"Independizatzea" ameskeria ote?

Euskal Herriko gazteak geroz eta beranduago emantzipatzen dira; ia 30 urterekin batez beste. Bizitzaren garestitzea eta lan baldintza eskasak dira gurasoen etxetik alde egiteko oztopo handienak, eta egiturazko arazoari aurre egiteko politikak eskatzen dituzte

Euskal Herrian 30 urtetan dago batezbesteko emantzipazio adina, Europan, aldiz, 26 urtetan | Argazkia: iStock
Euskal Herrian 30 urtetan dago batezbesteko emantzipazio adina, Europan, aldiz, 26 urtetan | Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 5a - 05:30

Emantzipazio hitza entzun eta gazteek elkarri begiratzen diote, arrotza egiten zaien zerbait balitz bezala. “Independizatzea” kontzeptua bota eta orduan hasten dira aieneka, “nahi bai, baino ezin”, “bikotearekin edo lagunekin izan beharko, bestela ezinezkoa...”, “oraindik ez dut horretan pentsatzen”, “27-28 urte ditudanean agian…” (ikusi bideoa artikulu amaieran)

 

Prezioek gora eta gora egiten duten mundu honetan, soldatek ez dute hala egiten, alderantziz; are gutxiago gazteen artean, non prekaritatea nabarmen hedatuta dagoen, eta lehen soldatak duin izatetik urrun ikusten duten euren burua. Ikasketak amaitu, eta lehenik, lana aurkitu behar, ondoren, lanean iraun, eta, azkenik, aurrezkia pilatu emantzipazio famatu horretara ailegatzeko. Zaila izaten da, ordea, lehen kontratu hori mugagabea izatea, aurrezteko marjina emango duen soldata irabaztea. Ohikoena zera izaten da: praktiketako kontratu batekin hastea, soldata eskasa duena eta epemuga jakin batekoa.

Hartara, ikasketak amaitu eta aurrezten hasterako igaro ohi dira zenbait urte. Zehazki 7-8 urte pasatzen dira (unibertsitatera doan ikasle baten kasuan) gurasoen etxetik alde egin arte, Euskal Herrian emantzipatzeko batezbesteko adina 30aren ingurumarian baitago. Hots, Europako batezbestekoa 26 urtetan dago. Hori gutxi balitz, gazte batek bere soldataren erdia baino gehiago bideratu behar du alokairuko etxebizitza ordaintzera, kasu askotan ehuneko hori 80raino igotzen delarik, eta Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, EAEn, 18 eta 34 urte arteko langile batek bakarrik emantzipatu nahi badu, hileko soldata garbiaren %64 erabili behar du hipotekaren lehen kuota ordaintzeko.

 

Asko eta ozen hitz egiten da etxebizitzaren krisiaz, eta ez da gutxiagorako, gizarteko adin kapa guztiei eragiten dien afera baita, baina gazteak dira horren aurrean kolektibo zaurgarrienetako bat. Elikagaiak ere orain hilabete baino garestiago supermerkatuan, gasolinaren prezioa gora eta gora… aurreztea ameskeria da askorentzat, gurasoen mendekotasun ekonomikotik ihes egitea utopia hutsa.

Gauzak horrela, errealitate garratz hau goxatzeko neurriak eska eta eska ari dira gizarte eragile, kolektibo eta mugimendu asko, eta erakunde publikoek abiarazi dituzte azken urteotan zenbait programa eta egitasmo. Artikulu honetan, laguntza horien berri eman nahi diegu EnpresaBIDEAko irakurle gazteenei. Oraindik horietaz jabetu ez badira, informazio hau lagungarri zaielakoan. Egiturazkoa den arazoari betirako soluzioa emango ez badiote ere, nolabaiteko arindua ekar diezaieke askori.

Emantzipa eta Gaztelagun

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteentzat Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako programa da Emantzipa. 25 eta 29 urte bitarteko pertsonen emantzipazioa bultzatzea du helburu, eta onuradunek hilean 300 euroko laguntza jasotzeko aukera dute alokairua edo hipoteka ordaintzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon beharra du eskatzaileak eta errentamendu kontratu baten titularra izan behar du. Diru-sarreren mugak urtero eguneratzen ditu Jaurlaritzak, baino gaur-gaurkoz urtean 3.000 eurotik gora eta 30.000 eurotik beherakoak dira. Zerga aitorpena beste pertsona batekin eginez gero, diru-sarreren gehiengoa urtean 36.500 eurokoa litzateke.

Gaztelagun alokairuaren ordainketan laguntzeko Alokabide sozietate publikoak sustatutako programa da, eta Emantzipa baino adin tarte zabalagoko gazteei eskaintzen dizkio dirulaguntzak, 18tik 35 urte bitartekoei.

Emantzipak 25 eta 29 urte bitarteko pertsonen emantzipazioa bultzatzea du helburu

Euskal Autonomia Erkidegoan sei hilabetez etenaldirik gabe egoitza izan behar dute eskatzaileek, eta, jakina, ezin dute etxebizitza horren jabe izan. Errentamendu-kontratuaren titularra izatea ere beharrezkoa da. Horrekin batera, onuradunen etxebizitzaren hileko errentak ezin du 800 euro baino garestiagoa izan Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Bilbo eta Donostiako “eremu metropolitanoan” nahiz 10.000 biztanletik gorako udalerrietan 750 eurotik beherako errentak onartzen ditu laguntzak. EAEko gainerako udalerrietan, aldiz, 675 eurotan jarri dute goiko muga.

Dirulaguntza banaka eskatuz gero, urteko diru-sarrerak 27.687 eurotik beherakoak eta 3.000 eurotik gorakoak izan behar dute. Familia-unitate modura eskatuta, 33.902 eurotik beherakoak eta 3.000 eurotik gorakoak, eta familia ugaria izanez gero, 36.163 eurotik beherakoak eta 3.000 eurotik gorakoak.

Nafarroan Emanzipa

Nafarroako Gobernuak Emanzipa programa abiatu zuen orain urte batzuk, gazteei alokairuaren ordainketan laguntzeko. Dirulaguntzaren kopurua hileko errentaren %50 izaten da, hileko 280 euroko mugarekin, eta betiere etxebizitzaren alokairua 700 euro baino gutxiagokoa bada.

23 eta 33 urteko gazteei zuzendutako laguntza da, eta urtean gutxienez 3.000 euroko diru-sarrerak eta gehienez 22.000 eurokoak izan behar dituzte. Pertsona batek baino gehiagok elkarrekin eskatuz gero, diru-sarrerak 33.000 eurorainokoak izan daitezke.

Emanzipaz gain, 35 urteko gazteek dirulaguntza bat jaso dezakete Nafarroako udalerri txikietan etxebizitza bat erosiz gero. Etxebizitza libre edo babestua izan daiteke, eta udalerriak 5.000 biztanle baino gutxiago izan behar ditu.

Iparraldean espekulazioa nagusi

Iparraldean etxebizitzaren egoera ere ez da batere samurra. Euskal Hirigune Elkargoak orain bi urte pasatxo eginiko ikerketa baten arabera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bizitegien %20 bigarren etxebizitzak dira, 45.000 etxebizitza hain zuzen, eta zenbait herritan erdiak ere badira. Turistifikazio handia eta etxebizitzaren espekulazio maila handiko lurraldea da egun Ipar Euskal Herria, eta tokiko gazteek oso zail dute etxebizitza duin batera sarbidea. Herrian Bizi plataformaren arabera, Iparraldeko etxebizitza guztien %6 hutsik dira urte osoan.

Gauzak horrela, Familien Laguntza Kutxak (CNAF) eskainitako dirulaguntzak jasotzen dituzte barnealdeko gazteen %65 inguruk.

Egiturazko arazoa

Gazte askok laguntza horiek baliatu dituzte “independizatzeko”, beste askok, ordea, ez dute aukerarik izan baldintzak betetzen ez dituztelako. Kexa handienetako bat errentaren kopurua izan ohi da. Dirulaguntza horiek mugak dituzte, Nafarroako Emanziparen kasuan, esaterako, laguntzak 700 euro azpiko errentei eskaintzen zaizkie, eta gazteek diote merkatuan alokairu gutxi direla prezio horren azpitik.

Laguntza horiek eta beren baldintzek ageriko uzten dute emantzipatzeko zailtasunak egiturazko arazo direla. Gazteak geroz eta beranduago eta geroz eta baldintza okerragoetan alde egiten dute euren haurtzaro eta nerabezaroko gotorlekutik. Azken urteotan gora eta gora doa emantzipatzeko batez besteko adina, eta epe laburrean ez dago joeraren aldaketa zantzurik. Laguntzak behar dira, baina beste gauza askok ere aldatu behar dute. Etxebizitzen prezioak behera eta soldatek gora egin beharko lukete, besteak beste. Ez dirudi halakorik gertatuko denik.