Espainiako Kongresuak pentsioen erreforma onartu du

Pentsioak kalkulatzeko sistema berria apirilaren 1ean sartuko da indarrean, arau jakin batzuk kenduta

Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa

Espainiako Diputatuen Kongresuak argi berdea eman dio pentsioen erreformari, gehiengo zabalaren babesarekin. Orotara, aldeko 179 boto, aurkako 104 eta 61 abstentzio izan ditu erreformak: PSOEren eta Unidas Podemosen botoei EAJ, ERC, PDeCAT, Coalicion Canaria, Compromis, PRC, Teruel Existe eta Mas Pais alderdiak batu zaizkie; PPk, Ciudadanosek, CUPek, Foro Asturiasek eta BNGk aurkako botoa eman dute; eta EH Bildu Junts eta Vox abstenitu egin dira.

Errege dekretu lege ordez, lege proiektu bezala tramitatzearen alde egin dute 344 parlamentariek, tramitazioan aldaketak egiteko aukera izan dezaten.

Larunbat honetan, apirilaren 1ean sartuko da indarrean pentsioen erreforma berria, arau jakin batzuk izan ezik. Besteak beste, jubilazioa zenbatekoa izango den neurtzeko baremoetan izango du eragina. Izan ere, orain arteko sistemak kotizatutako azken 25 urteak hartu ditu kontuan, eta berria 29 urtekoa izango da, bi urterik txarrenak baztertzeko aukerarekin. Bi zenbaketak mantendu egingo dira, eta langileak bata edo bestea aukeratu beharko du, gehien komeni zaiona, bere ibilbide profesionalaren arabera. Mekanismo misto hori hurrengo 20 urteetan mantenduko litzateke.

Horrez gainera, senideren bat zaintzeko eszedentzia edo murrizketaren bat hartuz gero, lehen hiru urteak %100ean kotizatutzat hartuko dira pentsioa kalkulatzerakoan.

Europako Batzordearen eta sindikatuen onespenarekin iritsi da pentsioen erreforma Kongresura, Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak bultzatuta. “Sistema berriak etorkizuneko pentsioak bermatzea ekarriko du, neurri sorta orekatu baten bidez”, adierazi du Kongresuan egindako adierazpenetan. Hiru oinarri ere indartuko direla iragarri du: sistemaren nahikotasunaren bermea, jasangarritasuna, eta berdintasuna.

Informazio gehiago
Espainiako Ministroen Kontseiluak pentsioen erreforma onartu du
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK