Pisos.com atariak jasotako datuek diotenez, Hegoaldeko etxebizitzak zertxobait garestitu ziren maiatzean, apirilarekin alderatuz gero. Zehazki, prezioak %0,17 handitu ziren EAEn, ia Nafarroan bezain beste (+%0,19). Hala ere, EAEk nabarmen garestiago izaten jarraitzen du: metro karratuko prezioa 3.315 eurokoa da; Nafarroan, ordea, 1.947 eurokoa.
Bereziki nabarmentzekoa da Gipuzkoaren kasuan: maiatzean lurraldean saldu diren etxebizitzen prezioa metro karratuko 3.841 eurokoa izan da. Halaber, Donostiako higiezinak dira txostenean aztertu diren tokietatik garestienak: metro karratuko prezioa 6.611 eurokoa izan da, lurralde osoko batez bestekoaren bikoitza, alegia.
Gauzak horrela, pisos.com-en arabera etxebizitzak %2,2 garestitu dira Nafarroan, eta %1,03 EAEn: %1,14 Bizkaian, %1,08 Araban eta %0,87 Gipuzkoan. Hiriburu guztietako prezioak gehiago garestitu dira dagokien lurraldeetako batezbestekoa baino: iaz baino %2,52 prezio altuagoa dute Iruñekoek, %1,7 Bilbokoek, %1,1 Gasteizkoek eta %0,91 Donostiakoek.