Espainiako pentsio sistemaren erreforma: atzerakontua hasi da

Pentsioen erreformari buruzko akordioa urtea bukatu aurretik adostu nahi du Espainiako gobernuak. Hala agindu zion Europako Batzorderi. Atzo eragile sozialekin bildu zen, baina oraindik hainbat gako daude lotzeke.

Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa

Luze joko du Espainiako pentsio sistemaren erreformak. Hala aurreikusi zuen Pedro Sanchezen gobernuak 2013ko pentsio sistema erreformatzeko asmoa aurreikusi zuen. Jose Luis Escrivá Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren esku utzi zuen patronalarekin eta sindikatuekin negoziatzeko ardura. Iraupen luzeko lasterketa gisa planteatu zuen ministroak erreforma, urratsez urrats burutu beharrekoa. Negoziazio mahaian afera asko ziren, konplexutasun handikoak eta erreformari zatika ekitea erabaki zuen. 2021eko uztailaren 1ean Gobernuak erreformaren lehen zatia adostu zuen Espainiako enpresaburuen elkarteen konfederazioekin (CEOE eta Cepyme), eta CCOO eta UGT sindikatuekin.

Erreformaren alderdirik korapilatsuenak negoziazioen hurrengo txandarako utzi zituzten, kotizazioen inguruko neurriak, besteak beste. Iaz patronalaren babesa oztopo handirik gabe lortu bazuen gobernuak, oraingoan ez du ematen adostasuna posible izango denik. Erreformaren erritmo geldoak, baina, badu aurre egin beharreko oztopoa. Europak Espainiako pentsio sistemaren jasangarritasunarekiko kezka azaldu du, eta erreforma bideratu ezean Europako Next Generation suspertze funtsen dirua blokeatzeko mehatxua mahai gainean jarri du. Espainiako gobernuak erreforma urtea bukatu aurretik onartzeko konpromisoa azaldu du behin baino gehiagotan. Desadostasun maila ikusita, ordea, nekez beteko du helburua.

2021eko erreformaren gakoak: KPIa eta erretiro aurreratua

Gobernuak uztailean eragile sozialekin adostutako neurriak biltzen zituen legea onartu zuen Espainiako kongresuak 2021eko abenduan. Erreformak arautzen zuen pentsioak KPIaren arabera eguneratzea, azaroko urteko inflazioaren batezbestekoa aintzat hartuta. Erretiro adina atzeratzeko neurriak ere ezarri zituen. Langileak legez aurreikusitakoa baino lehenago jubilatzen zirela ikusita, erretiro adina luzatzeko neurriak abian jarri zituen. Helburua argia zen: langileek geroz eta urte gehiagotan kotizatzea pentsio sistemaren kutxan diru gehiago sartzeko. Hala, legearen berrikuntzetako bat izan zen koefiziente murriztaileena, pentsioaren zenbatekoaren murrizketa-ehunekoak, erretiroa aurreratzen den hilabeteen araberakoa. Pentsioaren oinarriari beharrean, pentsioaren zenbatekoari aplikatzea jasotzen du erreforma berriak, modu horretan erretiro aurreratuan jasotako zenbatekoa murriztuz.

Bestalde, jubilazioa borondatez luzatzeko pizgarriak handitu zituen erreformak. Horren ondorioz, erretiratzeko legezko adina bete arren, lan-bizitza luzatzeko pizgarriak hobetzen dira. Borondatezko erabakia da, hortaz, eta norberaren konturako nahiz besteren konturako langileek har dezakete. Urte gehiago lan egitearen truke, onura batzuk sortzen dituzte etorkizuneko pentsioari begira. Hiru aukera ematen die lege berriak: alde batetik, ohiko adina bete ondoren kotizatutako urte oso bakoitzeko % 4ko portzentaje gehigarria, pentsioaren zenbatekoa handituz; bestetik, kotizatutako urte bakoitzeko finkatutako diru-kopurua jasotzeko aukera ere badago, erretiro adinera iristean kotizatutako urteen araberakoa, 5.000 eurotik 12.000 eurora bitartekoa; azkenik, bi aukera horiek uztartzeko aukera ere jasotzen du legeak.

Jasangarritasun faktorea, bertan behera

2021eko erreformak 2013. urtean Mariano Rajoyren gobernuak onartutako jasangarritasun faktorea ezeztatu zuen. Pentsio berriak bizi-itxaropenaren arabera egokitzeko mekanismoa zen hura, pentsio berriak txikitzeko helburua zuena. Neurri horren ordezkoa izan den “belaunaldien arteko berdintasuna” bermatzeko sistema ezartzeko asmoa aipatu zuen Escrivá ministroak. 2022ko uda aurretik onartzea aurreikusten bazuen ere, adostasunik ez du lortu eragile sozialekin izandako negoziazioetan.

Autonomoen pentsioen inguruko akordioa, 2022an

Gobernuak pentsioen erreformaren negoziazioan urrats berria eman zuen 2022ko uztailean langile autonomoen ordezkariekin akordioa lortuz. Norbanako konturako langileek erregimen orokorreko langileek baino pentsio txikiagoak jasotzen dituzte gaur egun, 640 euro gutxiago batez beste, estatu mailan. Autonomoen kotizazio maila handitzeko eta benetako diru-sarreren mailarekin parekatzeko, gobernuak hamabost errendimendu-tarteren taula proposatu zuen, 230 eurotik 500 eurora bitarteko kuotekin 2023an; 225 eurotik 530 eurora 2024an; eta 200 eurotik 590 eurora 2025ean. Kotizazioak pixkanaka handitzea zuen helburu neurri berriak, kotizazio-oinarriak jasotzen dituzten benetako irabaziekin parekatzeko.

2021eko erreformaren ondorioak: gero eta beranduago jubilatzen dira langileak

Langileek erretiro hartzen zuen adina atzeratzea zuen helburu iazko erreformak. 2022ko urtarrilean indarrean sartu zen erreforma, eta arrakasta izan duela izan liteke. Hala erakusten du gobernuak argitaratutako Gizarte Segurantzaren Txosten Ekonomikoak. Hala, uztaila bitartean erretiro aurreratuek % 7,6 egin dute behera. Izan ere, azken hamarkadako datuekin alderatua % 37ra jaitsi da legezko adina baino lehenago jubilatzen direnen kopurua. Bestalde, erretiroa nahita atzeratzen dutenen kopuruak % 5 egin du gora. 2021. urteko koefiziente-murriztaileen aldaketaren ondorioa da eta erretiro adina erreala 64,8 urtera atzeratzea ekarri du, duela hamarkada bat baino urte bat gehiago.

Neurririk korapilatsuenak, oraindik adosteke

2022ko irailean ekin dio gobernuak negoziazioen azken txanpari. Erreformaren alderdirik korapilatsuenak dituzte hizpide gobernuak eta eragile sozialek: pentsio altuena pixkanaka igotzea, kotizazio oinarriaren goiko muga kendu eta pentsioaren zenbatekoaren kalkulurako aintzat hartu beharreko urte kopurua.

Irailean negoziazioak abiatu baziren ere, aurrerapausorik ez da egon. CEOEk kotizazioak igotzeari ezezko borobila eman dio. Jose Luis Escrivá ministroak enpresaburuen jarrera leuntze aldera kotizazio oinarriaren goiko muga aldatzearekin batera pentsio maximoaren zenbatekoa igotzea proposatu du. Horrela hurrengo hamarkadetan sistemaren diru sarrerak handituko lirateke. Urte horietan, ministroaren esanetan, pentsio sistemak arazorik handienak izan baititzake. Gizarte Segurantzaren kotizazioak lanbide-kategorietan sailkatzen dira, kategoria bakoitzak oinarri minimo eta maximo ezberdinak izanik. Langileek ordaintzen dituzten kotizazioak (kontingentzia komunetan) % 4,70ekoak dira eta enpresek % 23,60koak. Oinarri maximoak igotzeak enpresentzako kostu gehigarria ekarriko luke, eta enpresaburuen konfederazioak ezezko borobila eman dio.

Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko hartu beharreko kotizatutako urteen kalkula da Escrivá ministroak aldatu nahi duen beste alderdia. Ministroak kalkulurako epea bost urtez luzatzea proposatu du, 30 urtera, kotizazio baxuena duten bi urteak kenduta. Pentsioa kalkulatzeko kotizazio epea handitzean, ibilbide profesionalaren hasieratik gertuago dauden urteak hartzen dira kontuan, normalean soldatak baxuagoak diren urteak. Pentsio sistemaren azken erreformak epea 15 urtetik 25 urtera handitu zuen. Escrivák neurri honekin pentsioen zenbatekoa jaitsiko ez dela mantentzen du behin eta berriro, baina aurreko erreformarekin pentsioek % 5 egin zuten behera, Espainiako Bankuaren txosten baten arabera, epearen zabaltzearen ondorioz. Proposamenak ez du jaso eragile sozialen babesa, ez sindikatuena, ezta patronalena ere. Gobernu barruan ere desadostasuna nagusi da. Unidas Podemosek ezezkoa eman dio proposamenari, eta Yolanda Díaz presidenteordea eta Lan ministroak kontrako jarrera argia azaldu du.

Aurrerapausoak genero arrakalaren alorrean

Atzo eragile sozialekin izandako bileran gobernuak kalkulurako epea luzatzeko proposamenari eutsi zion, eragile sozialak kontra azalduz. Bilerak, baina, arlo jakin batean aurrera egiteko balio izan zuen. Genero arrakalari aurre egiteko neurriak aurkeztu zituen ministerioak. Amatasun-osagarria handitzea eta zaintzagatik lan egin gabeko aldietan kotizazioa hobetzea eskaini zuen atzo ministerioak. Sindikatuek aurrerapausotzat hartu zuten neurria, baina oraindik ez dute nahikotzat jo.

Informazio gehiago
Macronek pentsioen erreforma hilabetez atzeratu du eragileekin negoziatu ahal izateko
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK