Ostiral goizean enpresetako hizkuntzen kudeaketaz hausnartu zuten Zamudion, Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak antolatutako ekitaldian. ‘Etorkizuneko hizkuntza kudeaketa. Euskal enpresa 2035ean’ izenburupean egin zen saioa enpresa eta erakundeetako 50 ordezkari baino gehiagorekin, eta bi zatitan banatu zen goiza: lehenik, adituen mahai-ingurua izan zen, ‘2035 prospekzioa: soziodemografiatik, soziolinguistikatik eta teknologiatik’ izenekoa; jarraian, talde txikitan bildu ziren bertaratutako ordezkariak eta gaiaren gainean gogoetak partekatu zituzten.
Datu ugari eman zituen, besteak beste, mahai-inguruko parte-hartzaile izan zen Iñaki Martinez de Luna soziologoak. Azaldu zuenez, euskararen kale-bilakaera ez da beheranzkoa leku guztietan, baizik eta lurraldearen araberako joera du. Araban goranzko joera izan da azken urteetan, eta Bizkaian zein Nafarroan, aldiz, “bilakaera gora-beheratxua”. Soziologoak argi zuen euskararen gaitasunean igoera izan den arren, erabileran ez dela berdina gertatu, eta nabarmendu zuen euskara balio erantsi gisa ikustea komeni dela. “Enpresek aukera ederra dute eskaeraren aldetik ematen den estres linguistikoa arintzeko, euskarazko eskaintza begi-bistan jarriz”, azaldu zuen.
Era berean, de Lunak gogorarazi zuen etorkinak aukera izango direla eta ez arazo, eta baieztapena datuekin justifikatu zuen: Xabier Aierdi eta Pepe Oleagak eginiko ikerketaren arabera, etorkinen gehiengoarentzat euskarak ateak zabaltzen ditu eta haien seme-alabek euskara ikastea nahi izaten dute.
Usue Lorenz Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko teknikariak ere gogorarazi zuen lehiakortasunaren ikuspegitik euskarak zeregin handia duela, euskara lantaldean konfiantza sortzeko bereizgarria dela iritzi baitu.
Mahai-inguruko hirugarren partaideak, BRTAko Ezagutzaren transferentziaren zuzendari den Garbiñe Manterolak, teknologiak etorkizunean izango duen protagonismoa azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen bere aburuz teknologia euskararen aliatua izango dela. “Ditugun plataformatan euskara txertatzen ari gara, ahotsaren trataeran eta sintesian ere euskarak plaza irabazi du eta itzultzaile neuronalarekin aurrerapen ikaragarriak egin dira. Gaur egun egiten ari diren aurrerapen asko euskaraz ere badaude eta horrek hizkuntzaren presentzia handitzen laguntzen du”, gaineratu zuen. Etorkizunera begira erronka bat ere partekatu zuen Manterolak: hizkuntza detektatuta emozioak identifikatzeko gai den teknologia euskalduna lortzea, euskalkiak ere identifikatzeko gai dena.
Mahai-inguruaren ostean, talde txikitan bildu ziren bertaratutakoak eta “ondorio interesgarriak” partekatu zituzten. “Garbi geratu da etorkizuna eleaniztuna izango dela eta testuinguru eleaniztun horretan euskara presente egon dadin, elkarlanean aritzea funtsezkoa izango dela”, esan zuten antolatzaileek.