera
Burua altxa eta Europaz harago begiratzean, bestelako ordainketa-metodoak existitzen direla, eta, are gehiago, egunerokoan erabiltzen direla azter daiteke. Asiako erraldoiak badu gaiaren gainean zer erakutsi.
Izan ere, aurpegi-ezagutzan oinarritutako ordainketa sistemak inplementatzen aitzindaria da Txina. Bertako supermerkatu, jatetxe zein salmenta-makinetan kamerari begiratze hutsarekin ordaintzeko aukera izaten da, Alipay izeneko plataforma ospetsuaren bitartez. Bezeroen aurpegia eskaneatu eta kontu korronteari lotutako identitatea egiaztatzen du zerbitzuak. Bestela ere, QR kodeak eskaneatuta ere eros daitezke gauzak: dendara joan, bertako kodea eskaneatu mugikorraren bitartez, eta klik bakarrarekin ordaindu.

Hori gutxi balitz, baten batek musua erakusteko arazorik izango balu, edota mugikorrik eskura ez badu, ez du zertan larritu: esku-ahurrarekin ordaindu daiteke zenbait saltokitan edota garraio publikoan. Erabiltzaileak eskua WeChat Pay bezalako plataformetara konektatutako irakurgailura hurbiltzen du, eta esku-azpiaren biometria erabiltzen da (zainen aztarna eta patroiak) transakzioa baimentzeko. Era horretan, txinatarrek ez dute ez telefono, ez diru-zorrorik soinean eraman behar: eskua luzatu besterik ez dute behar.
Etorkizuna hibridoa izango da
Ordainketa sistemen etengabeko transformazio honetan, eskudirua desagertuko dela pentsatzea baino, arakatu behar dena da nola egin bizikidetza horrenbeste ordainketa-metodorekin. Txartelek, mugikor bidezko ordainketek, euro digitalak edota aurpegi-ezagutza bidezko teknologia aurreratuek aukera sorta eskaintzen digute, eta bakoitzak bere beharren, konfiantzaren eta erabilgarritasunaren arabera aukeratu beharko du bata, bestea ala guztiak erabiltzen dituen.