Euskal Ekonomisten Elkargoak eginiko Ekonometroa 2025 azterlanaren arabera, inflazioa eta autonomia energetikoa dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomistak gehien kezkatzen dituzten gaiak. Elkargokideen %70k espero du prezio igoera txiki bat izango dela 2026an, eta horren aurrean, berrikuntza eta digitalizazioa bultzatu eta “Europako segurtasuna indartzea” gakotzat jo dituzte.
Euskal Ekonomisten Elkargoak 3.712 kide ditu egun, eta horien erantzunak jaso dituzte gaur Bilbon aurkeztutako txostenean. Ia %23rentzat prezioen igoera eta bizitzaren kostua dira kezkarik handienak. %19,5entzat, aldiz, industria eta energia sektorearen autonomia da egungo afera ekonomikorik kezkagarriena. Bi gai horien ostean datoz ekonomia eta enplegu-sorkuntza (%15), ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioa (%12), eta Europako Batasuneko defentsa eta segurtasuna (%9,5). Azken hori batez ere industria eta banku sektorearen kezka da.
Ardura horiei erreparatuta, elkargoak bere kideei galdetu die EAEk zein posizio izan beharko lukeen Europak defentsa industrian eginiko gastuaren gorakadaren aurrean. Bada, inkestatutako %36,5k uste du funtsezkoa dela kontinentearen estrategiarekin lerrokatzea, eta, hortaz, defentsan, zibersegurtasunean eta teknologian inbertsioa handitzearen alde egin behar dela erantzun dute. Hein horretan, inkestak nabarmendu du Europako defentsan inbertitzearen alde dauden gehienak gizonezkoak direla. Emakumeen kasuan, berrikuntza eta trantsizio energetikoaren alde egin behar dela diote gehienek.
Inkestatutako %36,5k uste du funtsezkoa dela kontinentearen estrategiarekin lerrokatzea, eta, hortaz, defentsan, zibersegurtasunean eta teknologian inbertsioa handitzearen alde egin behar dela erantzun dute
Iñaki Fernandez de Gamboa eta Noemi Peña elkargokideek eman dituzte inkestaren xehetasunak, eta azaldu dute ekonomistek “egiturazko konponbideak” nahi dituztela EAEko energia eta industria autonomia indartu ahal izateko. Inkestatutako %40k esan du azpiegitura jasangarrietan inbertitu beharra dagoela. Beste %23 batek (gazteenek batik bat) energia berriztagarriak eta trantsizio berdearen alde egin du, eta %18k dio energia-konexioak eta sektore estrategikoentzako laguntzak handitu behar direla.
Horrekin batera, ekonomisten %40 baino gehiagok iritzi dio digitalizazioak eta adimen artifizialak nolabaiteko "eragin orekatu bat" sortuko duela enpleguan. %37,4k, aldiz, uste du galera ekarriko duela lanpostuetan, eta %22,5ek lanpostu gehiago sortuko dituela. Gai horretan, 30 urtetik beherakoak dira ezkorrenak, erdiak baino gehiagok uste baitu AA enpleguak suntsitzen ari dela. Langabeen erdiak ere iritzi bera du.
Egoera pertsonala ona; orokorra, berriz, txarra
Ekonomisten egoera pertsonalari buruz galdetuta, gehienek (%54) uste dute egonkor mantendu dela 2025ean, eta %28k sumatu du hobekuntza. Aitzitik, aldea nabarmena da gizon eta emakumeen artean. Lehenak dezente baikorragoak dira, eta adina kontuan hartuta ere, 45 urtetik gorakoek egonkortasun pertzepzio handiagoa dute.
2026ari begira, %55,6k espero du bere egoera ekonomiko pertsonala ez aldatzea. Elkargoak, halaber, nabarmendu du baikortasuna dagoela 30 urterik beherakoen artean, %52,7k uste baitu aurten bere egoerak hobera egingo duela.
2025ean bezala, ziurgabetasunez beteriko urtea iragarri dute 2026rako, ekonomia eta enpleguarekiko ezkortasuna gailentzen ari baita
Erkidegoaren egoera ekonomikoari buruz galdetuta, %28,5ek dio lurraldeko ekonomiak hobera egin duela 2025ean. Ia %40ren aburuz, okerrera egin du, eta %31,8k, aldiz, 2024aren antzekoa izan dela dio. Hein horretan, ezkorrenak Araban (%53,8) eta Gipuzkoan (%50,1) dira.
Aurten, ordea, %43,6k uste du ekonomiak okerrera egingo duela, eta %22k, berriz, hobera. Inkestatutako %34ren arabera, 2025eko bilakaera bera izango du aurten ekonomiak.
%28,5ek dio lurraldeko ekonomiak hobera egin duela 2025ean. Ia %40ren aburuz, okerrera egin du, eta %31,8k, aldiz, 2024aren antzekoa izan dela dio
Hala, ekonomistek, 2025ean bezala, ziurgabetasunez beteriko urtea iragarri dute 2026rako, ekonomia eta enpleguarekiko ezkortasuna gailentzen ari baita. Fernandez de Gamboak eta Peñak azaldu dutenez, ekonomisten barruan eginiko eztabaidetan ondorioztatu dute egoera ekonomiko pertsonalari buruzko konfiantza “nahiko handia” dela, baina sentsazio horrek ez du bat egiten ekonomia orokorraren egoerarenarekin.
Langabezia eta aurrezkia
Langabeziari dagokionez, gehiengoak, %36,3k, uste du tasak egonkor jarraituko duela, %33,4k dio gora egingo duela eta %26k, berriz, behera. Soilik %3,4k erantzun du langabeziak nabarmen egingo duela gora. Hori bai, elkargoak ondorioztatu du “argi eta garbi” bereizten direla banakako egoeraren pertzepzioa eta langabeziaren aurrean zaurgarrienak direla uste duten beste kolektibo batzuena. Hots, hezkuntza maila baxuenak dutenak kezkatuago azaldu dira gai honi buruz galdetuta.
Gauzak horrela, gehiengo zabal batek, %72,7k, uste du 2026an aurrezkia pilatu ahal izango duela. Gizonak baikorragoak dira (%74,9), emakumeak baino (%69,4).
Hezkuntza maila baxuenak dutenak kezkatuago azaldu dira langabeziari buruz galdetuta
Euskal ekonomiari eragiten dioten lehiakortasun faktoreak aztertuta, gehienek soldata kostuak, energiaren prezioa eta presio fiskala nabarmendu dituzte. Faktore horien guztien gaineko kezka handitu egin da azken urtean, txostenaren arabera. Era berean, emakumeen artean finantzaketa arazoei lotutako kezkak areagotu dira, eta gazteen artean prestakuntza eta berrikuntzari buruzkoak.