• EKONOMIA
  • Estibaliz Goñi (Iberdrola): "Etorkizuneko sareek sendoak, malguak eta ziberseguruak izan behar dute"

Estibaliz Goñi (Iberdrola): "Etorkizuneko sareek sendoak, malguak eta ziberseguruak izan behar dute"

Estibaliz Goñi | Argazkia: utzita
Estibaliz Goñi | Argazkia: utzita
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 30a - 12:00

Joan den apirileko itzalaldiak zeresana eman du sare elektriko eta energiari dagokionez. Estibaliz Goñi Iberdrolako I-DE Iberdrola Taldeko Prozesu eta Teknologia zuzendariak uste du sareak modernizatzeko inbertsioak handitu beharko direla 2026an. Izan ere, 2050erako energia-kontsumoaren %50 elektrikoa izatea espero da. Kezka azaldu du munduko trantsizio energetikoak talentuari dagokionez planteatzen dituen erronkak direla eta.

 

Zein da zuentzat sare elektrikoekin lotutako 2025eko albisterik garrantzitsuena? Zergatik?

Iberdrolaren 2025-2028 plan estrategikoak 58.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta horietatik 37.000 milioi operatzen dugun herrialdeetako sare elektrikoetarako izango dira. Horrek indartu egiten du ekonomiaren elektrifikazioaren aldeko apustua.

Oso albiste garrantzitsua izan zen, halaber, irailean Espainiako banatzaileek energia eskariaren lehenengo gaitasun-mapa argitaratu izana, agerian utzita sare elektrikoen %84 euren ahalmenaren mugan daudela (%87 azaroan), eta horrek konexio berriak geldiarazten dituela. Hondoko egoera horrekin, albiste positiboa izan zen Espainiako Ministerioak sareen inbertsio-mugak handitzeko Errege Dekretuaren proiektu bat aurkeztu izana, garraioan 3.600 milioi gehiago eta banaketan 7.700 milioi gehiago jarrita.

 

2026ra begira titularra edo berria aldatu ahal izango bazenu, zein gustatuko litzaizuke izatea berri hori?

Espainiako banaketa elektrikoaren jarduerak finantza-ordainsariaren tasa eta ordainsari-eredu bat dituela, inbertitzaileek eskatzen duten egonkortasuna eta erakargarritasuna ematen duena. Horrela, gure inguruko herrialdeetakoarekin aldera gaitezke, eta ekonomia osoaren industrializazioari eta gure balio-kate osoari mesede egitea eta indartzea ahalbidetuko luke. Iberdrolaren inbertsio-planak agerian uzten du konpainia prest dagoela elektrifikazioaren aldeko asmo handiko apustua egiten den inguruneetan sareetan inbertitzeko, eta erregulazioa proposamen horren mailan dago.

"Sare elektrikoek eskatzen duten eraldaketa zuzentzeko eta elektrizitatearen abantaila guztiak bezero industrialen eta etxekoen zerbitzura jartzeko teknologia eta ikuspegia ditugu"

Nola ikusten duzu 2026a?

Ikusmin handiarekin; izan ere, azkenean onartuko den finantza-ordainsariaren tasa eta banatzaile elektrikoek beren jarduera garatzen duten ordainsari-eredua elektrifikazioarekiko eta potentzial osoarekiko konpromisoaren seinale izango dira, eta horrek eragin argia izango du gure balio-kate osoan.

Nolabaiteko kezkaz ere bai, munduko trantsizio energetikoak talentuari dagokionez planteatzen dituen erronkengatik, eta eskulan kualifikatuaren eskasiagatik ikusten ditugun zailtasunengatik.

Era berean, ilusioz beterik, Iberdrolan sare elektrikoek eskatzen duten eraldaketa zuzentzeko eta elektrizitatearen abantaila guztiak bezero industrialen eta etxekoen zerbitzura jartzeko teknologia eta ikuspegia ditugulako.

Sareak garrantzitsuak dira aspaldidanik, baina apirileko itzalaldiarekin protagonismo berezia hartu dute gizartean. Nolakoak izan behar dute etorkizuneko sareek? Eta zer pauso ematen ari dira horrelakoak izan daitezen?

2050ean munduko energia-kontsumoaren %50 elektrikoa izatea espero da. Etorkizuneko sareek sendoak, erresilienteak, malguak eta ziberseguruak izan behar dute. Hori lortzeko, gero eta inbertsio-maila handiagoak behar dira, bereziki, berrikuntzan eta digitalizazioan. Sarearen behagarritasunean lan egiten jarraitu behar dugu, gorabeherei aurrea hartu behar diegu, eta ahalik eta azkarren erreakzionatu behar dugu, zerbitzua berriz jartzeko, halakorik gertatuz gero.

Funtsezkoa da, halaber, gure azpiegiturari eragin diezaiokeen edozein gorabeheraren aurrean babestuko gaituzten informazioaren segurtasuna kudeatzeko sistema sendoak izatea, funtsezko zerbitzua ematen baitugu. i-DEren kasuan, Iberdrola taldeak Espainian duen banatzaileak urtean 40 milioi euro baino gehiago inbertitzen ditugu I+G+bn, eta horri esker digitalizazio-maila oso altuak lortu ditugu (%95 inguru). Gainera, duela gutxi informazioaren segurtasunari buruzko 27001 ziurtagiria lortu dugu, eta gure inbertsio-planek gero eta automatizazio-maila handiagoak aurreikusten dituzte jarduten dugun tentsio-maila guztietan.

Azkenik, merezi du erresilientziaren arloan egindako ahalegina azpimarratzea, muturreko gertakari klimatologikoen aurrean gure instalazioen portaera hobetzen duen anbizio handiko proiektu bat amaitu baitugu.