
Markalariak jardunaldian elkartu ziren pasa den ostiralean Aretxabaletan euskaraz lan egiten duten sei komunikazio-agentzia: Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu. Bertan, sektoreko profesionalen arteko ezagutzak partekatu zituzten, lankidetza sustatzea eta sektoreko erronkei elkarlanean aurre egitea helburu izanik. Espazio “inspiratzaile eta kolaboratiboa” izan zela baieztatu dute antolatzaileek.
Jardunaldiari hasiera Iratxe Reparazek eman zion, zeinak bere inspirazio iturri eta proiektuez hitz egin zuen. Mahai inguruak eman zion jarraipena ekitaldiari, non sektorearen oraina zein etorkizuna landu zen. Adimen Artifizialari buruzko hausnarketak ere partekatu zituzten, baita talentuaren erakarpenari eta euskararen erabileraren sustapenari buruzkoak ere.
Gaur egun sei komunikazio-agentziek osatzen duten Markalariak komunitateak helburu du etorkizunean enpresa gehiago biltzea, euskal komunitatetik gizarteari komunikazioaren balio estrategikoa eskaintzeko, ezagutza elkarbanatzeko eta “harrotasun profesionala lantzeko”.