• EKONOMIA
  • Udazkenean jarriko da martxan etxebizitza erosteko laguntzen abal-lerroa

Udazkenean jarriko da martxan etxebizitza erosteko laguntzen abal-lerroa

3.000 etxebizitza abalatzea aurreikusi du Jaurlaritzak 2029 urtera bitartean

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko uztailaren 8a - 13:02

Euskadiko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrenean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 144 milioi euroko abal-lerro berria, zeina EAEko 18 eta 39 urte bitarteko gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzera bideratuko den. Gaurko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi dutenez, finantzaketa lerroa udazkenean jarriko da martxan.

 

Nerea Melgosa sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak espero duela laguntzarekin 3.000 etxebizitza abalatzea 2029. urtera bitartean. Duela aste batzuk iragarri zuten moduan, abalek etxebizitzen hipotekaren %80tik gorakoa estaliko du, betiere, higiezinaren erosketaren prezioak ez baditu 340.000 euroak gainditzen eta eroslearen lehen etxebizitza bada. Izan ere, Melgosaren hitzetan bankuek ez dute %80tik gora falta den %20 hori estaltzen, eta gaur egun gazteek ez dute %20 hori ordaintzeko ahalmenik.

Eskatzaileak gehienez 50.400 euro kobratu behar ditu urtean, eta bi pertsona izatekotan irabaziek ezingo dituzte 86.400 euroak gainditu. Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak zehaztu du gehienezko kopuru horiek beste dirulaguntza batzuetan (Gaztelagun edota Emantzipa) baino altuagoak direla, lehen etxebizitza erosi nahi duen pertsona profila askoz ere zabalagoa delako, eta Jaurlaritzak ulertzen duelako errenta handiagoak eta bestelako zailtasunak dituzten pertsonak direla. Horregatik, adostutako irabazien mugak eskuzabalagoak dira erosketa abal-lerro berriaren kasuan. Hala ere, datorren astean Gaztelagun programan aldaketak egongo direla iragarri du sailburuak.

 

Denis Itxasok baieztatu du abalen bitartez, EAEko gazteei lehen etxebizitza erosteko erraztasuna eskaintzeaz gain, “erlaxatu” egingo dela alokairuko etxebizitzen eskaria. “Alokairuko etxebizitzen egungo eskaria sekulakoa da, erosteko ahalmena ez duten pertsona askok alokairura jotzen dutelako. Abal berriak alokairu-eskatzaileen erregistroari presioa kentzen lagun diezaioke”, azaldu du sailburuak.