Espainiako Ministroen Kontseiluak 2025. urteari dagokion funtzionarioen soldata %2,5 igotzea aurreikusten duen errege lege-dekretua onartu du gaur. Hilabete honetan, Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioek urtarriletik gaur arteko atzeraeraginezko ordainketa jasoko dute, hau da, Espainiako Gobernuak 5.000 milioi euro inguru ordainduko ditu. Neurriak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko 235.000 langile publikoetan.
2026rako %1,5eko igoera ere onartu dute. Urte horretan, beste %0,5 igo liteke, urte osoko inflazioa %1,5 baino gehiagokoa bada.
Oscar Lopez Espainiako Gobernuko Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministroak nabarmendu du gaur onartutako igoerak pasa den astean sindikatuekin lortutako akordioaren parte direla. Bilera horretan, 2028ra bitartean %11ko igoera adostu zuten, UGT eta CSIF sindikatuekin. CCOO ere akordioarekin bat egiteko zen.
Lopezek zehaztu du autonomia erkidego bakoitzak, bertako sindikatu eta bestelako eragileekin adostuko duela soldata igoera horren ordainketa zein modutara egingo den.