Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria buru zela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeak Soldata Arrakala Murrizteko III. Plan Operatiboa aurkeztu du. Dokumentua irailean onartzea aurreikusten da, eta 2018an abiatutako soldata-arrakala murrizteko estrategiaren barruan garatutako hirugarren plana izango da. Estrategiaren helburua da 2030erako EAE Europako soldata-arrakala txikiena duten lurraldeen artean kokatzea.
Plan berria ebaluazio- eta diagnostiko-prozesu baten emaitza da, eta ia ehun neurri biltzen ditu. Neurri horiek datozen urteetan Eusko Jaurlaritzako sail guztiek aplikatu beharko dituzte. Gainera, lehen aldiz, sail guztiek ez ezik, Sailarteko Batzordean ordezkatuta dauden erakunde autonomoek eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoek ere parte hartuko dute planaren garapenean. Aurreko 2022-2025 aldiko planean zortzi sail baino ez zeuden inplikatuta.
Bileran azaldu denez, aurreko bi planek soldata-arrakala murrizten lagundu dute: 2016an %24koa izatetik 2023an %12koa izatera igaro da. Hala ere, nabarmendu dute Europako batez bestekoaren azpitik egon arren, arazoa ez dela desagertu. Era berean, gizarte- eta enpresa-sentsibilizazioa, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak bultzatu direla eta lan-ikuskaritza indartu dela adierazi da; horren ondorioz, 6.000 emakume baino gehiagoren lan-kontratuak hobetu dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta