• EKONOMIA
  • Etxebizitza eskuragarri baterako lankidetza publiko-pribatua

Etxebizitza eskuragarri baterako lankidetza publiko-pribatua

Etxebizitza da egun hiritarren kezka handiena, Euskal Ekonomisten Elkargoaren arabera, eta horri aurre egiteko neurriak proposatu ditu 2024ko Ekonometroan. Ekonomisten %25ek baino gehiagok uste du EAEko ekonomiak hobera egingo duela aurten

Iñaki Fernandez de Gamboa eta Noemi Peña, atzo, Bilbon | Argazkia: Europa Press
Iñaki Fernandez de Gamboa eta Noemi Peña, atzo, Bilbon | Argazkia: Europa Press
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko otsailaren 6a
Eg. 2025eko otsailaren 6a

2024ko Ekonometroa aurkeztu zuen atzo Euskal Ekonomisten Elkargoak. Iazko egoera ekonomikoaren azterketa eta 2025eko aurreikuspen ekonomikoen berri eman zuten Bilbon egindako prentsaurrekoan. Elkargoko 279 pertsonek erantzundako galdetegiaren arabera, ia erdiak bere egoera ekonomikoa orain urtebetearen parekoa dela uste du, heren batek, aldiz, egoerak hobera egin duela dio, eta %15,6k esan du okertu egin dela.

 

Halako eta bestelako hainbat datu xehatu zituen elkargoak. 2025era begira, esaterako, ez dira bereziki baikorrak galdekatutakoen aurreikuspenak, %55,6k iazko egoera ekonomiko berari eutsiko diola uste baitu. %27,3k soilik espero du bere egoera ekonomikoak hobera egitea, eta %13,3k zertxobait okertuko dela dio.

Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoaz ere galdetu du ikerketak. %35,4k uste du ekonomiak hobera egin zuela iaz eta %33k okerrera. Emakumeak eta 30 urtetik beherako eta 60 urtetik gorakoen taldeak dira baikorrenak, horietako gehiengoek hobekuntza izan dute begitantzen baitute. 30 eta 60 urtekoen artean, “iritzi sakabanatuagoak” daude. Horrekin batera, sektore publikoan, ekonomiak okerrera egin duenaren pertzepzioa da nagusi; auditoretza, industria eta zerbitzuetan, berriz, ikuspegi positiboagoa igartzen da.

 

2025ean zer?

Elkargoak nabarmendu du ekonomisten aurreikuspenen artean desberdintasun asko daudela, eta ez direla adostasun batera iristen. Iñaki Fernandez de Gamboa eta Noemi Peña kideek eman dituzte txostenaren nondik norakoak. Euren iritziz, informazio iturri ugari ditugu egun, eta horrek askotariko iritziak eta aurreikuspenak dakartza ekonomiaren hainbat alorretan.

Ekonomisten %25ek baino gehiagok uste du ekonomia orokorra apur bat hobetuko dela, %38k okerrera egingo duela eta %32k egonkor mantenduko dela. “Polarizazio argia” ikusten du elkargoak, eta erantzunei buruz egindako azterketa kualitatiboak “informazio ekonomiko objektiboa” bilatu beharraren garrantzia azaleratzen duela nabarmendu du.

Ekonomisten %72k uste du aurrezteko aukera izango duela 2025ean

Langabezian ere denetariko erantzunak jaso dituzte. Gutxi gorabehera, ekonomisten heren batek maila berean mantentzea espero du, beste batek behera egingo duela uste du, eta hirugarren herenak gora egingo duela. Halaber, gehiengo batek (%72) 2025ean aurrezteko aukera izango duela uste du. Elkargoak aurrezkiak finantza kudeaketa pertsonalean duen garrantzia gogoratu du, ziurgabetasun garaietan, batik bat. “Aurrezkia funtsezko zutabea da epe ertain eta luzerako egonkortasunerako, ezustekoen aurrean babestuz eta erosteko ahalmena ziurtatuz inflazioaren edo dezelerazio ekonomikoen aurrean”, dio Ekonometroaren txostenak.

Lehiakortasun faktoreak: lan kostuak, berrikuntza eta fiskalitatea

EAEko ekonomiaren lehiakortasunean eragin dezaketen faktoreak soldata kostuak, I+G+b eta presio fiskala dira. Fernandez de Gamboak eta Peñak nabarmendu dute energiaren prezioak behera egin duela faktore eragingarri gisa, aurreko urtearen aldean, eta, kontrara, zerga presioaren faktoreak hartu duela garrantzia.

Aipatutako hiru lehiakortasun faktoreen atzetik datoz formakuntza (%11), finantzaziora sarbidea (%10), energiaren prezioa (%9) edota kontsumo maila (%8).

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak

Pasa den abenduan Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) ondutako inkestaren arabera, Espainiako Estatuan etxebizitza bilakatu da hiritarren kezka nagusia, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2024ko hirugarren hiruhilekora arte egindako etxebizitza libreen salerosketen metro koadroaren batez besteko prezioak gora egiten jarraitzen duela diote Eustaten azken datuek. Hori abiapuntu hartuta, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak aztertu ditu 2024ko Ekonometroak.

Etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar dela uste du ekonomisten %42,5k. Beste %26,3k dio alokairuaren prezioaren erregulazioa dela ezarri beharreko neurria. “Kolaborazioa publiko-pribatua eta alokairu prezioen erregulatzea garrantzitsua da, baina uste dugu beste herrialde batzuetako etxebizitza politika ereduak aztertu beharko genituzkeela”, adierazi du Fernandez de Gamboak.

Fernandez de Gamboa: “Kolaborazioa publiko-pribatua eta alokairu prezioen erregulatzea garrantzitsua da, baina uste dugu beste herrialde batzuetako etxebizitza politika ereduak aztertu beharko genituzkeela”

Nabarmentzekoa da soilik inkestatutakoen %3k uste duela ez dela etxebizitzara sarbidea errazteko neurririk hartu behar. Era berean, ekonomisten %50ek eremu tentsionatuetan arrazoizko prezioetan alokatzen duten jabeentzako eta gazteen kolektiboentzako kenkari fiskalak handitzea proposatu du. Beste %20rentzat, aldiz, onuragarria litzateke babes ofizialeko etxebizitzetan edo etxebizitza eskuragarrietan inbertitzen duten eraikuntza enpresei pizgarri fiskalak eskaintzea.

Inkestan ere galdetzen da ea talentua erakartzerako garaian etxebizitzaren afera arazoa izan daitekeen. Ekonomisten gehiengoa ez dator bat, izan ere, iritzi diote soldata eta lan baldintzak garrantzia handiago dutela talentuaren atxikipenari dagokionean. Dena den, zera azpimarratu nahi izan du elkargoak: etxebizitza faktore nagusia ez bada ere, "talentuaren mugikortasunean duen eragina ez dela gutxietsi behar", funtsezko sektoreen artean bereziki.