• EKONOMIA
  • Espainiako Kongresuak atzera bota du pentsioen igoera jasotzen zuen dekretua

Espainiako Kongresuak atzera bota du pentsioen igoera jasotzen zuen dekretua

Hego Euskal Herriko pentsiodunek %2,7ko igoera izan zuten urtarrilean

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 27a - 17:58

Espainiako Diputatuen Kongresuak atzera bota du pentsioen igoera jasotzen zuen dekretua, eta, hortaz, Hego Euskal Herriko pentsiodunek ez dute igoerarik sumatuko euren otsaileko pentsioan. PP, Vox, Junts per Catalunya (JxC) eta UPNk igoeraren aurka bozkatu dute gaur. 178 boto izan dira eurenak. PSOE, Sumar, EH Bildu eta EAJko ordezkariek, aldiz, alde bozkatu dute, baina 171 boto izan dira.

 

PP edota Juntsen babesa jaso zezakeen neurriak, baina ez du halakorik izan. Bi alderdiek azaldu dute prest leudekeela pentsioen igoeraren alde egiteko, baina Espainiako Gobernuak neurri sorta baten barruan sartu du pentsioena, omnibus dekretu baten barruan, eta horrek eragin du eskubiko bi alderdiek kontra bozkatzea.

Neurri sorta horren artean dira, besteak beste, familia zaurgarriak etxegabetzea debekatzen jarraitzea, familia horiei oinarrizko zerbitzuak ez etetea, bonu sozial elektrikoa eta Valentziako uholdeetan kaltetutakoen laguntzak.

 

Finean, Junts per Catalunyaren esku zegoen neurria aurrera ateratzea, baina aurka bozkatu du. Alderdi katalanak Pedro Sanchezen gobernuari “xantaia politikoa” egitea leporatu dio, neurri sorta osoa onartzen ez bada, pentsiodunei kalte egiten zietelako.

Hego Euskal Herriko pentsiodunek %2,7ko igoera izan zuten euren pentsioan urtarrilean. Espainiako Gobernuak beste lege-dekretu bat aurkeztu beharko du igoera hori mantentzeko.