• EKONOMIA
  • Etxebizitza publikoa, ekonomia ekologikoaren eredu: Balear Uharteko kasua

Etxebizitza publikoa, ekonomia ekologikoaren eredu: Balear Uharteko kasua

Administrazio publikoak garatutako proiektuari esker, alokairuko etxebizitza publiko "osasuntsuak" eraiki dira Balear Uhartean

Etxebizitza publikoa ekonomia ekologikoaren eredu | Irudia: utzitakoa
Etxebizitza publikoa ekonomia ekologikoaren eredu | Irudia: utzitakoa
ula eta pautxo txikitu gabe
Irakaslea / Arkitekto-doktorea eta EHUko irakaslea
2026eko apirilaren 7a - 05:30

2026ko urtarrilaren 28an EnpresaBIDEAk argitaratutako artikuluan etxebizitzaren eraikuntzari ekonomia ekologikoa ezartzea eskatzen bagenion, jarraian duzun artikuluan teoria hura kasu erreal batekin bistaratu nahi dugu. Artikulu honek etxebizitzaren merkatu-egoeran eragin nahi izan duen administrazio publiko baten bozgorailu izan nahi du eta gure testuingurura ekar ditzakeen hainbat gogoeta-emaile ere bai.

 

Balear Uharteko etxebizitza institutu publikoak (IBAVIk) 2019-2023 bitartean apustu bat egin zuen: 4 urteetan ordura arteko etxebizitza publiko sozial kopuru berdina eraikiko zuten, baina denak alokairu formatuan, betirako publiko kalifikazioarekin eta, berritzaileena, etxebizitza osasuntsuak eta energia gastu gutxikoak izateko bermearekin. Horrek esan nahi du, etxebizitza publikoaren parkea handitzeko politikaren bitartez 4 esparru desberdinetan eragiteko nahia agertu zela: higiezinen merkatuan, testuinguru sozialean, ingurumenean eta ekonomia lokalean. Helburu handitetsu bat baino, egitasmo konprometitu bat da bizi dugun bizitoki-larrialdi eta krisi ekologikoaren aurrean, erantzun bateratu bat emateko nahiarekin. Hartutako ardura politiko eta teknikoak eraikuntza ulertzeko eta egiteko beste modu bat eskatzen zuen, betiere eraikitzeko kostua handitu eta eraikitzeko epea luzatu gabe. Emaitza: proiektuaren lidergoa hartu zuen politikaria 2024. urteko Londresko Royal Academy of Arts sariarekin omendu zuten eta esperientzia pilotua eredugarri bilakatu da beste lurraldeentzat (saritutako programaren bidez burututako proiektu baten irudiak hemen).

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Balear Uharteetan gauzatutakoaren garrantziaz jabetzeko, eraikuntza sektorearen ekonomiara hurbildu behar gara lehenik. Eraikuntzaren industrializazioak, materialen garraio globalizatuak eta energia komertzial merkeak posible egin du eraikina bere testuinguru eta ingurumen gertuko baldintzetatik “askatzea”, arkitektura tradizionalarekin egitea posible ez zena. Arkitektura modernoak klima eta testuinguruarekiko harremanak lausotu ditu, beste alor batzuetan interesa kokatuz. Industriak ekarritako material berriek industria zabal eta oparoa sortzearekin batera, eraikina begiratzeko modu jakin bat suposatu dute: testuingurutik isolatuta egoteaz gain, eraikina funtzio zehatzeko makina baten moduan ulertzen da, atal bakoitzari industria-ekonomia bat dedikatzen diolarik. Ekonomia horrek eraikuntzako prezioak jaitsi eta eraikuntza-epeak murriztea lortu du. Gizakiak ez du beste garairik ezagutu zeinetan hainbeste eraikin kopuru hain denbora gutxian eraiki dituen.

 

Bioeraikuntzak darabilen errezeta erraza bezain zaharra da: lekuak ematen dituen baliabideekin egingarria den etxebizitza bat eraikitzea

Eraikitzeko modu horrek emaitza eta aurrerapen interesgarriak utzi dituela ukatu gabe, ekonomia globalean oinarritutako eraikuntzak ekonomia ekologikoa alboratua utzi du, bere aktibitateak osasunean eragiten dituen ondo-kalteak (giza-gorputzean eta ingurumenean) aintzat hartu gabe. Lehentasuna epe laburreko irabazietan jartzea izan baita. Horregatik, osasunaren premisa barneratzen duen eraikuntza bat egin nahi izateak beste modu batean eraikitzea eskatzen du: ez da posible krisi ekologikoari erantzun bat topatzea krisia sortu duten teknika eta material berdinak erabiliz. Balear Uharteko arkitekto-taldeak etxebizitza sozial osasuntsuak eraikitzeko bioeraikuntza eta bioklimatikaren sistemak aukeratu zituen.

Bioeraikuntzaz ezagutzen da espazioen osasuna ardatz duen eraikitzeko modua. Hitz teknikoarekin esan nahi dena ulertzeko, lagungarria gertatzen da elikadura-ekonomiarekiko konparaketa: agroekologiak agroindustrian egiten duena, bioeraikuntzak eraikuntza sektorean egiten du. Ulerkorra zaigu denoi, supermerkatuko edo merkatu lokalean dastatutako sagarrak arras desberdinak direla. Eta jakin badakigu, sagar bakoitzak atzean babesten duen ekonomia oso desberdina dela ere bai. Agrokimikoek nekazaritza irauli zuten bezala, arkitekturan hormigoia eta petroliotik eratorritako plastiko eta kimikoek beste espazio-aukera batzuk ekarri dituzte. Baina deskarbonizazioaren garaian sartuak gaudelarik, eta eraikuntza sektoreari CO2 isurketen %30 esleitzen zaiolarik, laster ezarriko da CO2 isurketen murrizketarako baldintza eraikuntza-sektorean. IBAVIk aurrea hartu dio etorriko denari.

Bioeraikuntzak darabilen errezeta erraza bezain zaharra da: lekuak ematen dituen baliabideekin egingarria den etxebizitza bat eraikitzea. Lekuari begiratzea, osotasunari arreta jartzea da; kokatzen deneko orientazioa, haize nagusiak, landaredia, tokiko industriez baliatzea eta tokiko material, jakintza eta baliabideen mapa baten gainean aritzea eraikuntzako erabakiak hartzeko unean. Eraikina eta eraikuntza lekuarekin batera lan egiteko konpromiso bat da, elkarrekintzan gizakiaren bizi-baldintza egokiak lortzeko nahiarekin, baina inguruaren ustiapenari mugak jarriz.

Balear Uharteko etxebizitza | Argazkia: H Arquitectes
Balear Uharteko etxebizitza | Argazkia: H Arquitectes

Bioeraikuntzarekin batera bioklimatika aplikatzen da kasu hauetan: eraikinaren berotze eta freskatze beharrak barne eta kanpoko bero eta haize fluxuekin batera funtzionaraztea esan nahi du, tokiko klimaren baldintzekin batera lan egitea alegia. Eraikinaren aireztatze eta berotze sistema pasiboen adibideak dira galeriak, landaredientzako atariak, haize-tximiniak, negutegiak, tronbe-hormak, inertzia termiko handiko hormak… Osotasuneko diseinuak eraikinaren gastu energetikoa gutxitzea lortzen du, eraikitze prozesuan eta baita erabilera bizitzan ere.

Deskribatutako eraikuntza ezaugarriekin eraiki da IBAVIko etxebizitza publiko eta sozialen proposamena. Deskarbonizaziorako materialak topatzeko tradiziozko eraikuntzara jo dute, horiek baitira energia baxuko xurgatzaileak. Material tradizionalak dira lurra, buztina, karea, harria eta horiek industrializazio mugatuko egitura sistemekin konbinatu dituzte. Tradiziora jotzeak ez du esan nahi garaikidetasunak eskatzen dituen konfort espazial, anbiental eta bizitoki-beharrei uko egitea.

Europar funtsen bidez bioeraikuntza eta bioklimatikan oinarritutako ikerketa lan bat jarri zuten abian, proposatu nahi ziren aldaketa-iraultzaileen datuak eskuratzeko

Sagarren etsenplua buruan badugu, seguru honezkero galdetuko zenutela ea nola izan den posible bio etiketara jotzea prezioa garestitu gabe. Balear Uharteko etxebizitza publikoetan beharrezkoak ez diren hainbat elementu baztertu dituzte. Eraikuntza-lanak hainbeste garestitzen dituzten lur-azpiko garajeak alboratu dira, margoketa akaberarik ez dago, instalakuntza hoditeria ezkutatzeko lanak bazterrean utzi dira, eta etxeek ez dute freskatzeko eta berotzeko sistemarik (edo sinplifikatu dira). Elementu horiek guztiak ez eraikitzearen truk, posible izan da biomaterialen artisautza lana ordaintzea. Bere aldetik, biomaterialek isolamendu, akustika eta higrotermia (hezetasunaren erregulatzaile) baldintza ezin hobeak ekarri dizkiote bizitokiari.

Etxebizitza programak lortu dituen emaitzak emankorrak dira: toxikorik gabeko bizitokiak, tokiko harri tradizionalaren harrobi baten ekonomia berpiztu da teknologia garaikidearekin, eta galdutako artisauen jakintza arkitektura garaikidera eraman da. Eraikuntzaren ekonomian dirutza handia dedikatzen zaio berotze eta hozte instalakuntzei, eta bioklimatikaren sistema pasiboek ahalbidetu dute etxebizitzen mantenuaren hilabeteko gastua oso baxua izatea. Alokairuen ez-ordaintze kopuru kasuak arras jaistea lortu da.

Kontatu dugun eredua posible izan da programa martxan jarri aurretik eraikitako etxebizitzen monitorizazio-lanari esker. Europar funtsen bidez bioeraikuntza eta bioklimatikan oinarritutako ikerketa lan bat jarri zuten abian (life resusing posidonia deritzona), proposatu nahi ziren aldaketa-iraultzaileen datuak eskuratzeko. Ebaluaketa lan horiek giltza eta berme izan dira politikoki etxebizitza osasuntsuen alde egiteko.

Era berean, programa aurrera eramatea posible izan da biomaterialekin lan egiten dakien langile-belaunaldia bizirik dagoelako oraindik. Galtzear den teknikaren ezagutza eta materialen jakintza berreskuratzeko edo formakuntzarako bideak behar direla agerian gelditzen da. Esana dago, ekonomia ekologikoa epe luzerako inbestitze bat dela, etorkizuneko belaunaldietarako oinarri osasuntsuak jartzeko helburua duelako.

Funtsezkoa da ekonomia ekologikoa bultzatzen duten proiektuen sinatzailea administrazio publikoa izatea. Ekonomia legitimatzeko balio du eta beste proiektu posibleentzat bermea da

Funtsezkoa da ekonomia ekologikoa bultzatzen duten proiektuen sinatzailea administrazio publikoa izatea. Ekonomia legitimatzeko balio du eta beste proiektu posibleentzat bermea da. Eta programak beharrezko dituen tokiko industriaren sustapenerako ehundura publikoa alde izatea estrategikoa da.

IBAVIk burututako apustua posible izan da, lan-talde politiko eta tekniko sendo bat egon delako programa sostengatzen bidean sortu diren mota askotariko zailtasunei ebazpide emateko. Industria-ekonomiak kalitate eta berme-ziurtagiri sistema bat du bere alde eta kanpo gelditzen diren biomaterial askoren onarpenerako zailtasunak izan dira. Bete beharreko arautegiak egokitu behar izan dira industriaren sistematik kanpoko soluzioak onartuak izateko. Bidea ez da erraza izan.

Dimentsio sozial, ekonomiko, politiko eta arkitektonikoak uztartzen dituzten etxebizitza sozialen eraikuntza-eredu bilakatu da IBAVI. Orainetik etorkizunaren ekonomia ekologikoa bultzatzeko ikasleku.