Iragarrita zegoen gisa berean gauzatu da. Hiru orduko lanuztera deituta zeuden gaur Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko langileak, eta sindikatuek jakinarazi dutenez, “7.000 langiletatik askok parte hartu dute” deialdian, Eusko Jaurlaritzak Donostian, Bilbon zein Gasteizen dituen egoitzen aurrean elkartuta.
Sindikatuek salatu dutenez, administrazio orokorreko langileek 16 urte daramatzate hitzarmena berritu gabe. Epe horretan, %20 inguruko erosahalmen-galera izan dutela adierazi dute. Era berean, nabarmendu dute beste sektore batzuetan lanaldia murriztu den arren, administrazio orokorrean ez dela halakorik gertatu azken 25 urteetan, eta adinarekin lotutako hainbat neurri murriztu egin direla.
ELAren arabera, Eusko Jaurlaritzak erretiro-prima guztiak kendu ditu langileentzat, eta langile laboralen kasuan, errelebo-kontratua eta erretiro partziala ere ezabatu ditu. Horren aurrean, sindikatuek eskatu dute hezkuntzan, justizian edo Ertzaintzan egin diren moduko hobekuntzak mahai gainean jartzea eta iraungita dagoen hitzarmena berritzea. Hala, langileen aldarrikapenen artean daude galdutako erosahalmena berreskuratzea, astean 32 orduko lanaldia ezartzea, erretiroarekin lotutako neurriak berreskuratzea, euskaraz lan egiteko eta herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko neurriak indartzea, kontziliazioa hobetzea eta lan-osasuneko baliabideak sendotzea.
Bestalde, sindikatuak ohartarazi du negoziazioetan aurrerapausorik ematen ez bada greba eta protesta dinamikak areagotzearen alde egingo duela.