Esti Cosano Iraola: "'Atzeraldian sartuko gara ala ez?'. Hori da zalantza eta kezka nagusietakoa"

Argazkia: EITB Argazkia: EITB

Esti Cosano EITBko Ekonomia arduraduna da, eta oso argi du 2022ko terminoa zein izan den: inflazioa. Albiste ekonomikoei espazio handiagoa eskaini zaiela nabarmendu du, gizartearen intereseko gaiak baitira, nahiz eta audientzietan berebiziko islarik ez izan.  2023ra begira, inflazioaren bilakaera, baita hazkunde ekonomikoarena ere gertutik jarraituko dutela dio.

Zein da zuentzat 2022ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Urtea hitz batean laburbildu beharko banu, INFLAZIOA esango nuke; gertatutako guztia biltzen duen hitza dela uste dut.

Otsailean hasitako gerrak ekonomia domino-joko baten piezak balitz bezala mugitzea ekarri du, ondorio batek hurrengoa bultzatuz. Hasteko, aurrekaririk gabeko krisi energetiko batean murgildu gaitu, eta inoiz baino ageriago utzi du Europak duen mendekotasuna. Gasaren eta erregaien prezioa garestitzea ekarri du, baina ez hori bakarrik, Errusiatik eta Ukrainatik datozen lehengaien eta mineralen dependentzia handia ere azaleratu du; hainbat enpresa ekoizpena etetera behartu ditu. Ondorioz, prezioak %10,8raino igo dira; 1980ko hamarkadatik ez zen KPIa maila horretan kokatzen. Are gehiago, erosketa saskiaren kasuan; azaroan bertan iaz baino %15 garestiago dago INEren datuena arabera.

Ekonomiaren erpin horietaz guztietaz jardun dugu aurten; ikuspegi markroekonomiko batetik bai, baina bereziki, guri, euskal herritarroi, nola eragin digun aztertu dugu albistegietan.

2023ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenuke, zein nahiko zenukete titularra edo albistea izatea?

Inflazioa gerra aurreko mailara iristeaz gain, aparta litzateke euskal enpresa batek auto-hornikuntza energetikorako gakoa aurkitu duela kontatzea.

"Gizarteak zuzen-zuzenean bere poltsikoari eragiten dioten gaiak arreta handiagoz jarraitzen dituela esango nuke; kalean zein merkatuetan ez da egon beste hizketa-gairik azken hilabete hauetan. Gero hori audientzietan ez dugu bereziki nabaritu"

Nola ikusten duzue 2023?

"Atzeraldian sartuko gara ala ez?". Hori da zalantza eta kezka nagusietakoa ekonomia alorrean 2023ari begira.

Ziurgabetasun ekonomiko handia datorrela diote aditu guztiek, eta uste baino gehiago iraungo omen du inflazioak. EITBko Ekonomia Sailetik, beraz, gertutik jarraituko dugu inflazioaren eta hazkunde ekonomikoaren bilakaera; moteltzea noraino iristen den ikusi beharko dugu, eta enpleguari zein enpresen jardunari eragiten dien aztertuko dugu.

Gizartean dauzkan ondoriei ere adi egongo gara; izan ere, inflazioari aurre egiteko Europako Banku Zentralak interes-tasak igo ditu, eta horrek euriborraren gorakada ekarri du; urtea %3tik gertu itxiko du eta hipoteka zein maileguak garestitu egingo ditu. Kontuan badugu EAEn dauden maileguen %70 inguru aldakorrak direla, eragina zuzen-zuzena izango da.

Ekonomiari loturiko aktualitatea bereziki bizia izan da aurten. Nolakoa izan da hori kudeatzea? Jendeak albiste horiek gehiago 'kontsumitu' ditu?

Ekonomia ziklikoa izaten da, eta lau-bost urtetik behin horrelako olatuak izaten ditugu. Egia da azken boladan maiztasun handiagoarekin tokatu direla eta espazio handiagoa eskaini diegula albiste ekonomikoei albistegietan.

Gizarteak zuzen-zuzenean bere poltsikoari eragiten dioten gaiak arreta handiagoz jarraitzen dituela esango nuke; kalean zein merkatuetan ez da egon beste hizketa-gairik azken hilabete hauetan. Gero hori audientzietan ez dugu bereziki nabaritu, baina gizartean interesa piztu duela, bai.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK