
“Batez ere entzutea” izan dela dio Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordeak Lanera programaren hasierako asmoa. “Gertuen daudenei entzun behar zaie, lan munduan, merkataritzan lan egiten duenari entzun behar zaio edozein politika martxan jartzeko, eta gure saiakera hortik etorri da”, gehitu du.
Programaren lehen fasea amaitutzat eman zuen Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak joan den uztailean. Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta behin entzute aldia amaituta, diagnostiko bat osatzeko garaia da orain, euskarak mundu sozioekonomikoan bizi duen egoera azaleratuko duena, hain zuzen. “Aurreneko fasea izan da entzutea, beharrak ikustea, gabeziak non dauden identifikatzea eta indarrak non jarri behar ditugun antzematea”, esan du sailburuordeak.
Euskal Autonomia Erkidegoa 25 bailaratan banatu eta bertako alkate, garapen agentzietako arduradun nahiz kuadrilletako ordezkariekin bildu da Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika saila. “Eskualdeko lau udalek jaso genuen bilera baterako deia ekainak 9rako, Irunen, Palmera Montero aretoan”, gogoratu du Joxe Luix Agirretxe Oarsoaldeako Garapen Agentziako euskara arduradunak. Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalerriak biltzen ditu agentziak, eta udalerri bakoitzak egitasmo propioak bultzatzen baditu ere, beste asko agentziak sustatzen ditu.
“Herri bakoitza euskara sustatzeko zertan dabilen jakin nahi zuten, batzuk eskualdeka dabiltza, beste batzuk herrika”, argitu du Agirretxek. Oarsoaldean Ola izeneko plana jarri zuten martxan 2003an, eskualdeko lan mundua euskalduntzeko programa. 50 langiletik gorako enpresei zuzendutako egitasmo horren bidez, euskara planak abiarazi zituzten, udalen finantzazioarekin. Asmoa zen urtez urte finantzazio publiko hori murriztuz enpresek bere gain hartzea euskara planen ezarpena. 2018ra arte iraun zuen, orduan ikusi baitzuten eskualdean enpresa txikiak zirela nagusi, eta beste norabide bat hartzea erabaki zuten.
Joxe Luix Agirretxe (Oarsoaldea): “Herri bakoitza euskara sustatzeko zertan dabilen jakin nahi zuten, batzuk eskualdeka dabiltza, beste batzuk herrika”
Ordutik sortu dira beste egitasmo batzuk. Oiartzunen Lanin jarri zuten martxan, esaterako. Pasaiaren kasuan, portu eremuko enpresekin batzorde bat eratu dute eta elkarrekin erabakitzen dute zein urrats eman daitezkeen euskararen egoera hobetzeko. Eskolatik Lanera egitasmoari esker, Lanbide Heziketa ikasleek praktikak euskaraz egiteko aukera dute. Eskualdean, aldiz, garapen agentzia gizarte erantzukizuneko gaiak lantzen hasi zela gogoratu du Agirretxek, euskararena barne hartuta, jakina. “Hortik hasi ginen, bi urtean behin Enpatikonomia jardunaldiak antolatzen eta, batez ere, lan munduko eragileak sentiberatzen. Geroztik eskualdean horretan gabiltza".
Negozio txikiak lehenetsita
Oso bestelakoa da Gorbeialdeako eskualdearen euskara egoera. Manex Agirre Arriolabengoak Gorbeialdeako kuadrillako euskara teknikariak ere Hizkuntza Politika Sailaren gonbidapena jaso zuen. Enpresetan euskara sustatzeko egitasmoei buruz galdetuta zera dio: “Gure kuadrilla landa-eremuan dago, eta, alde horretatik, ez dauka beste ingurune batzuek izan dezaketen enpresa-dentsitatea. Horregatik, herrietan zerbitzua ematen duten negozio txikiak lehenetsi izan ditugu betidanik: ostalaritza-zerbitzuak, merkataritza-establezimenduak, bestelako zerbitzuak…”
Sentsibilizazio-kanpainak, itzulpenetarako laguntzak eta aholkularitza ere eskaintzen dizkiete eskualdeko erakundeei. Dena den, Gorbeialdean badira enpresa handiagoak, eta baita enpresa-guneak ere. “Horiekin nola jardun pentsatzen hasiak gara, eta horixe izan daiteke gure hurrengo erronka”, zehaztu du.
Manex Agirre (Gorbeialdeako kuadrila): "Gure kuadrillak [...] ez dauka beste ingurune batzuek izan dezaketen enpresa-dentsitatea. Horregatik, herrietan zerbitzua ematen duten negozio txikiak lehenetsi izan ditugu betidanik"
Arabako bailaran azken urteotan euskara lan munduan sustatzeko ekimenak azaldu zituen bileran Agirrek, baita bestelako alderdi batzuk landu ere, hala nola turismo-estrategiek hizkuntzen kudeaketan duten inpaktua edota herritar berrientzako arreta-protokoloak.
Elkarlana Durangaldean
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gidatuta, Durangaldean Landue egitasmoa dute martxan, enpresek euskararen erabilera areagotzeko. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen esanetan, xede hirukoitza du: “Hizkuntza berdintasuna eta enpresen erantzukizun sozialari buruzko argudio bilduma eta jardunbide egokien informazioa helaraztea, haien egoeraren eta beharren berri jasotzea, eta hizkuntza kudeaketan aurrerapausoak eman nahi dituzten enpresei hizkuntza kudeaketa hobetzeko aholkularitza eta zerbitzu teknikoak eskaintzea”.
Bizkaiko udalerriaren kasuan, alkatea bera eta Paule Sanchez euskara eta kultura zinegotzia izan ziren Lanera egitasmoaren lehen faseko bileran. “Edozein arlotan, baita euskararen indarberritze eta normalizazio esparruan ere, ezinbestekoa da askotariko erakunde eta eragileren arteko elkar-ezagutze eta elkarlana”, nabarmendu du Elkoroiribek, eta gogoratu du euskararen normalizazioa “Euskal Herriak duen erronka partekatua” dela. Hartara, Jaurlaritzaren deia jasotakoan, “argi” izan zuten bileran parte hartu behar zutela.
Mireia Elkororibe (Durangoko alkatea): "Edozein arlotan, baita euskararen indarberritze eta normalizazio esparruan ere, ezinbestekoa da askotariko erakunde eta eragileren arteko elkar-ezagutze eta elkarlana”
Landuez gain, beste hainbat egitasmo egin dira Durangaldean. Besteak beste, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatutako Euskaraz barra-barra ekimenean ere hartzen du parte Durangoko Udalak. Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra; kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin. Era berean, saltokietako errotuluak eta web-orriak euskaratzeko dirulaguntzak eskaintzen ditu, eta Euskararen telefonoa izeneko ekimena du martxan: herriko merkataritza eta ostalaritza saltoki eta elkarteei laguntza ematen dielarik itzulpen laburrak egin eta hizkuntza-aholkularitza eskainita.
252 udalerri, errealitate anitzen diagnostikoa
Lehen fasearen erantzuna “oso-oso ona” izan da Aldasororen aburuz. “Oso gustura egon gara, jendeari gustatzen zaio beraiek dakiten horrekin aportazioak egitea”, azaldu du. Une honetan ahoz zein idatziz jasotako informazioaren azterketa egiten ari dira Hizkuntsa Politika Sailburuordetzatik, hura batu eta bigarren fasea abiarazteko, tokian-tokiko lanketa abiapuntu.
Lanerak bost fase izango ditu orotara eta 2026ra arte luzatuko da. Agirrek azpimarratu du “gizartean hain erabakiorra den” euskararen egoera sozioekonomikora zuzendutako proposamen, estrategia eta ekimenak “ongietorriak” izango direla Gorbeialdean. Arlo sozioekonomikoan eragitea “urgentziazkoa” dela iritzi dio Agirretxek, eta bileraren gonbidapenak sorpresaz harrapatu bazituen ere, itxaropenez dira hurrengo fasera begira: “Orain itxoiten ari gara, ea zer datorren beraien aldetik, diagnostikoren bat espero dugu. Guk gurean segituko dugu bitartean; eskualde mailan Enpatikonomiaren bosgarren edizioa egingo dugu”. Elkoroiribek ere positibotzat jo du Lanera egitasmoaren lehen hurbilpen hori, “elkarren berri izan eta elkarlanerako joko-zelaia zehaztu” dutelako.
Aitor Aldasoro: "Araba mendialdeko errealitateak edo Errenteriakoak ez du zerikusirik, ez hizkuntza, ez merkatu, ez industria ikuspegitik; orduan, ezin da manta batekin dena estali. Saiatu behar dugu manta pusketa eta kolore horiek ezberdin josten”
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 252 udalerriekin bildu da Hizkuntza Politika saila, eta orain diagnostiko partekatua ontzeko prozesuan murgilduta dago, ondorengo egitasmoak gauzatzen hasteko. Zehazki, diagnostiko hori prest izatean tokiko enpresekin, udalekin eta garapen agentziekin kontrastatzea da asmoa, ekarpenak jaso eta azken bertsioa egokitzat jo aurretik, egitasmoak ondoren bideratzeko.
Aldasorok zehaztu du eskualde bakoitzean egitasmo horiek hainbat modutara bideratu daitezkeela. “Tokian-tokiko formulak” zehaztuko dituzte. “Araba mendialdeko errealitateak edo Errenteriakoak ez du zerikusirik, ez hizkuntza, ez merkatu, ez industria ikuspegitik; orduan, ezin da manta batekin dena estali. Saiatu behar dugu manta pusketa eta kolore horiek ezberdin josten”, argitu du Aldasorok.
Diagnostikoaren lehen bertsioa prest izatean tokiko enpresekin, udalekin eta garapen agentziekin kontrastatzea da asmoa, ekarpenak jaso eta azken bertsioa egokitzat jo aurretik
Gauzak horrela, eskualdeetara zuzenduko diren egitasmo horiek Jaurlaritzaren hainbat sailetatik kudeatu ahal izango dira, eta ez soilik Hizkuntza Politika sailetik. “Espero dugu etorkizunera begira foro hau mantentzea eta edukiz hornitzea. Hau da, esperientziak partekatzeaz haratago, onuragarria izango litzateke guztiontzat foro eraginkorra izatea egitasmo komun sendoak aurrera eramateko”, dio Durangoko alkateak.
Gorbeialdian, Oarsoaldean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste zonaldeetan ikusminez jarraituko dute bigarren fasea. “Lan munduak, besteak beste, euskararen normalizazioan datozen urteetan izango duen garrantzia oso handia da. Hiztun aktiboak eta prestatuak behar ditugu ingurune horretan euskararen presentzia behingoz orokortzen joan dadin”, bukatu du Agirrek.