Macronek pentsioen erreforma hilabetez atzeratu du eragileekin negoziatu ahal izateko

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Emmanuel Macron Frantziako presidentea

Pentsioen erreformarako legegaia beste behin atzeratu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ostegun honetan aurkeztekoa zuen Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak baina presidenteak hilabetez atzeratzea iragarri du, urtarrilaren 10ean. Erretiroaren legea moldatzeko nahia ez da berria. 2017 hauteskunde presidentzialetako Emmanuel Macronen kanpainako aldarri edo zutabe nagusietako bat izan zen. Agintaldi erdian, 2020an, hain zuzen, berau garatzeko saiakera egin zuen, baina izurriteagatik, lehenik atzeratu, eta gero, bertan behera utzi behar izan zuen presidenteak. Bigarren agintaldia hasi berritan, berriz ere gaia mahaigaineratu du Errepublikako presidenteak Borne lehen ministroaren gobernuaren eskutik. Aste honetan aurkeztu eta lege berria udararako indarrean nahi luke.

Legegaiak ez du babes handirik lortu, ez kalean ez parlamentuan. Sindikatuek erreformaren kontrako jarrera azaldu eta kalean mobilizazioak egiteko deia egin zuten. Asanblea Nazionalean ere arazoak izan ditzake Macronek, gehiengoa galduta. Lege proposamenarekin arazorik ez izateko iragarpena hilabetez atzeratzea erabaki du, sindikatu zein alderdiekin negoziazioak bideratu aldera, "gehiago eztabaidatzeko", Macronen hitzetan. Talde parlamentarioen arduradunekin negoziazioak berehala hasiko ditu Borne lehen ministroak, aste honetan bertan. Sindikatuekin biltzeko asmoa ere azaldu du, urtarrilaren 2ko astean.

Pentsioen erreformaren arrazoia edo argudioa sistema orekatzea da. Izan ere, COR Erretiroen Kontseilu Orokorren arabera, sistema egoera defizitarioan izan daiteke 2023an eta, gutxienez, 2030 erdira arte. Dena den, jada egin diren egokitzapenei esker, 2070ra arte BPGrekiko gastua orekatua eta egonkorra izango dela aurreikusten du. Hala ere, kontu orokorren defizita orekatu eta langile aktiboen portzentajea igotzea ere badago erreforma honen atzean.

Informazio gehiago
Erretiroaren legea Frantziako estatuan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK