ENBA nekazaritza sindikatua kezkatuta da azken hilabeteetan abeltzainei euren esneagatik ordaindutako prezioaren jaitsiera dela eta. Sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, azken bi hilabeteetan batez beste zazpi zentimo murriztu da esnearen prezioa, eta horrek “bide arriskutsuan” jartzen du sektorea, “ekoizpen kostuen azpiko eremuan”, hain zuzen.
Gauzak horreka, sindikatuaren arabera, esnearen prezioaren jaitsierak “eragin zuzena” du ustiategietako errentagarritasunean.
“Prezio duinak eta egonkortasuna dira, besteak beste, esne sektoreak etorkizuna izateko berme nagusia. Ez dugu gorabehera handirik nahi, prezio duinak eta egonkortasuna baizik. Gaur egun dauden esnetako ekoizleentzat eta gazteentzat bereziki, begirada luzea eta egonkortasuna dira oinarrizkoena eta honenbestez, horrelako beherakadak egonkortuko balira, esne sektoreari etorkizuna ukatzea suposatuko luke”, adierazi du ENBAk.