Euroguneko inflazioa %6,1era jaitsi da maiatzean

Luxenburgo, Belgika eta Espainia dira presio txikiena jasan duten euroguneko hiru herrialdeak

Europako Banku Zentralak hurrengo bileran interes tasak beste 25 puntu igotzea espero da | Argazkia: iStock Europako Banku Zentralak hurrengo bileran interes tasak beste 25 puntu igotzea espero da | Argazkia: iStock

Euroguneko inflazioak beherakada nabarmena izan du maiatzean, eta horrek Europako Banku Zentralaren (EBZ) gaineko presioa ere murriztu egin du interes tasak igotzen jarraitzeari lotuta. Kontsumorako prezioen indizea %6,1era jaitsi da amaitu berri den hilean, apirilean baino 9 hamarren gutxiago, %7koa baitzen orduan. Batez ere energiaren jaitsierari eta elikagaien neurritasunari esker egin du behera inflazioak, Eurostat Europako estatistika erakundeak ostegun honetan argitaratutako hasierako estimazioaren arabera.

Espero baino jaitsiera azkarragoa da, euroguneko zeinbait ekonomistak %6,3ko inflazioa espero baitzuten. Hala ere, tasak EBZk ezarritako %2ko helburua hirukoizten du oraindik.

Azpiko inflazioak ere, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak, beherazko joerari eutsi dio bigarren hilabetez jarraian. Apirileko %5,6tik %5,3ra jaitsi da. Adierazle hori ere funtsezkoa da Christine Lagardek zuzentzen duen erakundearentzat interes tasei buruz erabakitzerako garaian.

Euroguneko KPIaren osagai nagusiak aztertuz gero, elikagaiak dira azken urtean gehien igo diren faktoreak (hala ere, apirilean %13,5 izatetik maiatzean %12,5 izatera igaro dira). Bigarren postuan, industriako produktu ez-energetikoak daude (apirileko %6,2tik %5,8ra jaitsita), ondoren zerbitzuak ( %5,2tik %5era jaitsita) eta energia (apirilean %2,4 eta maiatzean -%1,7).

Apirileko %3,8ko inflaziotik maiatzean %2,9ra jaitsi ondoren, Espainia da prezioen presio txikiena duen EBko hirugarren herrialdea, Luxenburgoren (%2) eta Belgikaren (%2,7) atzetik.

Sailkapenaren kontrako muturrean daude Eslovakia eta Letonia (%12,3), Estonia (%11,2) eta Lituania (%10,7).

Euroguneko gainerako herrialde handietan ere inflazioa nabarmen murriztu da maiatzean. Alemanian apirilean %7,6 izatetik %6,3 izatera jaitsi da maiatzean; Frantzian 9 hamarren jaitsi da, %6ra; eta Italian izan da jaitsierarik txikiena (%8,7tik %8,1era).

Inflazioak behera egin duen arren, analista gehienek espero dute EBZk berriro beste 25 puntu igoko dituela interes-tasak ekainaren 15eko bileran, tasa orokorra %4ra iritsi arte. Eta uztailaren 27an udako etenaldia baino lehen egingo duten azken bileran ere beste hainbesteko igoera egongo dela uste dute. Orain zalantza da Lagardek orduan geldialdia egingo ote duen ala interes tasak igotzen jarraituko duen uda ostean ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK