• EKONOMIA
  • Euskal ekonomiaren argazki kritiko bat

Euskal ekonomiaren argazki kritiko bat

'Ekonomia Kritikoa Ekinean' izeneko udako ikastaroa antolatu du EHUk, eta kapitalismoak sortutako hainbat arazoren aurrean euskal ekonomiaren erronkak izan dituzte hizpide hainbat adituk, langabezia, desoreka soziala edota eraldaketa teknologikoa, besteak beste

Aurtengo edizioko hitzaldi bat | Argazkia: UIK
Aurtengo edizioko hitzaldi bat | Argazkia: UIK
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2023eko uztailaren 19a
Eg. 2024eko uztailaren 17a

Bizi dugun gizarte eredu kapitalistak sortzen dituen arazoen inguruan Ekonomia Kritikoa Ekinean izeneko udako ikastaroa antolatu du EHUk aste honetan. Ekonomiaren pentsamendu konbentzionaletik aldenduz edota ekuaziotik kanpo geratzen diren zenbait alderdi mahaigaineratuz, langabezia, desberdintasun soziala, zerga-politika, eraldaketa teknologikoa edota zaintzei buruzko ikuspegi kritikoa plazaratu dute hainbat adituk bi eguneko ikastaroan.

 

Susana Franco Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileak, Mikel Noval ELA sindikatuko Gizarte Politiketako arduradunak, Iñigo Calvo Deusto Business Schooleko irakasleak eta Nekane Jurado 1982 eta 2007 urteetan Eusko Jaurlaritzako Ekonomia saileko arduradun izan zenak tokiko ikuspegitik abiatuz aztertu dute euskal ekonomiaren egungo egoera, baita kapitalismoak ekonomiari sortzen dizkion erronkak ere. Halaber, euskal ekonomiaren indargune eta ahuleziak aipatzeaz gain, justizia soziala lortzeko nahiz jasangarritasuna areagotzeko politikak jorratzeko gure ekonomiaren gaitasunaz aritu dira eztabaidan.

Hainbat ikuspuntutatik jorratu dute hitzaldia solaskideek, bakoitzak euskal ekonomiaren alderdi jakin batetik abiatu eta ondorio bertsuetara ailegatuz, hala nola, euskal ekonomiaren lehiakortasuna, egungo egoera sozioekonomikoa, jasangarritasuna eta errentaren banaketa izan dituzte ildo nagusi.

 

Lehiakortasun ekonomikoaz harago

Orkestrako Susana Francok hartu du lehen hitza eta euskal ekonomiaren lehiakortasunari buruz galdetuta, faktore askoren baitako kontzeptua dela islatzearren futbol talde batekin egin du konparaketa: “lehiakortasun klasikoa emaitzekin lotuko genuke edo futbol talde batek dituen tituluekin, hau da, enpresa baten errentagarritasuna edota ekonomia bateko per capita errenta ala berrikuntza mailarekin. "Guretzat, ordea, eskualdean ongizatea sortzen duen edo ez da lehiakortasunak neurtu behar duena, hots, bizitzako gogobetetze maila, osasuna edota kalitatezko enplegua bermatzen duela aztertzen dugu”.

Futbolaren konparaketarekin jarraituz, ongizate hori lortzeko beharrezkoa den lehiakortasuna da nolabait txapelketa irabaztea, eta horretarako, jokalari onak, aurrekontu txukun bat, talde tekniko eta instalakuntza onak behar direla dio Francok. “Eskualdean dugun giza kapitala, nahiz kapital natural, fisiko eta soziala, finantzazioa eta ezagutza behar ditugu, eta hori aztertzen dugu gure indargune eta ahuleziak ezagutzeko”, betiere euskal ekonomiaren “egiturazko testuingurua” ezagututa, “ez baita berdina lehen edo bigarren mailan, ala gizonezko edo emakumezkoen futbolean aritzea”.

Susana Franco: eskualdean ongizatea sortzen duen edo ez da lehiakortasunak neurtu behar duena, hots, bizitzako gogobetetze maila, osasuna edota kalitatezko enplegua bermatzen duela aztertzen dugu”

Halaber, Orkestrako ikertzaileak azpimarra jarri nahi izan du euskal gizarteak izandako eraldaketa demografikoak lehiakortasun ikuspegi batetik dakarren erronkan, baita historikoki egitura industriala izan duen euskal ekonomiak zerbitzuetarantz hartutako norabideak izan duen eraginean ere.

Egoera sozioekonomikoaren argazki okerra

Iñigo Calvok Euskal Herriko egungo egoera sozioekonomikoaren inguruan egiten diren diagnostikoak zuzenak ez direla aldarrikatu du. “Euskal elkarrizketa publikoan tranpak egiten ditugu”, dio, “batez ere, eragile instituzional, mediatiko edota akademikoek”. Hain zuzen ere, Calvoren hitzetan, “baliokidetasun faltsuetan erortzen gara”. EAEn, esaterako, konparaketak Europako beste herrialdeekin egiten direla gogoratu du, baina “argazkian ondo ateratzen garenean soilik”, hau da, datu oneko adierazle jakin batzuetan. “Argazkian gaizki ateratzen garenean, berriz, Espainiako beste erkidegorekin erkatzen gara, hau da, bat-batean, fokua aldatzen dugu. Nolabaiteko konplazentzian erortzen gara, eta ez dugu benetako argazkia ateratzen”, kontatu du.

Industriaren eredua jarri du Deusto Business Schooleko irakasleak, eta Francok aipatu bezala, sektorearen beherazko joera nabarmendu du. “Manufaktura-industria BPGaren %21,7 da EAEn, eta %25,3 Nafarroan, beraz, oinarri industrial sendoa dugu, industriak soldata altuak ditu beste sektore batzuekin alderatuz, eta I+Gn inbertitzen duen sektorea da. Baina azken hamar urteetan galdu egin dugu oinarri hori”. Hala, Calvok esan du industriako langile kopurua 200.000ko langatik jaitsi dela jada, eta hortaz, “txanponaren bi aldeak ikustea” beharrezkoa dela.

Iñigo Calvo: ““Euskal elkarrizketa publikoan tranpak egiten ditugu eta baliokidetasun faltsuetan erortzen gara”

Diagnostiko okerraren beste eredu gisa I+Gn egiten den inbertsioa jarri du Calvok:  “Asko esaten da EAEko BPGaren %2,1 I+Gn inbertitzen dugula, eta egia da, baina inork ez du esaten Europako batez bestekoa %2,3 dela, eta eskualde aurreratuenetan %3, %4 eta %5. Hau da, Europako batez bestetik behera gaude”. Are gehiago, langabeziari ateratzen diogun fotoak ere angelu okerra du nonbait, "langabezia %8,7an dago, estatuaren azpitik (%13,2), baina Europako batez bestekotik gora gaude, %6 inguruan baitago, eta horri buruz ez du inork hitz egiten”.

Ildo beretik, langabezia-tasa Espainian baino baxuagoa izan arren, langabeek lana bilatzeko behar duten batez besteko denbora estatukoa baino altuagoa da EAEn. Bestela esanda, urte bat baino gehiago lan bila dauden pertsonen kopurua handiagoa da EAEn estatu mailan baino, “langabeziaren kronifikazioa”, hain zuzen, eta Calvoren esanetan, arazo sozial handia da.

Ekonomiaren garapena neurtzen al du BPGak?

Jasangarritasunaren esanahi ekonomiko hutsetik harago joan nahi izan du Nekane Juradok, eta kontzeptuaren alderdi soziala plazaratu du, azterketa sozioekonomiko orotan “ikusezina” den ikuspegia, hain justu ere. Pertsona bera azterketa ekonomiko guztietatik baztertua izan da, ekonomialariaren hitzetan, eta jasangarritasuna taxuz konprenitzeko kontzeptuaren oinarrizko definiziora jo du: etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, egungo beharrak asetzen dituen garapena.

Definizioko “garapena” kontzeptua ardatz harturik, Juradok ezbaian jarri du BPGak ekonomia baten garapena islatzen duela. Horretarako, 1968an Robert Kennedyk egindako adierazpen batzuk ekarri ditu gogora, non BPGak herrialde baten suntsipena neurtzen duela esan zuen, eta bizitzeko balio duen guztiaz salbu, BPGak gainerakoa neurtzen duela. “BPGaren konglomerazio osoa ikusten badugu, arma-ekoizpena edota psikofarmakoena ere bertan sartzen da. Produkzio horrek guztiak bizi kalitatea ematen al digu? Ekonomiaren garapena neurtzeko balio al du benetan BPGak?", galdetu du.

Hortaz, BPGa hazi arren, ekonomia bat benetan jasangarria izan dadin neurketak plano sozialera eramatea gako dela uste du Juradok: "ez dago jasangarritasunik ez badago berdintasunik”, eta plano sozialean egungo gizartearen gehiengoarentzat premiak, adimen artifiziala edo digitalizazioa baino, “aterpea, elikagaiak eta zaintza fisiko eta afektiboak” direla uste du. “Egungo premiak asetzeko oinarrizko baliabideetarako jasangarritasunik ez dugu”.

Nekane Jurado: “BPGaren konglomerazio osoa ikusten badugu, arma-ekoizpena edota psikofarmakoena ere bertan sartzen da, produkzio guzti horrek ematen al digu bizi kalitatea?

Merkatuaren nondik norakoak ere plazaratu nahi izan ditu Juradok, “langile pobreak” sortzen dituela kontatuz, eta aurreko bi solaskideen gisan industria sektoreari egin dio erreferentzia. "Egun BPGaren %22 da soilik. 1981ean %50 zen, eta orduan 400.000 langile zeuden industrian. Orain kopuru horren erdia baino gutxiagoz ari gara".

Askorako eman du bere hitzaldiak, pobrezia tasaren gorakadaz —bai Europan, eta baita Euskal Herrian ere—, eta batez ere, gazteengan izaten ari den eraginaz ere mintzatzeko astia izan baitu. “Eustaten arabera, 35 urtetik beherakoen %64 ez da independizatu, eta horrek beste argazki batekin lotzen gaitu: demografiaren sekulako desartikulazioa, eta jaiotze-tasaren beherakada nabarmenarekin”. Gazteek ez dituzte seme-alabak edukitzeko baldintza sozioekonomikoak, eta Juradoren arabera, lehen eraldaketa industrialetik, 1980ko hamarkadan, EAE jaiotze-tasak sekulako jaitsiera izan du: orain 40 urte baino 45.000 pertsona gehiago daude EAEn,eta %2,1 da hori; estatu espainiarreko batez bestekoa berriz %27koa da.

Errentaren banaketa desorekatua

Azkenik, diskurtso dominanteetan aipatzen ez den errenta edo aberastasunaren banaketa izan du hizpide Mikel Novalek, eta banaketa hori ematen dela dio, “geroz eta modu desorekatuagoan", gainera. “Enpresen etekina areagotzen ari dira nabarmen; 2021ean, %13 igo ziren eta iaz %21,1. Aurtengo Ibex 35eko datuek ere goranzko joera eusten dutela adierazten dute”.

Mikel Noval:"Erosahalmena murriztu egin da, elikagaien prezioek gora egin dute, baita interes tipoek ere. Iaz baino 300 euro gehiago ordaintzen ari gara aurten hipotekak

Enpresa-mozkinak areagotzen diren bitartean, langile-klasearen eta gizartearen gehiengoaren pobretze bat dagoela dio Novalek. "Erosahalmena murriztu egin da, elikagaien prezioek gora egin dute, baita interes tasek ere. Iaz baino 300 euro gehiago ordaintzen ari gara aurten hipotekak. Hori indar korrelazio jakin bat dagoelako gertatzen da eta gehiengoaren interesak botere ekonomikoaren menpe daude". Halaber, langileak prekarizazio egoeran dauden bitartean, enpresen interesekin gutxiengo baten onurak bilatzen direla kontatu du ELAko Gizarte Politiketako arduradunak.