Aurreikusi zitekeen moduan, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du etxebizitza arloko premiazko neurrien legea. EAJ eta PSE-EEren lege proiektuak ez du gainerako alderdi politikoen onespena jaso, eta espero zen bezala aurka bozkatu dute Voxek, PPk, Sumarrek eta EH Bilduk.
Premiazko neurrien proposamena onartzeko prozedura ekainean abiatu zen; sei hilabeteren ondoren emango zaio amaiera, bihar, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) legea argitaratzen denean. Nolabait ere “alor teorikoa” amaitu den honetan, praktikara eraman beharko dira, orain, adostutakoak.
Aldaketak eragina izango du tramitazioen epeetan, etxebizitza babestuen gaineko neurrietan, hirigintzan eta etxebizitza turistikoetan. Legeak babes publikoko etxebizitzarako erreserba murriztuko du, hau da, udalek aukera izango dute etxebizitza berriak eraikitzen direnean babestutakoak gutxienez %60 izatera, orain arteko %75aren ordez. %60 horren barruan %55 izan beharko dira gizarte-babeseko etxebizitzak eta %5 tasatutako etxebizitzak. EAJ eta PSE-EEren arabera, horrek ahalbidetu dezake urbanizazio prozesuak garestiegiak diren eremuetan promotore pribatuak mobilizatzea, proiektuek aurrera egin ahal izan dezaten.
Etxebizitza berriak eskuratzeko, lege proiektuak proposatzen du lurzorua mobilizatzea. Horretarako, ekipamendurako lurzoru publikoak erabili nahi dira zuzkidura-bizitokiak sortzeko, lurzoru horien erabilera formalki aldatu behar izan gabe, betiere, argudiatzen bada toki horretarako aurreikusitako ekipamendua jada ez dela beharrezkoa.
Bestalde, etxebizitza turistiko berriak ezartzeko tramitazioa geldiaraziko dute neurriek, hori bai, soilik tentsio handiko gune izendatutakoetan. Lege proposamenean jasotzen da neurri hori “etxebizitza izateko eskubidea babesteko interes orokorrean oinarritzen” dela. Tentsio handiko eremu diren guneen ildo beretik, legea betetzen ez dutenentzako zigorren araubidea ere jasotzen du testuak.