
Sei euskal komunikazio agentzia elkartu ziren lehen aldiz Aretxabaletan (Gipuzkoa) uztailaren 4ean, Markalariak izenburuko jardunaldian. Euskal Herriko komunikazio-agentzien artean topagune bat sortzea dute helburu sei agentziok: Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu. “Agentziotako jendea elkar ezagutzea nahi genuen lehen topaketa honetan. Horrez gain sektorearen gainean hausnartzea zen helburu nagusia. Eta Iratxe Reparazek sormenerako tarte bat eskaini zigun hitzaldi baten bitartez. Sektorearen gainean jardun ondoren, garrantzitsuenaz aritu ginen: Markalariak zertarako nahi dugun”, aipatu du Arteman agentziako Usoa Agirre Jauregik.
Markalariak euskaraz lan egiten duten komunikazio agentziak biltzen dituen komunitatea da. Honako helburuak ditu, besteak beste, topaketako kideen esanetan: gizarteari komunikazioaren balio estrategikoa eta sektorearen gaitasuna eskaintzea, egiteko modu onak azalduz eta aitortza sustatuz. Halaber, ezagutza elkarbanatzeko eta harrotasun profesionala lantzeko topagune inspiratzailea sortu nahi dute. Horrekin lotuta, talentua erakartzea eta belaunaldi berriei euskaraz sortzeko pizgarri eta eredu izan nahi dute. Azkenik, euskal komunitatetik sortzen diren komunikazio joeren bozgorailu bilakatzea dute xede.
“Topaketa egin baino lehen, bageneuzkan harremanak gure artean. Markak sortzean edo kanpainak egitean faktore garrantzitsua da euskara, hortaz, abiapuntua euskara izan zen. Hainbat hizkuntzetan aritzen gara, baina, nolabait esateko, euskararekin eta euskal kulturarekin konpromisoa dugun sei enpresa gara, eta sormen-prozesuak euskaratik abiatzen dira kasu guztietan”, adierazi du TaPuntu agentziako Mikel Olaiz Garmendiak.
Arestian aipatu gisa, Iratxe Reparazen hitzaldiarekin abiatu zuten topaketa. Bertan, haren inspirazio iturriez eta proiektuez aritu zen Reparaz, eta parte-hartzaileek hitzaldia aitzakiatzat hartuta, hausnarketari ekin zioten: mahai-inguruetan sektorearen oraina eta etorkizuna jorratu, ideiak partekatu, lankidetza-aukerak aztertu eta adimen artifizialaren erronkei buruzko iritziak elkarbanatu zituzten.
Usoa Agirre (Arteman): “Agentziotako jendea elkar ezagutzea nahi genuen lehen topaketa honetan. Horrez gain sektorearen gainean hausnartzea zen helburu nagusia"
Markalariak-eko kideek, halaber, gizarteari helarazi nahi diote komunikazioaren garrantzia, balio estrategikotzat jotzen baitute, “egiteko modu onak azalduz eta aitortza sustatuz”. Ildo horri tiraka, nabarmentzen dute etorkizunean badaudela heldu beharreko eginkizunak. “Diagnostikoaren fasean gaude, baina kasu batzuetan enpresa, erakunde zein enpresa txikietan ez dago argi komunikazioaren balio estrategikoa. Hori nabari daiteke, esaterako, norberak bere kabuz sortutako logotipo edo euskarrietan. Bestalde, kontratazio publikoak egiten direnean ez dago nahiko baloratuta. Hortaz, agentziok badugu hor egin beharreko lan pedagogikoa”, dio Olaizek. Profesionaltasuna eta eredugarritasuna bultzatzeko prozesu hori talde gisa egitea eraginkorragoa dela irizten diote ekimenaren bultzatzaileek.

Orobat, sektore oso lehiakorra izanik, agentzien artean gertatu daitezkeen urruntasunak ekidin nahi dituzte Markalariak-eko bultzatzaileek. Sektorearen jarduna oso zabala da, bezero eta produktu ezberdinak lantzen dituzten enpresa motak baitaude egun jardunean, eta agentzia oso espezializatuak sortu dira azken urteotan. Hortaz, ez dira ohikoak izaten ekimen bateratuak. Horrela bada, ekimenaren xede nagusia ez da izan xede komertziala. “Iruditzen zaigu gure sektorean oso txertatuta dagoela lehia eta konpetentzia. Eta bezeroak batenak edo bestearenak diren kontu hori guztia. Hori egon badago, baina elkarlanak ere badu balio handi bat. Eremu batzuetan batera lan egin nahi dugu. Esaterako, gure herriaren egoera kontutan hartuta, zer estrategia erabili hizkuntza ezberdinen erabilera bermatzeko. Edo adimen artifizialaren gaineko hausnarketa partekatu bat”, nabarmendu du Olaizek. Adimen artifizialaren auzia denon ahotan dago, eta areago halako sektorean. Zer da zilegi eta zer ez? Halako galderak erantzun beharko dituzte komunitate honetako kideek etorkizunean.
Mikel Olaiz (TaPuntu): “Iruditzen zaigu gure sektorean oso txertatuta dagoela lehia eta konpetentzia. Eta bezeroak batenak edo bestearenak diren kontu hori guztia. Hori egon badago, baina elkarlanak ere badu balio handi bat. Eremu batzuetan batera lan egin nahi dugu"
Topagunea irekia da eta etorkizunari begira, oporren ondoren, beste bilera bat egingo dute irailean, diagnosi fase horretatik aurrera jotzeko xedez. Komunitateak sektorean euskaraz lan egiten duten enpresa gehiago biltzea du helburu, sektorearen beharrei modu zabal eta eraginkorrean erantzun ahal izateko. Agirreren esanetan, “edozein euskal agentzia etorri daiteke gurera, eta motibazioa baldin badu parte hartu dezake”.