• EKONOMIA
  • Proiektu bat film bilakatzeko hitzordua

Proiektu bat film bilakatzeko hitzordua

15 urte bete ditu Donostiako Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak. Ikus-entzunezko proiektuak film bilakatzeko prozesuan ezinbesteko hitzordua bilakatu da ekoiztetxe askorentzat

Alexandra Latishev (zuzendaria) eta Federico Montero (ekoizlea), iaz Sirenas filmarekin izan ziren koprodukzio foroan | Argazkia: Pablo Cifuentes / Donostiako Zinemaldia
Alexandra Latishev (zuzendaria) eta Federico Montero (ekoizlea), iaz Sirenas filmarekin izan ziren koprodukzio foroan | Argazkia: Pablo Cifuentes / Donostiako Zinemaldia
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 18a - 05:30

Bide luzea egin beharra du film batek zinema pantailetara iritsi ahal izateko. Gidoia, finantzaketa, aktoreen hautaketa, grabaketa, muntaketa… ikus-entzunezko baten produkzio prozesuak urteak iraun ohi ditu azken helmugara ailegatzen denerako. Bide horretan, edozeinetan bezala, bidelagunak topatzeak aurrerabidea erraztu lezake. Proiektuan inbertituko duen bazkide bat, gidoilari fin bat, aktore berezi bat edo ekoizle bat ondoan izateak film bilakatzeko aukera emango dio hasierako ideia bati.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Halako bidelagunak topatzeko aukera izan daitezke koprodukzio foroak, eta Donostiako Zinemaldiak badu berea: Europa-Latinoamerika Koprodukzio foroa. Ikus-entzunezko proiektuen garapena bultzatu, profesionalen arteko lankidetza sustatu eta nazioarteko merkatu berrietarako sarrera erraztea du helburu topaketa honek, zeinetan Europako eta Hego Amerikako fikziozko eta ez fikziozko proiektuek parte har dezaketen.

“Foroaren helburu nagusia da bertan aurkeztutako proiektuak amaitu ahal izatea, proiektuetako lantaldeak Donostian dauden bitartean egiten dituzten hitzordu nahiz harremanak baliatuta. Gainera, proiektu horiek foroan hautatzeak ikusgarritasuna ematen die, nazioartekotzen laguntzeko”, azaldu dio EnpresaBIDEAri Donostiako Zinemaldiko Industria sailak.

 

Donostiako Zinemaldiko Industria saila: “Foroaren helburu nagusia da bertan aurkeztutako proiektuak amaitu ahal izatea, proiektuetako lantaldeak Donostian dauden bitartean egiten dituzten hitzordu nahiz harremanak baliatuta"

Foroa 2012ko edizioan abiarazi zuten eta aurten 15 urte beteko ditu. Urte hauetan guztietan 230 bat proiektu aurkeztu dira, eta horietako ia erdiak (114) film bilakatu dira, Donostia, Locarno, Berlin, Venezia, Cannes, Rotterdam edota Sundanceko jaialdietan lehiatzera iristeraino. Besteak beste, forotik igaro dira Berlinaleko Zilarrezko Hartza epaimahaiaren saria irabazi zuen Iván Funden El mensaje, Laura Casabéren La virgen de la Tosquera, Daniel Hendleren Un cabo suelto edota Asier Altunaren Karmele.

Proiektu euskal-mexikar bat

Karmeleren historiak eta gidoiak, hiru herrialderen arteko balizko koprodukzio batekin amets egitera bultzatzen gintuzten elementuak zituen, Euskal Herria bazkide nagusi gisa, herrialde latinoamerikar baten eta Frantziaren laguntzarekin. Hiru herrialdeetan filmatzea, lurralde bakoitzeko talentua eta taldea batzea eta hiru aldeko finantzaketa sendoa osatzea genuen helburu”, gogoratu du Marian Fernandez Txintxua Films ekoiztetxeko arduradunak.

Plana, ordea, ez zen espero bezala atera. Pandemiak Euskal Herritik ateratzea eragotzi baitzion proiektuari, eta bestelako arazo ekonomikoak tarteko, azkenean, filmaren ekoizpena ez zen nazioartera atera, ez Hego Amerikara, ez Frantziara. 

Marian Fernandez ( Txintxua Films): “Bazkide, ekoizle edota salmenta agente posibleekin konektatuko dugu, eta beste koprodukzioak zertan diren ikusi ahal izango dugu”

Aurten Mexikoko ekoiztetxe batekin batera Este es el recuerdo que me gustaría tener de mamá izeneko proiektua esku artean duela azalduko da Txintxua Films koprodukzio forora. “Kasu honetan, proiektuaren logika erabat desberdina da. Istorioa erabat mexikarra da eta bertan filmatuko da osorik. Hemen koproduktore laguntzaile gara, proiektuarekin harreman oso estua dugularik, hasiera-hasieratik gidoilariarekin eta zuzendariarekin eskuz esku lan egiten baitugu, euskal-mexikarrak baitira. Proiektua garapen fase aurreratuan dago, eta helburua da 2028an filmatzeko finantzaketa osatzea. Foroak, zalantzarik gabe, lagunduko digu bide honetan”, azaldu du Fernandezek.

Kozinatzen ari diren proiektu berria industriari plazaratzea izango du helburu filmak irailaren 21etik 23ra bitartean. “Bazkide, ekoizle edota salmenta agente posibleekin konektatuko dugu, eta beste koprodukzioak zertan diren ikusi ahal izango dugu”, argitu du Txintxua Filmseko kideak.

Finantzaketaren %20 bermatuta

Ekoiztetxe txiki eta zinemagile independenteek halako foroak probestu beharra dute beren proiektuei bultzada emateko. “Zinema industriako eragileei beren proiektua aurkezteko aukera dute, aldez aurretik grabatutako pitchingen eta idatzizko informazioaren bidez. Gainera, beren proiektuetan parte hartu nahi duten profesionalekin hitzorduen agenda pertsonalizatua izan dezakete”, azaldu du Zinemaldiko Industria sailak.

Baina, zehazki, zein baldintza mota bete behar ditu proiektu batek Europa-Latinoamerika koprodukzio foroan parte hartu ahal izateko? Bada, filmek 60 minutuko iraupena izan behar dute gutxienez, bere finantzaketaren %20 ziurtatuta behar dute, eta Europako proiektuen kasuan, lotura zuzena izan behar dute Latinoamerikarekin: hau da, bertako ekoizle baten inplikazioa, filmaketaren kokalekuak, aktore protagonistak edo gidoietako gaiak Hego Amerika izan behar dute oinarri.

Donostiako Zinemaldiko Industria saila: “Zinema industriako eragileei beren proiektua aurkezteko aukera dute, aldez aurretik grabatutako pitchingen eta idatzizko informazioaren bidez"

Gutxieneko baldintza horiek beteta, Zinemaldiko lantaldeak hautatzen du zein proiektuk parte hartuko duten foroan, eta horretarako, ikus-entzunezko horien kalitatea eta bideragarritasuna dituzte irizpide nagusi. “Kontuan hartzen da, halaber, proiektuak aukeratzerakoan, hainbat gai, aurrekontu eta talde hasiberri eta esperientzia gehiagokoen arteko konbinazioa egotea”, argitu dute.

73 Edi 2025 09 22 ID 1404729 SSIFF f PC(1)
Jose Luis Rebordinos, 'Papa no es punk' film proiektuko zuzendari eta ekoizleekin, iazko edizioko foroan | Argazkia: Pablo Cifuentes / Zinemaldia

Zinema independentearentzat ezinbesteko igarobidea

Galbahea ez da edonolakoa. Aurten 289 aurkeztu dira forora, eta bertan parte hartzeko 15 hautatu ditu Zinemaldiak. Maria Rondonen Buscando a Sam (Peru – Venezuela – Mexiko), Ignacio Acconcia Gonzalezen Cara Sucia (Argentina – Espainia), Santiago Lozaren Diario Inconsciente (Argentina – Uruguay) edo arestian aipatutako Este es el recuerdo que me gustaria tener de mamá, Ernesto Martinez Buciok zuzenduko lukeena.

Urtez urte geroz eta proiektu gehiago aurkeztu dira forora, eta horrela, filmen koprodukzioa sustatzeko ezinbesteko hitzordu bilakatu da Hego Amerikako film askorentzat. Euskal ekoiztetxeentzat, era berean, aukera aproposa da Argentina, Brasil, Venezuela edota Kolonbiako zinema industriara hurbildu eta proiektu berriak sortzeko.

Marian Fernandez (Txintxua Films): “Gaur egun, oso zaila da egile-zinema independentea ekoiztea koprodukzio eta garapen foroetatik igaro gabe"

Gauzak horrela, foroaren baitan, proiektu onenaren saria ematen da urtero, eta aurten, 15. urteurrena izanik, 30.000 euroraino handitu dute sari haren dirulaguntza. Proiektuaren ekoizle nagusiak jasoko du diru hori. DALE! Sariaren bidez, bestalde, 10.000 euro jasoko ditu proiektu irabazlearen ekoizle nagusiak, eta Artekino International Award jasoko duenak 6.000 euro eskuratuko ditu.

Casa Wabi-Escine Saria ere emango da, zeinak bost asteko egonaldia eskaintzen duen Casa Wabi izeneko etxean, Mexikoko Puerto Escondido hirian, Ikusmira Berriak programan edo Europa-Amerika Latina Koprodukzio Foroan hautatutako zuzendari baten lehen edo bigarren film luzea garatzeko.

Tanta Saria, azkenik, 5.000 euro gordinekoa izango da, eta proiektu irabazlearen enpresa ekoizle nagusiak jasoko du.

Gainera, Zinemaldiko foroari jarraipena emanez, eta Ventana Sur egitasmoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, Europako proiektu batzuek beren nazioarteko ibilbidearekin jarraitu ahal izango dute Montevideon (Uruguai) abenduan egingo den topaketan.

“Gaur egun, oso zaila da egile-zinema independentea ekoiztea koprodukzio eta garapen foroetatik igaro gabe", aitortu du Fernandezek. "Ezinbesteko tresna eta igarobidea bihurtu dira”, dio. Finantzaketa lortzea ez baita erraza izaten sortzaile gehienentzat. Bada, etorkizuneko film ederrak bidean gera ez daitezen eta Europa eta Latinoamerikako zinemak distira egin dezan jarrai beza foroak beste hamabost bat urte gutxienez egile eta ekoizleen arteko hitzorduak jartzen.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain