• EKONOMIA
  • Euroguneko inflazioa uste baino gehiago apaldu da ekainean: %2,8raino

Euroguneko inflazioa uste baino gehiago apaldu da ekainean: %2,8raino

EBZk interes tasak igo eta aste gutxira, euroguneko inflazioren gorakada eten egin da. Analistek %3ko inflazioa espero zuten

Christine Lagarde EBZren bilera batean | Argazkia: EBZ
Christine Lagarde EBZren bilera batean | Argazkia: EBZ
2026ko uztailaren 1a - 13:09
Eg. 2026ko uztailaren 1a - 16:45

Eurostatek aurreratuko datuen arabera, euroguneko inflazioa %2,8an kokatu da ekainean. Merkatuko analistek esperotako baino gehiago beheratu da diruaren prezioa, %3ko aurreikuspena egin baitzuten. Lau hilabeteteko gorakada eten du ekaineko inflazioak, eta EBZk interes tasak igotzen hasi eta aste batzuetara jazo da beherakada.

 

EBZk hiru urtetan lehen aldiz igo zituen tasak azken bileran, Ekialde Hurbileko gatazkak hauspotutako inflazioari aurre egin nahian. Inflazioa %2an mantentzea du helburu finantza erakundeak, eta otsailetik maiatzera bitartean %2aren inguru-marian egotetik %3,2ra igaro zen. Inflazioaren goraka etenda, merkatuek espero dute interes tasen igoerarik ez izatea Christine Lagarde buru duen erakundearen hurrengo bileretan.

Azpiko inflazioak ere, elikagai freskoak eta energia prezioak aintzat hartzen ez dituenak, bi hamarren egin du behera azken hilabetean, eta %2,4ean kokatu da.

 

Europako bi potentzia handienetan jaitsi da inflazioa: Frantzian %2an kokatu da eta Alemanian %2,4ean. Bi herrialdeok euroguneko BPGan duten pisuak agerian uzten du prezioen gaineko presioa leuntzen has daitekeela.