Xabier Iraola Agirrezabala (Legorreta, Gipuzkoa 1966) ENBA Euskal Nekazarien Batasunaren Gipuzkoako koordinatzailea da. Ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko lehen sektorearen bereizgarriak, eta euskal nekazari eta abeltzainek dituzten kezkak, kostuak eta zailtasunak. Horregatik, kontsumo ohituren aldaketaz, etorkizuneko erronkez eta gaur egun indarrean dauden merkataritza akordio eta politikei buruz hitz egin dugu berarekin.
Euskal Herri mailan, zein dira une honetan nekazarien kezka nagusiak? Eta haien behar premiazkoenak?
Errentagarritasuna da euskal baserritarren kezka nagusia, bereziki errentagarritasun eza. Behar premiazkoenak elikagai katearen gardentasuna eta sortzen den balioaren partekatze orekatua dira.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zein dira euskal nekazaritza sektorearen indarguneak?
Ekoizten diren elikagaien kalitate gorena eta, bestetik, bertako produktuen alde dauden kontsumitzaileak oso gertu izatea.
Euskal nekazaritza eta abeltzaintzaren etorkizuna bermatuta dago? Zein da baserritar belaunaldi berriaren profila?
Penaz diot, baina ez dut uste Euskadiko lehen sektorearen etorkizuna bermatuta dagoenik. Sektorea uzten duten baserritarrak askoz gehiago dira sektorean hasten ari direnak baino. Belaunaldi berriaren profilari dagokionez, uste dut gehienak egungo ustiategietako seme-alabak direla. Baina hori horrela izanik ere, aitortu beharrean gaude, orain arte ez bezala, aisialdia eta jendarteko kontziliazioa asko baloratzen dutela.
Erosleek gero eta garestiago ordaintzen ditugu elikagaiak, eta nekazarien irabaziak gero eta urriagoak omen dira. Zein da arazoa?
Kontsumitzaileek erosten dutena gero eta garestiagoa da, alde batetik, ekoizpen kostuak asko igo direlako azken urteotan; eta bestetik, elikagai katea zeharo desorekatua denez, ekoizleak jasotzen duenaren eta kontsumitzaileak ordaintzen duenaren arteko aldea gero eta handiagoa da.
Eta zein litzateke konponbidea? ENBAtik baduzue proposamenik?
Oso argi izan behar dugu, gustatu ala ez, euskaldunok, gainontzekoek bezala, elikagaiak batez ere distribuzioan erosten ditugula; beraz, gero eta beharrezkoagoa dugu kate osoari buruzko informazioa, eta katebegien arteko salerosketa prozesuan fokua jarri eta gardentasuna eskaini, bai katebegiei, bai azken kontsumitzaileei.
Abeltzaintzaren kasuan, betiko arazoek hor diraute: otsoen erasoak, gero eta bizkorrago eta bortitzago hedatzen diren gaixotasunak...
"Bertako produktuen alde egitean, kontsumitzaileak bere elikadura, osasuna eta ingurunea zaintzen ditu"
Azken urteotan, basafaunak ‒basurdeak, orkatzak, putreak eta otsoak‒ eragindako kalteek eta, bereziki, aziendaren gaixotasunek, gero eta larriagoak eta gero eta maizago agertzen direnek, abeltzainak etsitzera daramatzate.
Kontsumitzaileen ohitura aldaketei eta nazioarteko nekazaritza politika berriei erreparatuta, zein izango dira euskal baserritarren erronkak etorkizun hurbilean?
Kontsumitzailea kontzientziatzea bertako produktuen aldeko apustua egitean, bere osasuna eta elikadura zaintzeaz gain, bere bizitokitik gertu duen ingurunea ere zaintzen duela. Bestalde, kontsumitzaile belaunaldi berriei begira, oso argi utzi behar diegu ondo eta osasuntsu elikatzeko egin beharreko lanak ‒erosketak, kozinatzea, etab.‒ ez direla galdutako denbora, beren onerakoa baizik.
Duela egun gutxi, Mercosurekiko akordioa indarrean sartu da behin-behinean, 25 urteko negoziazioen ostean. Zertan datza?
Hitz gutxitan esanda, Europak industria saltzen die Hego Amerikako nazio horiei eta hauek, ordainetan, soja eta haragia saltzen digute. Aldaketa nabarmenena orain arteko muga-zergak desagertzean dago.
Mercosurekiko akordioak kritika gogorrak jaso ditu Europa osoko lehen sektoreko profesionalengandik. ENBAn zer iritzi duzue hartaz?
Gure ustean, Europak, beste behin, bere lehen sektorearen etorkizuna sakrifikatu du sektore industrialaren mesedetan. Hemendik aurrera, bestalde, oso erne egon beharko dugu bermatzeko sinatutako akordioa eta bertan ezarritako kontingentziak eta baldintzak bete egiten direla eta ez dela Europara debekatutako jakirik sartzen.
"Mercosuren bidez, Europak, beste behin, bere lehen sektorearen etorkizuna sakrifikatu du sektore industrialaren mesedetan"
Erosoago zaudete Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuarekin (NPB)? Oro har, haren neurrien babesa sentitzen duzue?
Europako NBE delakoa kontsumitzaileak elikadura merkea izatea ahalbidetzen duen azpisarea da. Hau da, NPB indarrean ez balego, gaur egun kontsumitzen ditugun elikagaiak askoz garestiagoak izango lirateke kontsumitzaileentzat. Beraz, gure ustean, PAC politikaren benetako onuraduna ez da baserritarra, kontsumitzailea baizik. Euren elikadura merke mantentzen den bitartean, beste helburu batzuetarako ‒aisialdia, bidaiak, arropa, teknologia...‒ dirua edukiko baitute.
Zein dira zuen aldarrikapenak 2028-2034 aldiko NPB berrirako?
Batetik, NPBerako aurrekontu propioa izatea, beste helburu batzuekin nahastu gabe. Eta, bestetik, nekazaritza politikaren gobernantzari dagokionez, subsidiariotasuna aldarrikatzen dugu, eredu zentralistatik aldendu eta bertako euskal erakundeek gidatuko duten nekazaritza politika bat izatea.