Eusko Jaurlaritzak 2026ko lehen nominarekin batera ordainduko ditu 2025ari dagozkion %2,5eko soldata-igoeraren atzerapenak. Ogasun eta Finantza Sailak jakinarazi duenez, neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 90.000 langile publiko ingururi eragingo die, eta 150 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du.
Ordainsari-igoera hori joan den abenduaren 11n onartutako lege-dekretu baten ondorio da. Arau horrek lan-kontratuko langileentzat zein funtzionarioentzat 2025etik 2028ra bitartean %11ko soldata-igoera metatua aurreikusten du.
Atzerapenak urtarrilean ordainduko badira ere, oraindik ere Funtzio Pulikoko Ministerioak behin betiko soldata-taulak eguneratu beharko ditu. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak barneko lan tekniko eta administratiboak abiatu ditu prozesua bizkortzeko, ordainsarien eguneraketa ahalik eta azkarren gauzatzeko.
Aipatutako %2,5eko igoera estatuan adostutako marko zabalago baten parte da, zeinak igoera gehigarriak jasotzen dituen hurrengo urteetarako: %2 2026an, %4,5 2027an eta %2 2028an. Hala ere, Kongresuak onartutako neurriak 2025erako eta 2026rako soilik dira indarrean, Estatuko Aurrekontu Orokor berririk ez dagoelako. Horregatik, 2027 eta 2028ko igoerak urte bakoitzean aparte onartu beharko dira. Ogasun eta Finantza Sailak gogorarazi du neurri multzo horren helburua dela "azken urteetako soldata-higadura arintzea eta sektore publikoaren erosahalmena berreskuratzen laguntzea".