
Muga-zergen mehatxuak AEB eta Europar Batasunaren arteko merkataritza gerrara eraman zezakeela zirudien. Aitzitik, akordio batera iritsi dira atzo Donald Trump AEBko presidentea eta Ursula von der Leyen Europar Batasuneko burua. Bigarrenak onartu egin du AEBra Europako produktuak esportatzeagatik gehiago ordaindu beharko dutela enpresek, zehazki, %15 gehiago, eta ez %30, hasiera baten Trumpek iragarri bezala. Portzentaje horrek autoei, erdieroaleei eta farmazia produktuei eragingo die. Zergatik salbuetsita geratuko dira hegazkin piezak, kimikagai batzuk, elikagaiak eta lehengaiak. Altzairuak eta aluminioak, aldiz, azken hilabeteetako %50eko tarifari eutsiko diote, beste herrialdeetan bezala.
Akordioan ez da soilik hitz egiten muga-zergez. Europak AEBko industrian egingo duen gastuari buruzko zenbait xehetasun biltzen dira. Energia alorrean 638.000 milioi euroko erosketa egingo die kontinente zaharrak amerikarrei, eta hala, Errusiatik kontsumitzen den energiaren ordez, AEBko gas eta erregaietara joko du hemendik aurrera. Trumpen hitzetan, gainera, arma kopuru "ikaragarria" erosiko die Europak.
Lortutakoarekin konforme agertu dira Antonio Costa Europar Kontseiluko aholkularia eta Friedrich Merz Alemaniako kantzillerra. Lehenaren ustez, "elkarlanerako aukera zabaltzen du, Europako Batasunaren interesak babesten ditu eta enpresen segurtasuna ziurtatzen du", eta bigarrenaren hitzetan "merkataritza gatazka saihestu" da. Herbeheretako lehen ministroa izan da muga-zergak ez ipinintzeko nahiari eutsi diona.