• EKONOMIA
  • Euskal Finantzen Aliantza, enpleguaren azterketa eta artistei laguntzak protagonistak aurrekontuetan

Euskal Finantzen Aliantza, enpleguaren azterketa eta artistei laguntzak protagonistak aurrekontuetan

Ogasun eta Finantza saila, Lehendakaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren txanda izan zen atzo

Ekonomia, Lana eta Enplegu sailaren Ogasun eta Aurrekontu Batzordea, atzo | Argazkia: Irekia
Ekonomia, Lana eta Enplegu sailaren Ogasun eta Aurrekontu Batzordea, atzo | Argazkia: Irekia
2025eko azaroaren 4a - 10:58

Atzotik eta ostegunera bitarte, Eusko Jaurlaritzak 2026rako eginiko aurrekontu proiektua xehetzen arituko dira askotariko sailak. Hori egiten lehena izan da Noël D'Anjou Finantza eta Ogasun sailburua. Aurrekontuek "ongizatea, jasangarritasuna eta inbertsio eraldatzailea" lehenetsi dutela azpimarratu zuen D'Anjouk. Aurreko astean iragarri bezala, 2026ko aurrekontua 16.378 milioi eurokoa izango da denera. Hor aintzat hartu behar da aurrekontu-proiektu arruntari 935 milioi euro gehitu zaizkiola, Euskal Finantza Aliantzarako bideratu direnak. Horretatik gehiena Jaurlaritzak jarri badu ere, ekarpen pribatuak ere aintzat hartu behar dira. 

 

Guztizko kopuru horretatik Ogasun eta Finantza sailarentzat izango dira. Partidarik garrantzitsuena Finantzen Euskal Institutura bideratuko da, denera 857 milioi euro, entitate horrek Jaurlaritzaren politika ekonomikoa helarazten egiten duen lana indartzeko. Zehazki, Euskadi Eraldatuz 2030 inbertsio plana abiarazi nahi dute 2026an, eta horren baitan apustu gakoa izango da Euskal Finantza Aliantza bera. 857 milioi horietatik 815 milioi horretarako izango dira, hain zuzen ere. 

Halaber, aurrekontuetan genero berdintasunaren irizpideak hobeto txertatu asmoz, 2025ko ekainean prozesua abiarazi du Jaurlaritzak, eta lanketa hori martxan jarri zenetik garatu diren lehen aurrekontuak dira. Prozesu horretan hainbat fase bereizi dira, eta lehena garatzen ari dira orain, 2028ra bitarte iraungo duena. 405.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango du, honela banatuta: 135.000 euro 2026an, eta gainerakoa 2027 eta 2028rako konpromiso-kredituetan.

 

Tokiko enpleguari bultzada

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailari dagokionez, 1.266,2 milioi euroko aurrekontua izango du denera, 2025ean baino %3,3 gehiago. Mikel Torres sailburuak adierazitakoaren arabera, Lanbidek 516 milioi euro kudeatuko ditu enplegu, prestakuntza, inklusio, kontratazioen sustapen eta enpresentzako zerbitzuak indartu ahal izateko. 688 milioi euro izango dira DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako, GGI Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreretarako, eta EGPO Etxebizitzarako Prestazio Osagarrirako. 

Hazkunde nabariena, baina, udalek enplegu eta tokiko garapenerako planak garatu ditzaten partidan egin da. 2025ean 1,2 milioi eurokoa izan zen aurrekontua; 2026an 5,4 milioi eurokoa izango da, 10.000 biztanletik gorako udalerrietara ere hedatu baita. Hala, enpleguaren tokiko dimentsioari bultzada eman nahi zaio, Enpleguari buruzko 15/2023 Legearen garapenean parte har dezaten.

Enpleguari loturiko azterlana egin nahi duela sailak, kalitate indizea ezarri eta absentismoaren zergatiak aztertzeko, lan baldintzak hobetu eta enplegu osasungarriagoa lortzeko asmoz

Aipatzekoa da enpleguari loturiko azterlana egin nahi duela sailak, kalitate indizea ezarri eta absentismoaren zergatiak aztertzeko, lan baldintzak hobetu eta enplegu osasungarriagoa lortzeko asmoz.  

Era berean, lan merkatuan eragiteko emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa azpimarratu du Torresek, eta partida jakinak iragarri ditu emakumeen ekintzailetzarako, soldata arrakalaren kontra bororkatzeko, lan arriskuen prebentzioan genero ikuspegia txertatzeko, eta berdintasun-formakuntzak antolatzeko. 

Euskarari bultzada, eta artistei emandako laguntzetan hazkundea

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren kasuan, aurrekontua 413,7 milioi eurokoa izango da, 2025ean baino %5,5 handiagoa. EAEko "gizartearen komunitate-sena, identitatea eta ongizatea" indartzea bilatuko dute, Ibone Bengoetxea sailburuak esandakoaren arabera. 

Partida nagusia Euskara eta hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzera bideratuko da, zehazki, 93,5 milioi euro (%6,1). 64,5 milioi euro HABEri esleituko zaizkio, ikaskuntzaren doakotasunean aurrera egiteko eta irakasleen baldintzak hobetzeko. Era berean, Jauzia Gara proiektua bultzatuko dute, euskararen erabilera soziala hainbat eremutan sustatzeko, eta LANera proiektuan %15 haziko da aurrekontua. Euskara esparru sozioekonomikoan sustatzea bilatzen duen proiektua da.  

Gehien haziko den partida, ordea, artistei eta sortzaileei laguntzekoa izango da: 50,5 milioi euro bideratuko dira horretara, 2025ean baino %10,7 gehiago. Horietatik 18,7 milioi euro balio-kate osoa indartzeko laguntzetara bideratuko da. Ildo horietatik, ikus-entzunezko sektorera bideratutako aurrekontuak %40 finantzaketa handiagoa izango du.

Ondare kulturalaren etorkizuna bultzatzeko 37,9 milioi euroko aurrekontua (+%5,4) izango du departamentuak, eta horietatik 300.000 euro bideratuko dira Ondare Digitalaren Laborategia sortzera, eta 180.000 euro eLiburutegia modernizatzera. Kulturaren Euskal Behatokia ere indartu nahi da bere 20. urteurrenean.

Azkenik kirola, jarduera fisiokoa eta ongizatea sustatzeko 14,9 milioi euro izango dira, tartean Ofizialtasun Agendarako —euskal selekzioen nazioarteko proiekzioa indartzeko—. Mugiment Ekintza Planerako, berriz, 830.000 euro. bideratuko dira, jarduera fisikoa osasunarekin eta ongizatearekin lotzeko.

Lehendakaritzatik apustu nagusia lankidetza eta elkartasuna

Lehendakaritzaren kasuan, %5,3 haziko ekarpena, denera 100,67 milioi eurora. Erdia baino gehiago, 55 milioi, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bideratuko dira. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak 16,63 milioi euroko aurrekontua izango du, Koordinazio eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiak 10,29 milioi eurokoa, eta Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiak 9,8 milioi eurokoa. Emakunderi esleituriko partida 8,18 milioi eurokoa da. 

Gaur beste lau sailen txanda izango da: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun saila; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saila; Hezkuntza saila; eta Segurtasun saila.