Euskal gazteen kezka nagusietako bat da emantzipazioa. Gaia puri-purian dago, goia jo baitute alokairuek, etxebizitzen salmenta prezioek zein emantzipatu daitezkeen gazteen adinak; inoiz baino garestiago eta inoiz baino helduago. Eta emantzipatzeko ezintasun horrek ondorioak ditu bizitzako gainerako esparruetan. Kezka pertsonal horretatik jaiota burutu du Andoni Calvo Acebedok (Sestao, 2002) Gradu Amaierako Lana.
Gero eta gazte gehiagok ezagutzen dute egoera hori. Etxetik alde egitea ez da jada lan bat aurkitzearekin soilik lotzen den urratsa; etxebizitza ordaindu ahal izatearekin lotzen da batez ere. Horixe da, hain zuzen ere, Ekonomian egin duen Gradu Amaierako Lanaren ondorio nagusietako bat. EHUko ikasle ohi honen ikerketak 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren etxebizitzaren merkatuak izan duen eraldaketa aztertzen du, eta nola bihurtu den etxebizitzarako sarbidea gazteen emantzipaziorako oztopo nagusietako bat.
“Argi ikusi dut, emantzipazioa gero eta gehiago ari da pribilegio bihurtzen. Krisiak Espainiako etxebizitza merkatuaren oinarriak errotik aldatu zituen, eta desoreka handi bat sortu zuen soldaten, kredituaren eta etxebizitzaren prezioen artean. Eta horrek ondorio ekonomikoak ez ezik, sozialak eta psikologikoak ere baditu. Etxebizitzaren arazoak bizi-proiektu osoak baldintzatzen ditu. Ordutik, belaunaldi oso batek ikusi du independentzia pertsonala gero eta urrunago dagoela”, zehaztu du.
Andoni Calvo: “Argi ikusi dut, emantzipazioa gero eta gehiago ari da pribilegio bihurtzen. Krisiak Espainiako etxebizitza merkatuaren oinarriak errotik aldatu zituen, eta desoreka handi bat sortu zuen soldaten, kredituaren eta etxebizitzaren prezioen artean"
‘Mercado de la vivienda y emancipación juvenil en España: transformaciones tras la crisis de 2008’ izenburua duen lanak ohorezko matrikula jaso du EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, eta Euskal Ekonomisten Elkargoaren aitortza ere eskuratu du.
Krisi ekonomiko baten arrastoa
Lanaren jatorria ez dago soilik interes akademiko batean. Calvok berak azaldu duenez, 2008ko krisiak bere inguruan utzitako arrastoak piztu zuen ikerketa egiteko interesa. “Krisi hark erabat aldatu zuen etxebizitzaren merkatuaren logika”, azaldu du. Ordura arte kredituaren sarbidea askoz malguagoa zen; hipotekak lortzea errazagoa zen eta etxebizitza erostea aukera erreal gisa ikusten zen gazte askorentzat.
Krisiaren ondoren, ordea, finantza-baldintzak gogortu egin ziren. Bankuek arrisku-politikak estutu zituzten eta hipoteken finantzaketa mugatu egin zen. Ondorioz, gazte asko merkatutik kanpo geratu ziren. “Ez da soilik prezioen igoera; sarbide ekonomikoa bera aldatu egin da”, azaldu du.
“2008ko krisi hark erabat aldatu zuen etxebizitzaren merkatuaren logika”
Bere ikerketaren arabera, “2008ko krisiak ez zuen soilik higiezinen burbuila leherrarazi. Etxebizitzaren inguruko egitura ekonomikoa ere irauli zuen”. Etxebizitza berrien sustapena izugarri jaitsi zen, baina bitartean etxe berrien beharrak handitzen jarraitu zuen. Horrek, gaur egun oraindik mantentzen den defizit estrukturala sortu du.
“Urtean 600.000 etxebizitza berri sustatzetik 80.000 izatera igaro dira. Datu hori etxebizitza unitate berrien sorrerarekin alderatzen badugu –Espainiako Estatuan urtero 200.000 dira egun–, desoreka handia ikusten da. Etxebizitza berriaren ikaragarrizko defizita dago. Izan ere, Espainian egiten diren etxebizitzen salerosketa-transakzioen %80-90 artean bigarren eskuko etxebizitzak dira”.
Prezioen arteko deskonexioa
Calvoren azterketak gazteen egoera ekonomikoaren eta etxebizitzaren merkatuaren arteko desoreka nabarmena erakusten du. Bere datuen arabera, 29 urtetik beherako gazteen soldatak “hazkunde naturala” izan dute azken hamarkadan. 2015ean urteko soldata garbia 11.000 euro ingurukoa zen; gaur egun, berriz, 12.000 euro inguruan dago. Aldi berean, ordea, alokairuaren prezioak ia bikoiztu egin dira.
Horren ondorioz, egun gazte batek alokatutako etxebizitza batean bakarrik bizitzeko egin behar duen esfortzu ekonomikoa soldataren %100etik gorakoa da. Hau da, gazte askok hilabeteko diru-sarrera guztiak etxebizitzara bideratu beharko lituzkete soilik alokairua ordaintzeko. “Soldaten eta etxebizitzaren prezioen arteko deskonexioa erabatekoa da”, ohartarazi du Calvok. “Gazteok prestakuntza handia dugu, baina gaitasun ekonomiko oso txikia. Denbora kontua da prekaritate hori etxebizitzaren ekonomiatik beste esparru ekonomiko batzuetara igarotzea”.
Ikerketaren arabera, egoera horrek ondorio zuzenak ditu gazteen bizi-proiektuetan: emantzipazioa atzeratzen da, aurrezteko gaitasuna murrizten da eta erabaki pertsonal garrantzitsuak —seme-alabak izatea, beste hiri batera joatea edo negozio propio bat abiatzea— gero eta gehiago atzeratzen dira. “Espainian, gaur egun, gazteak 30 urte ingururekin emantzipatzen dira batez beste; Europako batezbestekoa baino lau urte beranduago”.
“Gazteok prestakuntza handia dugu, baina gaitasun ekonomiko oso txikia. Denbora kontua da prekaritate hori etxebizitzaren ekonomiatik beste esparru ekonomiko batzuetara igarotzea”
Calvoren kalkuluen arabera, lehen etxebizitza erosteko gazte batek lau edo bost urteko soldata garbia aurreztu behar du. Ondorioz, “familiaren laguntza erabakigarria da etxebizitza erosteko aukera izateko. Gazteen arteko ondare-arrakala handitzeko arriskua dago”, dio. Gaur egun bankuek etxebizitzaren balioaren %80 inguru soilik finantzatzen dute. Erosleak aurretik aurreztu behar duen diru hori da oztopoa, ondoren, hipoteka baten hileko kuota alokairua baino merkeagoa izan liteke eta.
Bere lanean, Calvok ‘emantzipaziorako ekosistema’ kontzeptua darabil gaur egungo egoera azaltzeko. Gazte batek etxebizitza bat lortzeko aurkitzen duen ingurune ekonomiko eta sozial osoa definitzen du, eta ingurune hori gero eta gogorragoa da: alokairu eskaintza urria, prezioen igoera, abal gero eta handiagoak, kontratuen lehia bortitza eta kreditu murrizketak.
“Etxebizitza bat lortzeko lehia oso oldarkorra da. Berehala desagertzen diren iragarkiekin topo egiten dute, baldintza material zein ekonomiko ezinezkoekin eta etengabeko bonbardaketarekin. Lehia etengabekoa da eta ertz asko ditu”.

Etxebizitza sozialaren gabezia
Calvoren arabera, arazo nagusia ez da etxebizitza falta orokorra, etxebizitza eskuragarriaren gabezia baizik. “Ikerketen arabera, (Espainiako) Estatuak 1,5 milioi etxebizitza sozial gehiago beharko lituzke Europako batezbestekora hurbiltzeko. Alokairu horiek aurrezteko gaitasuna mantentzen laguntzeko bermea dira, etorkizunean pausoa eman eta etxebizitza bat erosi ahal izateko”.
Etxebizitza Legearen azken dekretuak eztabaida handia sortu du. Calvoren ustez, prezioen kontrolak lagungarriak izan daitezke gazteen emantzipazioa errazteko, baina baldintza batekin: araudia benetan eraginkorra izatea eta zorroztasunez aplikatzea.
“Egiturazko arazo bati aurre egiteko ezinbestekoa da etxebizitza berri eskuragarri gehiago sustatzea. Baita ere, kreditua lortzeko baldintzak samurtzea eta abal publikoak sortzea"
“Jabe batzuk beste merkatu batzuetara mugitzeko arriskua dago edo araudia saihesteko bideak bilatzea”, ohartarazi du. “Epe luzeko alokairuari eragiten dieten prezioak mugatzean, askok merkatu horretatik atera eta epe laburreko alokairura pasa dituzte alokairuan dituzten etxebizitzak”. Hala ere, bere ustez, prezioen erregulazio hutsa ez da nahikoa izango eskaintza handitzen ez bada. “Egiturazko arazo bati aurre egiteko ezinbestekoa da etxebizitza berri eskuragarri gehiago sustatzea. Baita ere, kreditua lortzeko baldintzak samurtzea eta abal publikoak sortzea, horiek eskuratzen laguntzeko. Gainerakoak aldi baterako irtenbideak baino ez dira izango".
Horretarako, lankidetza publiko-pribatua defendatzen du. Sustatzaile eta eraikitzaileekin akordioak egitea beharrezkotzat du, etxebizitza sozial gehiago eraikitzeko baina errentagarritasun ekonomikoa erabat galdu gabe.