
Europako Batzordeak eurogunerako zituen aurreikuspenak hobetu ditu. Iazko azaroan ekonomia %0,3 haziko zela iragarri zuen Bruselak, baina, orain, %0,9 haziko dela iragarri du, azken aurreikuspenak baino sei hamarren gehiago. 2024rako, %1,5 haztea espero du. Gauzak horrela, oraingoz atzeraldirik ez dela izango iragarri du. Europar Batasuneko herrialdeak kontuan hartuta, hazkunde aurreikuspen hori %0,8koa da aurtengorako, eta %1,6koa 2024rako.
Era berean, inflazioak ere pixkanaka behera egingo du, urtea amaitzerako %5,6ra jaitsiz eurogunean eta %6,4ra Europar Batasunean.
Hasiera bateko aurreikuspen aldaketa gehienbat energia prezioen beherakadari lotuta dagoela adierazi du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak, baina baita kontsumoaren jaitsierari, merkatuaren dibertsifikazioari, eta baita ohi baino eguraldi epelagoa egin izanari ere.
Herrialdez herrialde banatuta, Irlandan espero da ekonomia hazkunderik handiena, %4,9, Espainian %1,4ko hazkundea espero da, eta Alemania izango da Europako batezbestekoaren azpitik geratuko den herrialdeetako bat, soilik %0,2ko igoera espero baita bertan.