• EKONOMIA
  • Etxebizitzaren ekonomia ekologikoa: etxebizitzaren inbestitze-balioaren kontzeptu aldaketa bat

Etxebizitzaren ekonomia ekologikoa: etxebizitzaren inbestitze-balioaren kontzeptu aldaketa bat

Etxebizitzaren prezio zentzugabeak ekonomia eredu bati erantzuten dio, zeinak diru-irabazpideak eta errentagarritasuna lehenesten dituen

Etxebizitzaren ekonomia ekologikoa | Argazkia: utzita
Etxebizitzaren ekonomia ekologikoa | Argazkia: utzita
ula eta pautxo txikitu gabe
Irakaslea / Arkitekto-doktorea eta EHUko irakaslea
2026eko urtarrilaren 28a - 05:30

Gehienok bat egingo genuke esaterakoan edozein hiri eta herrietan higiezinen denda batean agertzen diren etxebizitzen prezioak neurrigabekoak direla. Eta horregatik, etxebizitzaren prezioaren afera arazo larrienetako bat da Hego eta Ipar Euskal Herriko ekonomian. Ekonomia domestikoaren betekizuna oinarrizko bizi baldintzen gastuak ordaintzea da, eta gastuei erreparatzen badiegu, energia eta janariaren azken igoerak baino askoz garestiagoa da etxebizitzaren erosketa edo alokairu prezioa. 

 

Ozen esan behar da: higiezinen prezioak ez dio eraikuntza gastu igoera bati erantzuten, azken urteetan igoera handi bat izan duen arren. Etxebizitza inbestitze-produktu bilakatu den unetik, salmenta eta gastuen arteko irabazi marjina oso zabala da, lukratibotasun-maila handiarekin. Deigarriena da neurriz atera den etxebizitza-higiezinen festan dena saltzen dela, Gabonetako kroketak bailiran.

Etxebizitzen eraikuntzan eragiten duten elementuak

Argigarriagoa egiteko, zerrendatuko ditugu etxebizitza-eraikuntza batean agertzen diren gastuak. Lehenik eta behin, gastu materialak: hormigoia, adreilua, beira, metala, egurra, igeltsua etab., zeinekin paretak, sabaiak, zoruak, fatxadak egingo diren langileen lanaren orduekin. Eraikuntza materialen prezioak gorabeherak jasaten ditu, batez ere, materialak beste lurralde batzuetatik ekartzen direnean. Kasu horietan prezioak egoera geopolitikoaren menpe daude. Lanorduen prezioei dagokionez, lurralde bakoitzean hitzartutako prezioekin aritzen da, lekuaren arabera desberdintasunak izan ditzaketenak (adibidez Errioxan eraikuntza-eskulana merkeagoa da Hego Euskal Herrikoa baino). Dena dela, eraikuntza eta urbanizazio prezioen gainean baremoen arteko bateratasun maila bat dago, faktore koiunturalek izan dezaketen eraginak salbu.

 

Eraikuntza lanetan gremio askok parte hartzen dutenez, lanak koordinatuko dituen figura bat behar da, eraikitzailea. Bestalde, diseinu eta tramitazio lanetarako teknikarien lana ere behar da: arkitektoa, aparejadorea, ingeniaria, segurtasuneko teknikaria. Prozesuan, beraz, hainbat profesionalen ordainsariak daude, eta eraikuntza lanen kostuen portzentaje batean zehazten da (onartua dago %20 inguru profesionalena izatea, eta %19 eraikitzailearena). 

Gastu horiek guztiak kontutan izanda, eta prezioen igoerarik handienak aintzat hartuta ere, etxebizitzaren prezio lazgarrian eragin gehien duena higiezinen merkatua da dudarik gabe

Etxebizitza berriaren eraikuntzaren prezioan eragiten duen beste kontzeptu bat lurzoruaren balioa da. Izan ere, eraikina kokatzen deneko lurrak balio bat du. Lurzoruaren kokapen eta hirigintzako lur-sailkapenaren arabera prezioak gora egin dezake, etorkizuneko eraikitzeko espektatiben araberakoa. Lurzoru prezioaren finkapenean espekulaziorako aukera handia dagoen arren, administrazioaren hirigintza-fiskalizazioak hartzen du prezioaren goraldia mugatzeko eginkizuna. 

Merkatua eta ekonomia eredua 

Gastu horiek guztiak kontutan izanda, eta prezioen igoerarik handienak aintzat hartuta ere, etxebizitzaren prezio lazgarrian eragin gehien duena higiezinen merkatua da dudarik gabe. “Adreiluaren prezioa ez da sekula jaisten” ahoz ahoko esaerak azaltzen du etxebizitzaren atzetik dagoen diru-gosea. Baina kontuz: merkatuan denok ari gara nolabait eragiten, alokairuan jartzen dugun etxearen prezioarekin, salerosketan onartzen ditugun prezioekin, edo bankuan uzten ditugun aurrezkiekin egiten diren inbestitzeekin. Gaiak ertz asko dituelako, berariazko artikulu bat eskatzen du.

Etxebizitzaren prezio zentzugabeak ekonomia eredu bati erantzuten dio, zeinak diru-irabazpideak eta diru-errentagarritasuna lehenesten dituen. Lerro hauetatik eta datozen artikuluetan etxebizitzaren eraikuntzari begira jarriko gara, baina lurralde baten ekonomia ekologikoaren begiradatik. Ahaztu egiten dugulako ekonomiaren oinarrizko funtsa bizi gareneko ingurumenaren kudeaketa dela. Ulermen horretatik, lurraldearen aberastasuna ez da dirua egitea, ekonomiaren kudeaketa ekologiko-orekatua egitea baizik. Bestela tranpa handian erortzen gara gizakion bizitzak ingurumenean duen eraginei begiratzen ez diogunean, hainbat kostu kanporatzeaz gain —ikus enpresabidearen 2022ko maiatzaren 19koa—, ez gabiltzalako gure bizi-ekintzak eta testuinguru material eta fisikoaren arteko loturak ulertzen ari. Erantzule gara bizitza antropikoak ingurumenean eta osasun ekologikoan dituen eraginen aurrean, eta gure ekintzak onuragarri edo kaltegarri gerta daitezke, baloratzen dugunaren arabera. Baina ingurumen-kalteak ekiditeko aukerarik egon ezean, kalte-ordainen kontzeptua eta kostu-neurketa bat sortu beharko da. Hortaz, konpentsazio-lanak gaineratu beharko zaizkio giza-ekintzaren ekonomiari. Eta uste orokorraren kontra, kasu askotan kalteen konpentsazio-gastuak produktua garestitu beharrean lagunduko du eraldatze-prozesua beste modu batean egitera edo, mugako kasuetan, bultzatuko du produktua ekoizteko ideia bertan behera gelditzera.

Ingurumen-kalteak ekiditeko aukerarik egon ezean, kalte-ordainen kontzeptua eta kostu-neurketa bat sortu beharko da. Hortaz, konpentsazio-lanak gaineratu beharko zaizkio giza-ekintzaren ekonomiari

Eraikinaren ekonomia ekologikoak dio eraikinarekin loturan diren prozesu guztien kostuak kontutan hartuko direla, hots, materialen ustiaketa, ekoizpena, desegitea, hondatzea eta sortutako hondakinen kudeaketa aintzat hartuko direla eraikinaren bizitza guztian zehar. Horrek eskatzen du ezinbestean, eraikuntza prozesuetan eraginkortasuna eta aurrezpena aplikatu behar izatea, materialen aukeraketa zorrotza izatea, beharrezkoa den materiala bakarrik xahutzea, eta eraikinen diseinuak eta erabilerak energia beharrak gutxitzea halabeharrez.

Europako aldaketa kontzeptuala

Bide horretatik, Europar Batasunak eraikuntzaren etorkizunerako berrikuntza handi bat ekarriko du aurki: eraikinen deskarbonizazioa helburu hartuta, eraikuntzaren gastuak kalkulatzeko garaian, eraikinak denboran zehar sortuko dituen mantentze-gastuak neurtzea eskatuko du. Horrek aldaketa kontzeptual iraultzailea dakar, eraikinaren ekonomia ez baita eraikitze-egoerara mugatuko, bere bizi-ziklo osora baizik (50-75 urte bitartean). Eraikuntzako materialen ekoizpena, eraikuntzako lanak, eraikinaren erabilera eta eraikinaren eraispen faseak aurreikustea eskatzen du, bakoitzaren CO2 isurketa zehazteko irmoaz. Horretarako, eraikuntzako material eta produktu ekoizleek isurketaren datua gaineratu beharko dute produktuaren deskribapenean.

Ez da oraindik materialek sortutako isurketen kalte-ordainen konpentsazio-kontzepturik ezarriko, baina eraikinaren diseinuari eskatuko zaio erabakitzen diren materialen isurketa datuen bidez, eraikinaren bizi zikloaren gastu energetikoaren emaitza zerorantz gerturatzea. Hau da, kutsatzen duen material bat erabiltzekotan, gutxi kutsatzen duen beste batekin konbinatzera behartuta izango da. Eraikinaren ekonomian material eta elementuen birziklapena eta berrerabilpenera jotzea derrigorrezkoa bilakatuko da eskatutako emaitza lortu nahi bada.

Europar Batasunak eraikuntzaren etorkizunerako berrikuntza handi bat ekarriko du aurki: eraikinen deskarbonizazioa helburu hartuta, eraikuntzaren gastuak kalkulatzeko garaian, eraikinak denboran zehar sortuko dituen mantentze-gastuak neurtzea eskatuko du

Ulermen aldaketa arras garrantzitsua da eraikinaren ekonomian denboraren aldagaia txertatzea, eraikinaren eragina eraikitzeko “instantetik” aldentzeko aukera zabaltzen digulako, eta epe luzera begira ohartu gaitezke eraikinaren eragin-maila zein den beste dimentsio batzuetan. Adibidez, osasun ekologikoan. Leku eta pertsonen osasunaren balorazioa epe luzean aztertu behar baita. Osasunaren aldagaia barneratzea interesgarria suertatzen da, eraikinaren ekonomia bizi-inbestitze baten parte bilakatzen delako. Eraikinetan eta eraikinek sortzen duten testuinguru fisikoan inbestitzeak esan nahi du osasunean inbestitzen dela. Salto kualitatiboa agerikoa da: eraikina gastu material gisa jotzetik, inbertsio bat izatera igarotzen da.

Eraikuntza guztien artean, etxebizitzetan du inpakturik handiena inbertsio kontzeptuak, etxebizitzen eraikin-kopuru handiagatik, gizakion bizi-unitatea izateagatik eta ematen zaion diru-produktu erabileragatik. Egia da etxebizitza soziala betidanik ulertu izan dela inbestitze publiko gisa, etxe bat eskuratzeko eskubidean oinarrituta. Baina ekonomia ekologikoak inbestitze publikoaren kualitate materialean jarri nahi du arreta. Ez da bakarrik etxebizitza kopuru bat eraikitzea, baizik eta denboran zehar zutik egongo den etxebizitza horiek sortuko duten testuinguru materialaren izaera zaintzea. Etxebizitza batean osasun fisiko eta psikikoarekin harremana duten ezaugarri asko biltzen direlako: etxea egunero arnasten eta ukitzen ditugun paretak, zoruak eta sabaiak dira, eraikuntza-teknologia kultural baten lekuko da, leku batekiko atxikimendua osatzen du, harreman sozialak eta inguruarekiko loturak ahalbidetzen ditu.

Ulermen aldaketa arras garrantzitsua da eraikinaren ekonomian denboraren aldagaia txertatzea, eraikinaren eragina eraikitzeko “instantetik” aldentzeko aukera zabaltzen digulako

Etxebizitzak osasun-inbestitze gisa eraikitzeak esan nahi du etxe baten bizigarritasun ezaugarriak diseinu eta material osasuntsuekin egitea. Eskatu behar dugu eraikitzen diren etxebizitzek zaindu ditzatela kokatzen diren lurraldeko baliabide naturalak eta ingurumena, eta inguruan dauden baliabide materialak kudeatzea eta toxikoak ez diren bizi-espazioak sortzea. Etxebizitzaren eraikuntzak beste ekonomia eredu bat sustatu behar duelako osasun ekologikoaren izenean.