Europa zaharra pentsioei aurre egin ezinda

Pentsioen auziak Europa astindu du. Macronen erreformari kaleak emandako erantzunak sona handia izan du. Alemaniak eta Espainiak ere erreformak abian dituzte eta Portugal aurki ekingo dio aferari.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Zahartzen ari da Europa zaharra. Mitologia klasikoak Europa Agenor erregearen alaba zela azaldu zigun. Zeus jainkoa berarekin maitemindu eta zezen baten itxura hartuz bahitu egin zuen. Arteak mito horren berri sarri eman digu, maisuki. Oraingoan, ordea, bestelako kezka du Europak. Zeusek bahitutako gazte hori zahartu egin da eta demografia Europak eztabaida nagusien muinean kokatu da, eta badira kezkatzeko motiboak: bizi-itxaropenak 80 urteko langa gainditu zuen 2021ean (77,6 2001ean) eta jaiotze-tasa, ordea, beherantz doa. Ondorioak gero eta agerikoagoak dira gure gizartean: langile falta gero eta sektore gehiagotan, kontsumo azturen aldaketa eta, batez ere, pentsio sistemen jasangarritasunaren inguruko kezka. Oso ezberdina zen testuinguru demografikoan sortu ziren Europako pentsio sistema gehienak eta, aldeak alde, estatu gehienek heldu diote erreformaren erronkari.

Europako Batzordeak (EB) ere jomugan ditu erretreten erreformak eta hala adierazi die behin baino gehiagotan kide diren estatuei. Zenbait kasutan, baina, adierazi baino, mehatxu ere egin die. Horrela, 2008ko mundu mailako finantza krisitik eratorritako zor publikoaren krisiak astindutako herrialdeek  finantza erreskatea jaso ahal izateko EBk, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen zuten  "Troikari" men egin behar izan zioten eta hainbat erreforma burutu, pentsioena besteak beste: Greziak pentsioak % 12 murriztu zituen eta Espainiak erretreten eguneratzeko kalkulua aldatu zuen. Garai horretako erreforma gehienek erretiro adina luzatzea ekarri zuten, 67 urtera hurbilduz. Gaur egun estatuen finantza egoera bestelakoa bada ere, pentsioen jasangarritasunarekiko kezkak oraindik dirau.

Europak mehatxua luzatu die Belgika eta Espainiari: Next Generation funtsak jasotzeko pentsioen erreformari heldu behar diote

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko Next Generation funtsak onartu zituen Ursula von der Leyenek zuzentzen duen erakundeak, estatuek jasoko duten inoizko diru banaketarik handiena. Funtsak jasotzeko, baina, gobernuek Batzordeak egindako gomendioak bete behar dituzte. Espainiar estatuaren kasuan pentsio sistemaren erreforma da funtsak jasotzeko gakoetako bat. 2022 bukatu aurretik onartu behar zuen Madrilek erreforma eta oraindik egiteko dauka. Astearte honetan Batzordeak mehatxua egin dio gobernuari, erreforma garaiz onartu ezean, isuna ezarriko diola. Belgikaren kasuan ere, erretiroen legearen erreforma burutu behar du Next Generation funtsak kobratzeko. Europak estatuen kontuak gainbegiratzen ditu baina ez du pentsio sistemen inguruko eskumenik. Ohitura eta tradizio ezberdinen batura da Europa eta aniztasun hori agerikoa da herrialdeen pentsio sistemak aztertzeko orduan. Ez du ematen, hortaz, epe laburrera Europako erretiro legeak bat egiteko aukerarik dagoen.

Kontu "nozionalak": gutxi baino sendo

Bi sistema nagusik arautzen dituzte pentsio sistemak Europar Batasunean: kontu "nozionalen" sistema eta banaketarena. Suedia, Letonia eta Polonian baino ez da erabiltzen kontu "nozional" edo birtualen sistema. Langile bakoitzaren kotizazioa bere izenean dagoen kontu "nozional" edo birtual batean sartzen du sistema honek. Beharginak diru hori lan bizitzaren zehar metatu egiten du eta erretiro adina heltzean hilero kobratuko duen pentsioaren kalkulua egiten da, bizi-itxaropenaren araberako kalkulua eginda.

 

Aldeko eta kontrako iritziak biltzen ditu sistema honek. Langileak badaki kotizatutakoa jasoko duela eta ez unean uneko erreformek ezarritako formulen arabera. Sistemak, baina, gizarte arrakalak zabaltzeko arriskua du. Hala kontratu txarrak izandako langile batek pentsio baxuagoa kobratuko du, banaketa sisteman ez bezala. Badira ekitatearen aldetik sortu daitezkeen arazoak konpontzeko tresnak. Suedian, adibidez, estatuak ezarritako bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bermatzen ez duten pentsioak osatzeko "garantipension" izeneko ekarpena egiten du. Sistema publikoaren osagarri diren norbanako kapitalizazio pentsio plan pribatuen kontratazioa sustatzen du Suediak. Plan hauetan enpresek langileen ekarpenak osatzen dituzte.

Hegoaldeko estatuetan, pisu gehien 

 Europan, baina, banaketarena da hedatuen dagoen sistema, pentsiodunen erretretak lanean dauden beharginen kotizazioen bitartez ordaintzean dituena. Banaketa sistema honetan, hala ere, badira herrialdeen arteko aldeak, batez ere pentsioen zenbatekoari eta erretiroa hartzeko adinari dagokionez. Espainiako Bankuak Europako sistemak aztertu ditu urtarrilean eta badira alde nabariak herrialdeen artean.

 

Europako hegoaldeko dira pentsioei PBGren portzentaia altuena esleitzen duten herrialdeak, 2019ko datuei erreparatuta. Europak batez beste bere BPGren % 10,4 pentsioetan bideratzen du eta Grezia (% 16,1), Italia (% 15,9), Frantzia (% 14,7) , Portugal (% 13,7) eta Espainiak (% 12,7) gehiago bideratzen dute. Ekialdeko herrialdeek batez bestea baino gutxiago bideratzen dute eta Malta (% 6,2) eta Irlanda ( % 5) dira gutxien bideratzen dutenak. Txostenak agerian uzten du pentsiodunen kopuruari gainerako estatuek baino maila baxuago duela, eta horrek pentsioen gastua murriztea dakarrela. Honen arrazoia erretreta osoa kobratzeko kotizatu beharreko urte kopuruan datza, estatuan altuagoa izanik. 

Hegoaldeko estatuek Europak baino BPGren portzentaia handiagoa bideratzen dute pentsioak ordaintzeko

Erretiroa hartzeko adina atzeratzea dute helburu Europan onartu dituzten azken erreformak. Ekialdeko herrialde gehienek adina 65 urtera luzatzeko neurriak hartu dituzte eta Portugalek 66 urtera. Alemaniak, Herbehereek, Espainiak, Belgikak eta Irlandak, aldiz, 67 urtera. Espainiar estatuan 2027. urtetik aurrera 38 urte eta erdi baino gutxiago kotizatu dutenak 67 urterekin hartu ahal izango dute erretiroa zenbateko osoa eskuratzeko.  Frantziar estatua, Suediarekin batera, izan da salbuespena, orain arte, 62 urterekin. Macronen gobernuak, baina, adina 65 urtera atzeratu nahi du 2030erako. Lan bizitzetan ere aldeak nabariak dira Europako herrialdeen artean. Iparraldeko herrialdeetako langileak dira urte gehien lan egiten dutenak eta hegoaldeek, salbuespenak salbuespen, gutxien. Europako batez bestekoa 35,9 urtekoa bada, Danimarkan, Herbehereetan eta Suedian 40 eta 42 urtez egiten dute lan eta Grezian eta Italian 33 inguru. Frantziar eta espainiar estatuetan batez beste 35,4 urtez egiten dute lan beharginek. 

Alde nabariak ordezkapen tasan

Europako batez besteko pentsioa 1.023,36 eurokoa izan zen 2018an baina estatuen arteko aldeak oso nabariak dira. Hala Portugalen 702 eurokoa izan zen, Grezian 825 €, Italian 1.274 €, Alemanian 1.085 €, Frantzian 1.250 € eta Espainian 1.133€. Hego Euskal Herriari dagokionez, EAEn 1.195 eurokoa izan zen eta Nafarroan 1.105 eurokoa. Deigarria da Alemaniaren kasua. Bertako BPG per capita Euskal Autonomia Erkidegokoa baino % 22,6 altuagoa izan arren, bertako batez besteko pentsioa % 9,2 txikiagoa da.

BPG per capita altuagoa izan arren Alemaniako batez besteko pentsioa Hego Euskal Herrikoa baino baxuagoa da

Erretiroa hartzean pentsioek jasotako pentsioa eta lanean jasotako azken soldata alderatzen du ordezkapen tasak. Datu honek batez besteko pentsioa baino argiago azaltzen du herrialde bakoitzean pentsioak duen garrantzia.  Hala, 2020ko datuei erreparatua, Europan pentsioak, batez beste, erretiroa hartu arreko soldataren % 67,6 suposatzen du. Ordezkapen tasan ere badira alde nabariak Europako herrialdeen artean. Irlandak, (% 39,9), Poloniak (% 36,5)  eta Lituaniak (% 30,7) dute ordezkapen tasarik baxuena. Alemania (% 52,9) Europako batez bestekoaren azpitik dago. Hegoaldeko herrialdeek, ordea, ordezkapen tasarik altuenak dutenak dira, Austriarekin batera: Portugalek % 90,3, Greziak % 83,6, Italiak % 81,7 eta Espainiak % 80,3. Frantziako ordezkapen tasa % 74,4koa da.

Demografia kezka iturri dute Europako gobernuek pentsioen aferari aurre egiteko orduan. Aldeak, baina, badira estatuen artean. Demografia eta egitura produktiboa oso bestelakoa zen garai batekoak dira egungo pentsio sistemak eta herrialde bakoitzaren historiaren oinordeko dira. Datuek agerian uzten dute iparraldeko herrialdeetan estatuaren babesa txikiagoa dela pentsio sistemei dagokionean eta norbanako plan pribatuen aldeko apustua nabaria dela. Hegoaldean, ordea, sistema publikoen garrantzia nabaria da. Europako ikuskaritza eta, batez ere, gizartearen onespena uztartzea lortuko beharko dute Frantzia, Italia edo Espainia bezalako estatuek. Erronka ez da erraza.

Informazio gehiago
Espainiako pentsio sistemaren erreforma: atzerakontua hasi da
Erretreten erreformaren aurkako bigarren protesta eguna Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan
Erretiroaren legea Frantziako estatuan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK